Krisia, denen ahotan

Ez dago adostasunik eragileen artean Nafarroako aldaketaren «garai kritikoaz». Geroa Baik espero du aldekoek «baturik» iraungo dutela

gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako aldaketa politikoaz EH Bilduk egindako ohartarazpenek gainerako eragileen erreakzioak piztu dituzte. Baina, berriro ere, ez dago adostasunik aldaketa sustatu nahi duten indarren balorazioetan. Batzuek onartzen dute aldaketa «garai kritikoan» dagoela, beste batzuek ukatzen dute hori, eta badaude EH Bilduri erekrisialdi horretan ardurak izatea leporatzen diotenak.

Geroa Baiko parlamentari Koldo Martinezek esan du «begien bistakoa» dela «krisia»badagoena, eta Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren egoera jarri du horren adibidetzat. Indar politiko horri eskatu dio talde parlamentario bakarra izaten jarraitzeko «ahalegina» egin dezatela, «izan ditzaketen desberdintasunen gainetik».

Baina EH Bilduk «Poliziaren indarraren erabileraz» egindako kritikak ez ditu Geroa Baik ontzat ematen. «Sinestezina da Bakartxo Ruizen moduan erkidego honen gobernuburu izan nahi duen batek gure Poliziaren jarduera horrela kritikatzea», esan du Martinezek. Geroa Bairen eledunaren iritziz, Foruzaingoa «neurriz eta modu arduratsu batez» aritu da azken asteetako protesten kontra. Edonola ere, Geroa Baik segitzen du «aldaketa eta programa hitzarmena» defendatzen, Martinezen esanetan, eta espero dute hura sustatzen duten indar politiko guztiek «baturik jarraitzea» horren inguruan agintaldia bukatu arte.

Ezkerrarentzat, aldiz, ez dago esaterik aldaketa «garai kritikoan» dagoela, nahiz eta onartzen duten bidean «zailtasunak» badaudela. «Koherenteak bagara, eta lehentasun sozialetan eta Nafarroaren aniztasunaren errespetuan oinarritzen bagara, aldaketa eskuinen frontea garaitzeko moduan dagoela pentsatzen dugu», esan du Ezkerra taldeko bozeramaile Jose Miguel Nuinek.

Nuinen ustez, aldaketaren aldeko indarrak «gehiengo parlamentario eta politikoak berresteko moduan» daude maiatzeko hauteskundeei begira. Horretarako, beharrezkoa da «koherentziaz eta zintzo» jokatzea. «Ezkerra ondo dago, indartsu, eta aldaketari ezkerretik gehitzeko gogoz», erantsi du.

Orain Baik, berriz, EH Bilduri kritika eginez erantzun die koalizioaren ohartarazpenei. Laura Perez parlamentariaren iritziz, EH Bilduk «itsu-itsuan jarraitzen die EAJren politika neoliberal eta desarrollistei» eta «kritikatzeaz aparte» ez du ezer egin Aroztegia, AHT abiadura handiko trena eta beste zenbait proiektu geldiarazteko, «ez gelditzea egiten uztea baita».

Perezek ukatu egin du Ahal Dugu-n krisia dagoela, eta EH Bilduri aholkatu dio, Ahal Dugu-ren barne aferetan sartu beharrean, «bere jendeari» azal diezaiola «zergatik ez dituzten horrelakoak gelditu». Perezen ustez, EH Bilduren jarrera ez da arduraz jokatzea, «amore ematea» baizik.

Nafarroako Parlamentuan gehiengoa galtzeari garrantzia kendu dio Perezek. «Horrek ez du aldaketa krisian jartzen», esan du, «gehiengoak galtzen direlako parlamentuaren atean egunero elkarretaratzeak daudenean edo Polizia grebalariei eta gazteei oldartzen zaienean».

Barkos: «Klasiko bat da»

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria ere mintzatu zen atzo EH Bilduk egindako ohartarazpenaz. Esan zuen hauteskundeak hurbil daudela, eta horrelakoetan «klasiko bat» dela, lau urtean «egonkortasun osoz» lanean aritu diren taldeak «terrenoa markatzen» hastea. Argitu zuen, hala ere, Ahal Dugu-ren eta Orain Bairen arteko krisiak «kezka» eragiten diola, zenbait lege aurrera ateratzea zaildu dezakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.