«Exijenteak izango gara, baita geure buruarekin ere». Aurrean dituzten erronkei aurre egiteko autogobernuan sakondu beharra dagoela azpimarratu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Madrilen, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin egin duen bileran. Bi orduz, hainbat gai jorratu dituzte bi agintariek, euren gobernuetako hainbat ordezkarirekin batera . Horien artean, hitzartu dute kostaldearen kudeaketa eta zinemaren babeserako funtsa eskualdatzea. Abenduaren 16an gauzatuko da, Transferentzien Batzorde Mistoaren bileran.
Lehena, kostaldearen ordenamendua izango da. Behin transferentzia eginda, EAEko administrazioaren esku egongo dira kostaldeko bideen, eraikinen eta orotariko azpiegituren —argindar eta komunikazio lineak eta proiektuak, portuak, zubiak— eraikuntzei baimen administratiboak ematea eta zigor prozedurak irekitzea. «Eskumen horrekin, modua izango dugu trantsizio energetikorako giltzarri diren proiektuak bultzatzeko, hala nola aerosorgailuak eta argindar sareak edo arrantzarako egitasmoak», azaldu du Pradalesek, bilera amaituta.
«Egungo egoerak eta etorkizuneko erronkek agerian uzten dute autogobernua hobetu beharra dagoela. Esku artean ditugun ahalmenak berritu, zabaldu eta hobetu behar ditugu»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Zinematrografia babesteko funtsarekin, berriz, «kulturgintzan Gernikako Estatutua bete» dela esan du. Haatik, Eusko Jaurlaritzak ez du hor amaitu nahi, eta Sanchezen inbestidurarako hitzartutako akordioaren barruan, hurrengo paketea hitzartzea espero du.
Aurreratu dute urte amaierarako espero dutela akordioa lortzea: besteak beste, meteorologia, itsas salbamendua, Barakaldon den Makineria Egiaztatzeko Zentroaren kudeaketa, eta atzerritarren lan baimenen kudeaketa. Zehaztu du bi gobernuen konpromisoa dela negoziazioak azkartzea, eta urte amaierarako «ahal den guztia» ixtea. «Daukagun egutegiari erantzun positiboa emango genioke». Lehendakariak esan du bi gobernuetako lantaldeek hilabeteak daramatzatela transferentzia horiek negoziatzen, eta «azken ukituak» baino ez direla falta. Lehen bloke hori ixtean, datorren urtean ekingo diote gainerako eskumenen transferentziari.
Lantalde handia
17:00etan, Madrilgo egoitzan hartu du Pedro Sanchezek Imanol Pradales. Bilera «tonu onean» izan dela nabarmendu dute. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren arteko lankidetza batzordearen bilera izan da. Bi agintariez gain, bi gobernuetako ordezkariak izan dira bilkuran. Eusko Jaurlaritzaren aldean, Ibone Bengoetxea lehendakariorde lehena; Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua; Ibone Bengoetxea lehendakariorde lehena; Mikel Iriondo Koordinazio eta Komunikazio Sozialeko idazkari nagusia; Iñaki Alonso Ogasun sailburuordea eta Begoña Perez Autogobernuko zuzendaria.
Madrilgo gobernuaren ordezkari gisa, mahaiaren beste aldean eseri dira Angel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroa, Arcadi España Lurralde Politikako estatu idazkaria; Pilar Cancela Migrazio estatu idazkaria, Fernando Sampedro Europako Batasuneko estatu idazkaria... Haien guztien profilak profilak aditzera ematen du bilkuran jorratu diren gaiak: hala nola, euskararen ofizialtasuna Europako Batasunean edo Migrazio politikak, besteak beste.
Urrian ziren bi agintariak biltzekoak, baina hasiera batean azaro hasierara atzeratu zuten hitzordua. Haatik, Valentziako gertakarien ondorioz, beste behin atzeratu behar izan zuten bilera. Oraindik esku aldatu gabeko eskumenen egoeraz harago, bi lurraldeen arteko harremanaren izaerari bera erreparatu nahi izan dio Pradalesek.
19:50ean, komunikabideen aurrean atera da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta azpimarratu du «lehen aldia» dela bi agintariak lankidetza batzordearen baitan biltzen direla. Bere ustez, «egungo egoerak eta etorkizuneko erronkek agerian uzten dute autogobernua hobetu beharra dagoela. Esku artean ditugun ahalmenak berritu, zabaldu eta hobetu behar ditugu».
Migrazioa eta euskara
Gernikako Estatutuan oraindik bete gabe dauden eskumenez harago, beste hainbat gai nagusi jorratu dituzte. Adibidez, Europako Batasunean euskararen ofizialtasuneranzko urratsak egin dituztela azaldu du Pradalesek. Gaelikoarekin egin zen bezala, Madrilek konpromisoa hartu du Europako Batzordearekin lantalde bat sortzeko, eta bertan parte hartuko luke Jaurlaritzak.
Migrazio politikei dagokienez, Pradalesek zehaztu du «erreminta propioak» behar dituztela. «Azken hamar urteetan 100.000 pertsona migratzaile heldu dira Euskadira, eta gero eta indar handiago hartuko du joerak. Estatu espainiarraren iparraldeko muga gara». Etorkizunean erronka horri aurre egiteko, migrazio estrategia bat behar dela azaldu du, «giza eskubideak aintzat hartuz eta Europarekin bat». Horri loturik, nabarmendu du Espainiako Atzerritarren legea aldatu beharko litzatekeela migrazio arloan eskumen gehiago izan ditzan EAEk.
Bitxikerien artean, gazteleraz egindako galdera bati erantzutean Pradalesi euskarazko gardentasun hitza etorri zaio burura, eta gaztelerazkoaren hitza ahoskatu dio bertan zen kazetari euskaldun batek. Bere ondotik, Angel Victor Torres Lurralde Politiketako ministroak hitz egin du, eta ez diote galdera bakar bat egin bileraz. Espainiako politikan gaur nagusi diren polemikek bereganatu dute kazetarien arreta.
Santanderko bileran egoteko asmoa du Pradalesek
Abenduaren 13an, autonomia erkidegoetako gobernuetako presidenteak bilduko dira Santanderren. Bertan egoteko asmorik duen galdetuta, Pradalesek erantzun du «prest» dagoela. Dena den, egun berean, Eusko Legebiltzarrean kontrol saioa dago, eta ordutegia finkatu gabe dagoenez, biak uztartzea posible izanez gero, Santanderren egoteko asmoa du. «Gai garrantzitsuak landuko dira, eta Euskadiren interesak defenditu behar dira toki guztietan».