Aurretik ere salatu izan dituzte «kriminalizazio saioak» euskal preso eta iheslarien senide eta lagunek. «Horren ondorioak jasaten ari gara orain». Hain zuzen, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekarien aurkako polizia operazioaren ondoren, «presoen eskubideen alde lan egiten duten guztien aurka» egiten ari direla salatu du Etxerat-ek. «Baita gure elkartearen aurka ere».
Izan ere, polizia operazioaren ondoren Alfontso Zenon abokatuak jakinarazi zuenez, Etxerat-ko bozeramaile Nagore Lopez de Luzuariaga atxilotzeko eta Jaiki Hadi medikuen elkarteko Fernando Arburua atxikitzeko asmoa zuen Guardia Zibilak. Atxilotuak espetxeratzeko autoan, gainera, bi elkarteak aipatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Hala, Lopez de Luzuriaga «kriminalizatu» nahi izan dutela dio Etxerat-ek, eta «ahalegin hori elkarte osoaren aurka egiteko aukera gisa» baliatu dutela gainera.
«Nagore senide bat gehiago da, baina gure elkartea senide izatea egokitu zaien pertsona askok osatzen dute», esan zuen Urtzi Errazkinek atzoko agerraldian, Lopez de Luzuriaga ondoan zuela. Haien atzean, dozenaka senide eta lagun: ideologia anitzeko pertsonak, senide izatea aukeratu ez dutenak. Guztien izenean, Errazkinek ohartarazi zuen ez dutela onartuko beraietako inor inputatu, atxilotu edo «kriminalizatzerik».
Argi diote: «Senide izatea ez da delitu». Eta beren lana egiten jarraituko dute, beren gertukoen eskubideak defendatzen. Hori baita, atzo azaldu zutenez, beren egitekoa: informazioa eta, bereziki, testigantza ematea. Salaketa egitea. «Guztiz» modu publikoan, gainera, eragile politiko eta sozialekin batera.
«Eskubideen aldeko frontea»
Presoak sakabanaketzeko politika da eskubide horiek urratzen dituztenetako bat, atzo ere gogora ekarri zutenez; presoenak ez ezik, haien senide eta lagunenak. «Ezinbestekotzat» jo zuten politika hori bukatzea, eta ziurtatu zuten hori lortzeko lanean jarraituko dutela.
Horretarako, «erasoen» aurka, Etxerat elkartea babesteko deia egin zieten eragile politiko eta sozialei eta sindikatuei. Horietako asko egon ziren joan den larunbatean Bilbon egindako manifestazioan, eta bide horren alde egiten dutela esan zuten Etxerat-ekoek: «Hori da gure apustua». Besteak beste, PSE-EEko eta PPkoek salatu dutenari erantzunez, osatzen duten fronte bakarra «eskubideen aldekoa» dela berretsi zuen Errazkinek, eta bide horri jarraitzeko deia egin zuen: «Guztion lanari eta konpromisoari esker lortuko dugu konponbidearen eta bakearen aldeko urratsak egitea».
EPPKren bitartekarien kontrako operazioa. Eztabaida legebiltzarrean
«Kriminalizaziorik» ez dutela onartuko esan du Etxerat-ek
Joan den asteko polizia operazioarekin Lopez de Luzuriagaren aurka egin dutela eta, babesa eskatu diete eragileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu