Krisian osasun kontsumoa sustatzea «arduragabe» jo du eragile talde berri batek

Osakidetza eta esparru publikoa «blindatzeko» eskatu dio Osasunaren Aldeko Euskal Foroak Eusko Jaurlaritzari

Udazkenerako atxikimendu gehiago biltzea espero du atzo Bilbon aurkeztutako foroak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Osakidetza defendatzeko jaio gara, elkartasunerako bermea den aldetik». Osasun arloko sei elkarte profesionalek sortuta, Osasunaren Aldeko Euskal Foroa aurkeztu zuten atzo Bilbon. Osasun arloa unibertsala eta doakoa giza eskubidea dela gogorarazi beharra dagoela nabarmendu zuten, osasun sistema publikoaren aurkako erasoak gero eta ugariagoak direlakoan. Kritika gogorrak egin zituen Juan Luis Uria Osaldeko presidenteak: «Bizkaian bereziki, sektore batzuek ezin dute jasan zerbitzu publikoak unibertsalak eta doakoak izatea. Jendaurrean kritikatu nahi dugu osasun arloko sektore pribatuaren marketina, osasun arloko kontsumoa sustatzeagatik. Krisi garaian hori egitea arduragabea da».

Osaldek, Osatzenek, Medicus Mundik, Munduko Medikuek, Osasun Mentalaren Elkarteak eta EFEKEZE erizainen elkargoak sortu dute foroa, baina udazkenerako atxikimendu gehiago biltzea espero dute. Osasun egiturekin «negoziatuz» etekinak atera nahi dituzten «interes boteretsuen» gainean jarri du arreta talde berriak. Uriak ohartarazi du sektore pribatuaren marketin kanpaina horrek Osakidetzako eskaerak handitzea ekarriko lukeela, «batzuk premiarik gabeak». Hortik aterako lukete irabazia enpresek: «Eskariok esparru pribatura bideratuko lituzkete, kontzertu bidez».

Baina Osakidetza «hobea» dela baieztatu du foroak: «Ez dago sektore publikoa eta pribatua alderatzerik. Pribatuak egiten duen proba edo ebakuntza bakoitzeko, publikoak milaka egiten ditu. Osakidetzak hobeto egiten du».

Hori dela eta, Osakidetza «blindatzeko» eskatu dio taldeak Eusko Jaurlaritzari: «Ez dezala ustelkeriarik baimendu; adibidez, lan orduetan sektore pribatuan ebakuntzak egitea». Eta konpromiso hori alderdi politiko guztiei zabaldu die Uriak: osasun arloaren aldeko ituna sinatzea galdegin die, «Osakidetza ez dadin izan higatze politikorako tresna».

Halere, ez da oso kritiko jardun Iñigo Urkulluren gobernuarekin. Uriak ez du uste Osakidetzaren aurrekontuan egindako %2ko murrizketak «eragin handirik» izango duenik, «Espainiako Estatuko per capita inbertsiorik handiena mantenduko dugulako». Baina kezkatuta agertu da, besteak beste, Jaurlaritzak ez duelako 2013-2020 aldirako Osasun Plana onartu eta ez dagoelako Urkulluren lehentasunen artean. «Osasun publikoari buruzko euskal legea ere ez du onartu, beharrezkoak ez diren teknologiak eta botikak ez kontsumitzea planteatzen duen arren».

Lehen harrera «indartsua»

Baina kritikez gain, aldarrikapenak ere baditu foro berriak. Nagusia, osasunerako eskubidea, eta horren barruan, osasunari buruzko ikuspegi osoa. Ildo horretan, Osasun Mentalaren Elkarteko buru Iñaki Markezek esan du ez dagoela buru osasunik «oinarrizko beharrizanak ase ezean». EFEKEZEko presidente Blanca Saituak gaineratu du «familiek eta, batez ere, emakumeek egiten duten zaintza informala ikusarazi» behar dela eta ezin direla zaintzarako laguntzak alboratu: «Hemen gaudenok zaintza beharrizanak edukiko ditugu, baina ez dakigu nork zainduko gaituen».

Hain zuzen, Osakidetzaren funtzionamendua kronikoen beharretara egokitzen jarraitzea ere galdegin du foroak. Osatzen taldeko presidenteorde Monica Graciak lehen harrerarekin lotu du eskakizuna: «Osasun adierazle onenak dituzten herrialdeek lehen harrera zerbitzu indartsua daukate, eta osasun sistema eraginkorragoa dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.