Europako Legebiltzarreko aulkia ofizialki gaur utzita —parlamentariek gaur dute txanda aldaketa—, politika laga egingo du Jaime Mayor Orejak (Donostia, 1951), kezkarekin utzi ere, Espainiako Estatua haustera doalakoan. «Independentismoaren erronkari nola egin aurre?», galdetu zion ABC-ko kazetariak orain bi urteko martxoan. «Prozesu hori geratzeko neurririk ez da», Mayor Orejak. Prozesua, PPko politikariaren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) gobernuburuaren aroan hasi zen (2004-2011), ETArekin hitz egiteagatik.
Mayor Orejak «alderantzizko prozesu bat» nahi zuen; «1997an jarri genuena bezalakoa». 1997: HBko Mahai Nazionala espetxeratu egin zuten, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako hauteskundeetako kanpainan ETAren Alternatiba Demokratikoa bideoa zabaltzeagatik. 1998: Egin egunkaria itxi zuen Espainiak. 2002: Alderdien Legea, eta ondorengo legez kanporatzeak eta baliogabetzeak. Eta abar.
Mayor Orejak ABC-n hura esan baino urte erdi bat lehenago, ETAk jakinarazi zuen bukatu zuela jarduera armatua. Ordea, «ETAren amaieran gaudela sinesteko tentazioa egon daiteke», zioen 2012ko elkarrizketan PPkoak, nahiz eta zortzi urte lehenago «ETAk hil egiten du, baina ez du gezurrik esaten» adierazi zuen. Alegia, dena ETA da leloarekin segitzen zuela. «ETA bataila irabaziz doa». Oposizioan zen PP.
Baina alderdia aurretik Espainiako Gobernuan (1996-2004) eta Mayor Oreja Barne ministro izandakoan (1996-2001), bestelako jarrera bat ere eduki zuten lehen urteetan. Ministroak, 1997ko abenduan: «Bukaera elkarrizketatua izango da, baldintzak betetzen direnean. Horrek esan nahiko luke pistolak uzteko zalantzarik gabeko borondatea izatea». 1998ko maiatzean, Jose Maria Aznar presidentea «eskuzabal» agertu zen: «Horrekin bakea lortzen bada, betiere armak uzten badituzte eta elkarbizitza demokratikoaren lege esparruak onartzen badituzte», eta 1999an hiru ordezkari bidali zituen Suitzara, ETArekin hitz egitera.
Hala ere, ETAk 1999ko abenduan su-etena bukatutzat eman zuenean, Mayor Orejak esan zuen PPren gobernua sekula ez zelaelkarrizketaren alde agertu. «ETA negoziazio politiko bilagobernuarengana hurbildu zenean, atea itxi genuen».
Elkarrizketa izan edo ez, alde egon edo kontra, ETAk 1996-1997 artean Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahitua izan zuenean, PPren gobernuak Euskal Herriko kartzelatara gerturatu zituen ia 50 euskal preso. «ETAk ezingo luke esan Barne Ministerioaren partetik itxikeriarik egon denik», justifikatu nahi izan zuen erabakia ministroak.
532 egunez bahitua izan ostean, Ortega Lara Guardia Zibilak askatu zuen, Arrasaten (Gipuzkoa). Justu gaur hamazazpi urte. Mayor Orejaren garaipenik handientzat jo izan da. Lau lagun atxilotu zituzten operazioan; Josu Uribetxebarria zen haietako bat. 2012ko abuztuan, gaixotasun larri bat zela-eta, Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzapean aske utzi zuen, baina Barne ministro ohia erabakiaren aurka azaldu zen, «horrelako keinuekin terroristak animatu egiten baitira». Erabaki politikotzat hartu zuen.
ETAren kontrako borrokan ikur gisa erabili zuen Ortega Lara. Bahitu ohiak PP utzi eta aurten beste batzuekin batera Vox sortutakoan ere ez du haren kontrako deus esan. «Terrorismoaren biktimek beti dute arrazoi. Zapateroren eta ETAren arteko negoziazioan zapaldu egin zituzten».
2008az geroztikako pisua
2008an PPk Espainiako hauteskundeak berriro galdu zituenean, alderdian krisi garrantzitsua izan zen, eta orduan utzi zuen Ortega Larak alderdia —1987tik zegoen—, «diferentzia ideologikoengatik». PPk kongresua egin zuen, eta Maria San Gil EAEko alderdiko burua zen txosten politikoa idazteko arduradunetakoa, baina bilkura baino lehenago iragarri zuen ez zituztela bere iritziak aintzat hartu eta ez zuela parte hartuko batzorde txostengilean. Arrazoia: haren ustez, Mariano Rajoy PPko presidenteak, zentroa irabazteko xedez, Euskal Herriko eta Kataluniako abertzaleekin harreman hobea nahi zuen, eta oker bat zen hori. Gainera, San Gilek zioenez, PPk ez zuen kontuan hartu Euskal Herriko «askatasun borroka». Politikoki, Mayor Orejaren «adoptatutako alaba» gisa ikusten du bere burua San Gilek, aitortu izan duenez, eta Mayor Orejak ere politikari kuttuna du hura. «Bildu boterean dago, eta San Gil, liburuetan. Kontraste beldurgarria da, miseria moral lazgarria».
Mayor Orejak geroztik ez du horrenbesteko pisurik eduki PPn, nahiz eta 2009an berriro hura izan Europako hauteskundeetan zerrendaburu. Alderdiko kide batzuek «aurpegi berriak, emakumeak, gazteak eta moderatuak» nahi zituzten, baina RajoykMayor Oreja jarri zuen Europarako buru. 2011 bukaeran Espainiako presidente hautatzean egin zuen gehiago bestelako soslaibatekoen —ez politiken— alde.
Europako politika ez da izan Mayor Orejaren pasioa. Zenbakiak lekuko: azkeneko legegintzaldian, 24 egitasmo aurkeztuta eta galdera bakarra eginda, parte hartzerik txikiena eduki duten hogei diputatuen artean izan da.Aurreneko legealdiko datuak ere, antzekoak —bi txosten eginzituen, eta haietako baten bozketan kontrako botoa eman zuen—.
Hark 2001ekoa izan zuen xede instituzional nagusia: Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza lortu nahi izan zuen —1984, 1990 eta 1994an ere lehendakarigai izan zen—. 2001ean, Lizarra-Garaziren bukaeraren ondotik, ezker abertzalea politikoki ahuldua zegoen, eta PP eta PSE-EEren baturarekin —Kursaalean Nicolas Redondorekin besarkada eman ostean—lehendakari bihurtzeko itxaropena zeukan Mayor Orejak. PPk ordura arteko boto gehien pilatu zuen hauteskunde haietan: 326.933 boto, hemeretzi legebiltzarkide. PSEk: 253.195 boto, hamahiru legebiltzarkide. Baina EAJ-EAk, Juan Jose Ibarretxe zela buru, emaitza historikoa erdietsi zuen: 604.222 boto, 33 aulki. Beraz, PP eta PSEk, 32; EAJ-EAk, 33. Gainera, Ibarretxek EBren —hiru aulki— babesa jaso zuen gero. EHk zazpi eskuratu zituen. 2004ko udararako, Europako Parlamentuan zen Mayor Oreja, Gasteizen Estatutu Politiko berria mamitzen ari zirela, eta, gainera, PPk Espainiako hauteskundeak galdu zituen 2004ko martxoan, M11ko atentatuak izan berritan.
Orduan izan zen azkeneko aldiz legebiltzarkide Gasteizen. Ez du ahaztekoa izango 2002ko Inuzente Egunaren bezpera: berandu ailegatu zen aurrekontu bozketara —bozkatzen ari zirenez, ateak itxita topatu zituen—, eta Ibarretxeren gobernua horretaz baliatu zen 2003ko kontuak aurrera ateratzeko: alde 36 boto jaso zituen, eta kontra, 35. Josu Urrutikoetxea eta Arnaldo Otegi (EH) ere ez ziren azaldu saiora: aurrenekoa ihes egina zegoen; bigarrena, gaixorik.
Europako Parlamentuan izan denetik, pronostiko asko egin ditu: adibidez, Otegi hurrena lehendakarigai ikusten du; Sortu legeztatuko zutela asmatu zuen; espetxe politikan aldaketak aurreikusten ditu.
«Balioen eztabaida» orain
Mayor Oreja badoa politikatik, ibilbide luze baten ondoren. PPtik eta espainiar eskuin esparrutik landa apenas estimatu duten. Aznarrek laudatu izan du asko, «Jaimek piztu zuelako, 2001ean, konstituzionalismoaren zuzia Euskal Herrian».
Frankismoa gaitzetsi gabe doa. «Zergatik deitoratu behar dut,familia askok bizi izan bazuten natural eta normal?». Haren arabera, frankismoan ez zen izan jazarpenik Euskal Herrian; garai «atsegina» izan zen.
Badoa, hortaz, eta aitortzen du «Espainia krisi nazional sakonean» dagoela. Baina baita «balioen krisian» ere, eta uste du horren ondorio direla «finantza eta ekonomia krisiak». «Kristau balioak» sustatzen segitu nahi du hark. «Europarlamentari gisa, lehen urteetan neure aurreko jarduerako gaiak atera nituen, baina, urteen poderioz, behar handiagoa sentitu izan dut balioen eztabaida handi horretara joateko». Azkeneko legealdian egin duen galdera bakarra kristautasunari buruzkoa izan da: eskoletatik kristau sinbologia kentzearen aurkakoa. Balioak eta Gizartea fundazio berriko presidentea da, eta aurreratu du haren bidez aztertuko duela «eztabaida kultural handi» hori.
Nahi badu, (Kataluniako) prozesu independentista ere hor izango du aztertzeko moduan.
«Krisi» betean doa Mayor Oreja
Ofizialki gaur europarlamentari izateari utzita, PPko kideak iragarri du politika lagako duela.ETAren aurkako borroka ez ezik, independentismoa izan du jomuga, baina aitortu du ez dutela lortu geratzerik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu