Tortura

Kriminologiaren Euskal Institutuak torturak ikertzen jarraituko du

Laura Pegok jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako 241 tortura kasu erregistratu dituztela 2017tik. Carlos Martinek eta Jeannette Ruizek aitortzaren garrantzia nabarmendu dute

Ezkerretik eskuinera, Carlos Martin, Jeannette Ruiz, Francisco Etxeberria eta Laura Pego, atzo, Donostiako Miramar jauregian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Mediku gisa, esan dezaket askoz gehiago dela ezkutatzen dena, asmatzen den hori baino. Guk sinistu genizuen». Hala adierazi du Fransico Etxeberria auzi medikuak. Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren inguruan eginiko ikerketan parte hartu duten biktimei eginiko aitortza izan da, Egia eta aitortza torturaren biktimentzat jardunaldietan egindako mahai inguruan. Aurkezle aritu da Etxeberria, eta mahaikide izan ditu ikerketa horietan aritutako Carlos Martin medikua, Jeannette Ruiz psikologoa eta Laura Pego jurista. Azken horrek hartu du datu berrituak aurkezteko ardura: institutuak Hego Euskal Herrian izandako 4.998 tortura kasu erregistratu ditu jada.

Ikusi gehiago:La Cumbreren ondoan omendu dituzte estatuaren indarkeriaren biktimak

Kriminologiaren Euskal Institutuak hartu du Euskal Herrian izandako tortura kasuak aztertzeko eta erregistratzeko lana, eta «ikerketa zientifiko eta objektiboen» bidez egin du hori, Pegoren esanetan. Argazki hori hiru ikerketa handik osatu dute nagusiki: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura kasuen gaineko ikerketa —2017an argitaratua—; Nafarroan 1960tik 1978ra bitarte gertatutako kasuen ingurukoa —2019an argitaratua—; eta Nafarroakoaren bigarren zatia, 1979tik aurrerakoa —urte hasieran argitaratua—.

Argazki hori, baina, ez da errealitate osoaren isla, eta, lanetan sakondu ahala, datuak berritu beharko dituzte. Izatez, Pegok horietako batzuk eguneratzeko baliatu du mahai ingurua, eta jakinarazi du Kriminologiaren Euskal Institutuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tortura kasuen inguruko txostena argitaratu zuenetik «197 karpeta berri» ireki dituztela: hau da, 2017ko txostenean torturaren 3.415 biktima zeuden erregistratuta, eta egun 3.612 dira. Era berean, 241 tortura kasu gehiago erregistratu dituzte; denera, 4.354 kasu.

Horiei Nafarroako datuak gehitu dizkie, eta azaldu du 4.119 torturatu eta 4.998 tortura kasu dauzkatela erregistratuta Hego Euskal Herrian. Torturak jasandako horietatik 127 adingabeak ziren ordu hartan, eta erdiek baino gehiagok 21 eta 29 urte artean zituzten. Era berean, %16 inguru ziren emakumeak.

Halere, hori ez da inondik inora ere lanaren amaiera. «Ez dira egindako lan bakarrak, eta ez dira azkenak izango», adierazi du Pegok, eta azaldu du, besteak beste, 578 espediente dituztela oraindik ere ikertzeko, denbora faltagatik ezin izan baitituzte aztertu. Horiek hala, estimazio bat egin dute aurrera begira, eta kalkulatu dute azterketa horien ostean 6.119 inguru izango direla erregistratuta geratuko zaizkien tortura kasuak, 4.952 biktimak jasandakoak. «Gure proiektua irekita dago oraindik», azaldu du Pegok.

«Isiltasunaren norainokoa»

Carlos Martinen hitzetan, kopuru horiek «isiltasunaren norainokoa» erakusten dute, eta gogoratu du egungo emaitzetara iristeko ere «pixkanaka» eta «mailaka» egin behar izan dela aurrera: «Lehen aldiz egin ahal izan zenean, frankismoaren amaierako biktimekin egin ahal izan zen, errazagoa zelako garai hartako torturez eta giza eskubideen urraketez hitz egitea, geroagokoek eskatzen baitzuten demokraziaren mekanismoekin gertatu denaren inguruan hitz egitea».

Ezarritako mekanismoak hizpide hartuta, Martinek esan du tortura kasuen gaineko ikerketen arazoetako bat izan dela hura zuzenbide penalaren ikuspegira murriztu dela sarri, eta noraezean geratu direla erantzuleak nor ziren zehazteko zailtasunen ondorioz. Hala, biktimek aitortzarako esparru bat izatearen alde egin du, eta gehitu horretarako beharrezkoa dela haiek entzutea: «Indarkeriak kausa sozial eta politikoak ditu, baina ez dago berreraikitze lanetarako gizarte espaziorik».

Atzera begira, torturen bilakaerari erreparatu dio Martinek, eta azaldu aldaketa hori «presioen eta salaketen» ondorio dela: «Batzuetan inpunitatea hainbestekoa da, ezen ez baitio axola —frankismoan, esaterako—, baina berme batzuk agertzen hasten direnean, ezkutatzen saiatzen dira».

Hala, adierazi du Espainiako Auzitegi Gorenak torturaren inguruan egindako hogei ebazpenak «icebergaren tontorra» besterik ez direla. «Errealitate bakarra ebazpenena dela esaten saiatzen direnak gezurretan ari dira». Izan ere, adierazi du gerora iritsi direla Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren, NBEren Torturaren aurkako Batzordearen eta Giza Eskubideen Batzordearen ebazpenak ere. «Horrek erakusten du, gertatutakoa ezkutatu eta ukatu den heinean, Europako ebazpenak ez direla torturengatik izan, torturak ez ikertzeagatik baizik. Ez ikertzeko intentzioa erakusten du».

«Zalantzak»

Jeannette Ruizek ere egin die erreferentzia torturen tipologiei, eta nabarmendu du fisikoa izan daitekeela, baina kasu guztietan dela psikologikoa. «Burura tortura datorkigunean, beti imajinatzen ditugu kolpeak, baina horiek ez dira beharrezkoak inkomunikazio aldian jasandakoaren ondorioak ikusteko», azaldu du Ruizek.

Psikologoak argudiatu du ez dela beharrezkoa norbait ukitzea hura «fisikoki, psikologikoki eta kognitiboki lehertzeko»: «Gertatu dakizukeen horrek sortutako beldurra handiagoa da kolpe bat baino». Horregatik da hain garrantzitsua Istanbulgo protokoloa erabiltzea: «Emakume batek esaten zidan bera ez zutela torturatu, baina, elkarrizketa egin ahala, ikusi genuen bazituela inkomunikazio aldiak eragindako arazo psikologikoak», azaldu du. Hau da, halako metodoen erabilerak, zenbaitetan, norberak jasandako tortura kasua ere «zalantzan» jartzea dakar.

Torturaren eraginak psikologikoak dira nagusiki, eta, Ruizen hitzetan, diagnostiko klinikoen bidez (fobiak, trauma osteko estresa, depresioa...) antzeman daitezke batzuetan, baina ez beti. Hala, adierazi du biktimek kasu guztietan jasaten dituztela egunerokoan eragina duten ondorioak: besteak beste, umiliazio, kulpa eta zaurgarritasun sentimenduak. «Ezkutatzen, ezabatzen edo ahazten saiatzen dira asko, baina gorputzak badaki», adierazi du Ruizek, eta gehitu du helburua dela «ahalik eta gutxien sufrituta» gogoratzea.

Era berean, Ruizek adierazi du «sinesgarritasun falta» dela torturaren biktimek jasaten dituzten birbiktimizazio nagusietako bat: «Ez sinestea egun horietan gertatutakoa bezain gogorra da». Horren adibidetzat jo du ustezko hitzaren erabilera; batez ere, hedabideetan. Salatu du beste zenbait delitutan ustezko kontzeptua egiletzari lotzen zaion arren, hitz bera gertaerari lotzen zaiola tortura kasuetan indarkeria matxistakoetan: «Gure subkontzienteak gertaeraz zalantza egitea eragiten du, eta salaketaren egiazkotasuna zalantzan jarri». Bide beretik, «aitortza publiko, instituzional eta sozialaren garrantzia» nabarmendu du, eta erreparazio neurriak eskatu: «Laguntza psikologikoa oso garrantzitsua litzateke, eta berriro ez gertatzeko bermeak ezartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.