Krisia sortu da Eusko Ikaskuntzan. Kontseilu Errektoreak marka eta egoitza erabiltzeko baimena ukatu dio Ipar Euskal Herriko egiturari azken hilabeteetan izan dituzten «gorabeherak» argitu bitartean. Ana Urkiza lehendakariak eta Iñaki Zabaleta idazkari nagusiak izenpetu duten dokumentu batean, ebatzi dute elkarteak bere jardunean erakutsi duen «noraezak» eta horrek sortu duen «ondoezak» elkartea «kinka larrian» utzi dutela bazkideen eta erakunde publikoen aurrean. «Egoera honek kalte handia egin dio Eusko Ikaskuntzaren erakunde irudiari, eta irudiarekin batera Eusko Ikaskuntzak dituen balio preziatuenei: bazkideen konfiantza, erakundearen sinesgarritasuna eta gizartearengandik 106 urtez jaso duen zilegitasuna», idatzi dute. Beharrezkotzat jo dute bi egituren artean elkarlanerako hitzarmen berri bat adostea, eta horretarako bilerak antolatuko dituztela erran dute.
Elkarte egitura du Eusko Ikaskuntzak Ipar Euskal Herrian, eta gobernantza arloko arazo larriak agertu dira azkenaldian. Claude Mehats lehendakariaren kudeaketa zalantzan jarri du administrazio kontseiluaren parte batek, eta elkarteak Baionan duen langileari «jazarpena» egitea leporatu diote. Nahasmena erabatekoa da. Hilabeteetan izandako tentsioen ondotik, urtarril bukaeran ezohiko administrazio kontseilu batera deitu zuten, eta Mehats kargutik kentzea erabaki zuten. Virgil Joseph-Alexandre da orain elkarteko lehendakaria. Haren izenean egin dute larunbat goiz honetako ezohiko biltzar nagusirako deialdia.
Bazkideei bidalitako gutunen bidez, ekintza horien balio legala ukatu du Mehatsek azken asteetan, eta iragarri du bere aldetik beste bilkura batera deituko duela, «egoera esplikatzeko».
Eusko Ikaskuntzak agiria bidali du larunbat goiz honetan Iparraldeko egituraren ezohiko biltzar nagusiaren berri emateko. Mehats dute Iparraldeko egiturako lehendakari legitimo gisa, eta deitoratu dute haren kargugabetzea administrazio kontseiluaren erdiak baizik erabaki zuela. «[Eusko Ikaskuntzak] Egoera bideratu eta argitu nahian, aholkularitza juridikoa eskatu du azken asteotan. Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren funtzionamenduaren inguruan irregulartasunak antzeman ditu, eta egiaztatu ahal izan du, halaber, Baionako egoitzaren erabilera ez dela egokia», adierazi dute. «Eusko Ikaskuntza urrats guztien jarraipen estua egiten dabil, egoera lehenbailehen bideratzeko asmoz. Hala ere, Euskal Herriko lurralde guztietan lan egiteko misioari leial jarraitzen dio, eta gaur egun martxan dituen mugaz gaindiko proiektuetan ez du eraginik izango».
Ipar Euskal Herriko elkartekoak biltzar nagusian bilduak zirela atera da Eusko Ikaskuntzaren agiria: «Mehatsen argudioak bere egiten ditu», adierazi dio Joseph-Alexandrek BERRIAri. Haren hitzetan, «biltzar nagusiaren balio juridikoa ukaezina da». Zuzendaritza kolegial bat osatzea zuten asmoa, baina, «egoera ikusirik», elkartearen estatutuak ez aldatzea erabaki dute. Bederatzi kideko zuzendaritza berria bozkatu dute, eta bazkideek babesa adierazi diote lehendakari berriari, konfiantza boto baten bidez. «Biltzar nagusiak berretsi du Hegoaldearekin lanean segitzeko borondatea, baina buruzagiak hautatzeko tenorean burujabe izateko nahikaria ere berretsi du. Frantziako Estatuaren legediaren pean gaude, 1901eko legearen araberako elkarte bat gara: elkarteko biltzar nagusia burujabea da, administrazio kontseiluak erabakitzen du eta lehendakariak jarduten du», Joseph-Alexandreren hitzetan. Hemendik aitzina Hegoaldeko egiturarekin elkarrizketak berriz abiatzeko borondatea agertu dute, egoera konpontzeko helburuarekin.
Artikulu hau publikatzerako, BERRIAk ez du Mehatsen ihardukitzerik lortu.
Sarraila aldaketa
Legitimitate gatazka eta legezko arazoa sortzen ditu egoerak. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren izenarekin eta logoarekin erregistratua da elkartea Pirinio Atlantikoetako prefeturan; ofizialki, Joseph-Alexandre da orain lehendakaria.
Baionako egoitzaren jabea hegoaldeko egitura da, baina iparraldeko elkarteak bertan du helbide legala, eta haren izenean ordaintzen dituzte ohiko gastuak. Ostiral goiz honetan elkarteko langilea Errobi bazterreko bulegora iritsi denean, sarraila aldatua aurkitu du. Orduan, Mehatsen mezu elektroniko bat jaso du, abisatzeko egoitza ez zegoela erabilgarri, eta telelanean aritu beharko zuela. Ondorioz, Joseph-Alexandrek sarrailagile bati dei egin dio; baina bulegora sartu direnean, langilearen laneko ordenagailua falta zirela ohartu dira. Egiteko molde horien legezkotasuna zalantzan jarri dute. «Jabe batek ezin du egoitzaren erabiltzailea horrela kanporatu», iritzi dio Joseph-Alexandrek.
Eusko Ikaskuntzak, berriz, sarraila apurtu eta egoitzara sartzea leporatu dio langileari. «Eusko Ikaskuntzak salaketa jarri du gertaera honen aurrean, eta egoera argitzeko behar diren legezko bideak hartuko ditu», adierazi dute agirian.
Ostiral arratsean BERRIAri egindako adierazpenetan, Joseph-Alexandrek «Hegoaldetik» jasotako erabakia gaitzetsi zuen jadanik. Honela idatzi die bazkideei helarazitako gutun batean: «Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko lankidetza ezin da xantaian edo indar harremanetan oinarritu. Elkarrenganako errespetuan eta gure berezitasunen aitorpenean oinarritu behar du». Ezohiko biltzar nagusia antolatzeko asmoa defendatu zuen. «Helburua da bazkideei boterea itzultzea, kudeaketan gardentasun handiagoa ematea, langilea babestea eta erakundea salbatzea». Hegoaldeko egiturarekin harremana berritzea izanen da ondoko lana.
Hilabeteetako gatazka
2023ko ekainean hautatu zuten Mehats Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzako lehendakari. Gobernantza arloko gorabehera batzuk gertatuak ziren jadanik, eta bestelako kudeaketa bat eramateko borondatearekin hartu zuen kargua. Ez da hala izan, Joseph-Alexandreren hitzetan. Administrazio kontseiluan izandako «disfuntzionamenduak» zerrendatu ditu: «Joan den abuztutik ez du bilerarik antolatu, eta hainbat erabaki berak bakarrik hartu ditu, botere guziak bereganatuz». Aipatu ditu, besteak beste, material informatikoaren erosketa, eta alternantzian ari den ikasle baten kontratazioa, biak ala biak «administrazio kontseilua abisatu gabe». Egoera horretaz gogaiturik, elkarteko diruzainak dimisioa eman zuen iazko irailean.
Baina langilearen kudeaketan eman du azpimarra Joseph-Alexandrek. Haren hitzetan, lehendakariak ez zituen bere ardurak betetzen, eta langilearen esku zegoen kudeaketa guzia: elkartearen animazioa, finantzaketa bilatzea, sari banaketen antolaketa, hautetsiekiko harremana, erakundearen ordezkaritza, kontabilitatea. Horrez gain, Mehatsek langileari «etengabeko presioa» egiten ziola erran du, «justifikaziorik gabe», haren lana «satisfagarria» baitzen. «Behin baino gehiagotan hartu behar izan ditu lan geldialdiak; larritasun psikologiko handian ikusi dugu; jazarpen morala izateko arriskua ikusi dugu», esplikatu du. Urkiza egoera horren jakitun dela baieztatu du.
Udazkenean, Ipar Euskal Herriko egiturari ematen dion finantzaketa behin-behinean etetea erabaki zuen Eusko Ikaskuntzak. Erabaki hori Mehatsek babestu eta sustatu zuela uste dute hura kargutik kendu zutenek. Azarotik ez dute hegoaldeko zuzendaritzarekin harremanik izan. Gaurko biltzar nagusitik aitzina egoerari konponbidea emateko bidea aurkitzea espero dute.