Prekaritatea orokorra bada ere, gazteei bereziki eragiten die. Xabier Tirapuk (Iruñea, 1995) doktoretza tesia aurkeztu berri du, eta 18 eta 35 urte arteko gazteen egoera aztertu du bertan. Prekaritatea ikertzeko «oso garai egokia» dela adierazi du soziologoak; izan ere, gaur egun, gazteen bizitzak guztiz baldintzatzen ditu. Gainera, hauteman zuen ez dagoela ikerketa askorik zeinetan gazteei zuzenean galdetzen zaien. Horregatik, eztabaida taldeak osatu ditu, gazteen ahotsari behar adinako garrantzia emateko.
Tesian, auzitan jarri duzu gaztaroa eta helduaroa zer diren. Gazteen inguruan hitz egiten denean, errealitate batzuk estali egiten dira?
Hori da, bai. 18 eta 35 urte arteko gazteak ikertu ditut tesian. Laburbilduz, heldutasuna honako baldintza hauek markatzen dute: lan egonkor bat edukitzeak, emantzipaturik egoteak eta gutxieneko ongizate ekonomiko bat edukitzeak. Azken finean, hirurek gutxieneko egonkortasun bati buruz hitz egiten dute. Tesia egitean, ohartu nintzen elementu horiek neurtzeko orduan adina ez dela erabakigarriena. Autore askok hala esaten dute, gainera; niri Enrique Martin Criado aipatzea gustatzen zait. Ez dutelako egoera berdina, adibidez, 20 urteko behe klaseko emakume batek eta 30 urteko goi klaseko gizon batek. Orduan, egonkortasun hori eskuratze aldera, erabakigarriagoak izango dira klasea, generoa eta jatorria.
«Egonkortasuna eskuratze aldera, adina baino erabakigarriagoak izango dira klasea, generoa eta jatorria»
«Gaztaroa luzatzea» kontzeptuaren ordez «helduaroaren ukazioa» kontzeptua proposatu duzu zuk. Zer esan nahi du horrek?
Irakurri nituen testuetan askotan hitz egiten zen gaztaroaren luzatze horretaz. Hori gertatzen da, finean, gero eta zailagoa delako elementu egonkor horiek eskuratzea. Zailagoa da heldutasun horretara iristea. Uste dut kontzeptu horrekin erantzukizuna norbanakoen gain jartzen dela, hau da, gazteen gain. Zuk ez duzu hori lortzen, eta, beraz, zure gaztaroa luzatu egiten da. Horregatik esaten dut heldutasunaren ukazio hori belaunaldi oso bati dagokion egoera bat dela, gazte askori, gazte gehienei eragiten diena. Termino horietan hitz egiteak belaunaldi koiunturari egiten dio erreferentzia, eta ez indibiduoaren ardurari.
Nafarroako gazteriaren arloko inkestek diote emantzipatzeko batez besteko adina 22,7 urtekoa dela; beste adierazle batzuen arabera, 29,9. Zeintzuk dira adierazle horiek?
Batzuetan, ez da kalkulua zuzen egiten, eta, hala, 30 urte inguruko datu hori ematen dute. Baina beste inkesta batzuetan, zuzenean gazteriari galdetzen zaionean, batezbesteko hori aldatu egiten da eta 23 urtekoa bihurtu. Bigarren datu horri erreparatu behar diogu, eta aztertu zergatik ematen duen erreala ez den datua, nahiko baxua baita. Arrazoi nagusia zera da, gero eta ohikoagoa dela etxetik ateratzea eta itzultzea. Lehen, trantsizio klasikoa gertatzen zen gehiago, hau da, lana eskuratu, etxetik atera eta egonkortasuna lortu. Egun, ordea, gazteek gero eta gehiagotan bueltatu behar izaten dute etxera, ikasketak kanpoan egin ondoren ez dutelako lanik lortzen, edo lana galdu eta ezin dutelako alokairua ordaindu. Inkestetan, askotan, galdetzen zaie zenbat urterekin utzi zioten gurasoekin bizitzeari. Lehendabiziko erantzuna aintzat hartu, eta batezbestekoa apaldu dezake, baina hori ez da adin erreala. Nire ustez, batezbesteko adina determinatu beharrean, heldutasunerako trantsizio horiek nolakoak diren deskribatu beharko lirateke. Zaila da, eta baliabide gehiago beharko ditugu, baina horretara bideratu behar dira esfortzuak.
Neurtzeko metodo horiek hobetzeko ildoak proposatu dituzu zuk dagoeneko. Zeintzuk dira?
Nafarroan egin diren inkestak aztertu, eta nola hobetu proposatzen saiatu naiz. Hala ere, hobekuntza horiek eztabaidagarriak dira beti. Bi nabarmenduko nituzke. Alde batetik,18 eta 35 urte arteko gazteak aztertzea, baina adin tarte horretan dauden errealitateei erreparatuz, generoari, klaseari eta jatorriari dagokienez. Beste alde batetik, batez besteko adin hori determinatu beharrean, gazteen ibilbideak nolakoak diren ikertzea. Proposatu daiteke hiru modelo nagusi ezartzea: ikasteko etxetik atera eta berriz ere itzultzen direnak; alokairuan daudenak; eta aurrezteko itzultzen direnak. Baina adibide bat besterik ez da.
Garrantzitsua da orduan zehaztea gazteen artean zein diren kaltetuenak.
Bai. Oso deigarria zen, adibidez, soldata aztertzeko orduan ikasketa maila oso erabakigarria zela ikustea. Baita jatorria ere. Kanpotik etorritako gazteek askoz gutxiago irabazten dute. Horrez gain, hilabete bukaerara iristeko behar duten laguntza askoz handiagoa da, laguntza publikoei buruz eskuragarri duten informazioa askoz urriagoa da…
Zergatik?
Kapital sozialak asko eragiten du honetan. Dituzten harremanengatik eta laguntza sareagatik. Askotan laguntza horien berri ahoz aho zabaltzen da, eta zure ingurukoen bitartez duzu haien berri.
Zortzi eztabaida talde sortu dituzu, gazteen ahotsari garrantzia emateko helburuarekin.
Hori da. Prekaritateak daukan eragina teorikoki eta kuantitatiboki aztertu ondoren, helburua izan zen ikustea gazteek euren prekaritatea nola ulertzen duten.
«Prekaritatea belaunaldi elementu bat da, baina gure bizitza indibidualaren bitartez ulertzen dugu»
Eta zein da ondorio nagusia?
Ikusi dugu prekaritatea belaunaldi elementu bat dela, eta gazte gehienek topatuko dutela. Baina, eztabaida taldeetan, hauteman genuen prekaritate hori asimilatzeko orduan gertatzen den ulermen prozesuak indibidualtasunari buruz hitz egiten duela. Horrek esan nahi du prekaritatea gure bizitza indibidualaren bitartez ulertzen dugula: unibertsitatean egin nituen ikasketengatik, egin ez nituen ikasketengatik, aurreztu beharrean etxetik atera nintzelako… Ulertzen dugu trantsizio klasikoa dela ohikoena, bete beharrekoa, eta gutaz espero dena. Hala ere, oso fenomeno bizia da, eta hor berrinterpretazio txiki batzuk eman daitezke. Agian interpretazio kolektibo batera joan gaitezke. Hori aurrerapauso bat izan daiteke egoera hobetzeko.
Interpretazio horrek errudun sentiarazten ditu, zergatik egiten dute?
Hori erantzuteko ez daukat beharrezkoa den oinarririk. Baina uste dut fenomeno global edo dinamika global baten ondorio dela. Askotan, gure erabakien erantzukizun osoa gure gain hartzen dugu, eta gehiago kostatzen zaigu egoera estruktural edo egoera sozial gisa ulertzea.