Azken urteetan, ekaitz ugari izan dira Euskal Herriko kostaldean, eta desmasia ekonomikoak milioi eurotan zenbatzen dira aldi oro ukituak diren herri eta lurraldeetan. Aditu gehienen arabera, tenpestak ez dira murriztuz joango hurrengo urteetan, aldrebes, klima aldaketak kezkak ugaritzen ditu. Beldurrari erantzuteko, eta, bereziki, botere publikoei ahal bezainbeste tresna eta datu zientifiko esku artean uzteko, Marea proiektua abiatu dute Biarritzen (Lapurdi). Horri lotuta, azterketa zientifikoak egingo dituzte Euskal Herriko itsasbazterreko zazpi herritan: Angelun, Bidarten, Donibane Lohizunen, Donostian, Zarautzen eta Bermeon.
Lehen tresnak Biarrizko Hondartza Handian instalatu dituzte; han daude, otsailaren 27aren eta martxoaren 5aren artean etortzekoa den ekaitzaren datuak jasotzen noiz hasiko. Izan ere, koefiziente azkarrak espero dira egun horietarako, eta datu ahal bezain zehatzak eta interesgarriak lortzeko olatu handiak egotea baitezpadakoa dela azaldu du Mathias Delpeyek, Rivages Protecheko kide eta proiektuaren bultzatzaileetarikoak.
Analisiak hiru urte iraun behar luke, baldin eta 2020a aitzin tenpesta kopuru nahikoa iristen bada euskal kostaldera. Izan ere, muturreko klima egoera horiek «eskaneatu» nahi dituzte zientzialariek. Hainbat eratara: ur azpitik harea mugimenduak aztertuz zunden bitartez, eta olatuen altuera zehatza eta uraren igoera neurtuz sentsore ozeanografikoen bidez; hondartzen itxura aldaketa ere etengabe aztertu nahi dute instalatuta egongo diren kameren bitartez.
AZTI Tecnaliako Julien Madereren arabera, ez da azterketa oro hondartza orotan egingo, Biarrizko azterketek, esaterako, balio izango dutelako Donostiako emaitzentzat. Aztertu nahi dena hondartza bakoitzaren berezitasunei egokituko da: Zarautzen eta Biarritzen olatu bortitzen eragina aztertuko da, hondartza bazterra urbanizatua dela kontuan harturik. Donostian eta Donibane Lohizunen, berriz, ekaitzak harean izango duen kaltea neurtuko da.
Michel Veunac Biarrizko auzapez eta Euskal Elkargoko presidenteordea eta Emanuel Alzuri Bidarteko auzapez eta Elkargoko Kostaldea, Itsasbazterra eta Natur inguruneen ordezkaria izugarri pozik agertu dira, «mugaz gaindiko» elkarlana goraipatuz. Hautetsiek espero dute azterketen emaitzek itsasoaren kalteei aurre egiteko tresnak emango dizkietela botere publikoei, eta, bereziki, kalteak eta ekaitzaren indarra aurreikusteko baliagarriak izango direla.
Surflariei oharra
Guillaume Barrucq Biarrizko mediku eta surflariak pazientzia galdegin die kirolean kide dituen lagunei, azterketak hondartzetan ibiltzeko debekuak ekarriko baititu. Gehienik ere sei eguneko debekuak onartu beharko dituzte, bainatzen diren guztien eran. «Sentsoreak ekaitza iritsi aurretik instalatu beharko dituzte; beraz, bada gainera eroriz materiala andeatzeko arriskua, eta, bereziki, norbera zauritzekoa». Surflariak lasaitzeko, oroitarazi du badirela beste hondartza anitz, eta bakoitzaren ohiturak alda daitezkeela. Esan du erabakiak «kausa on batentzat» hartuko direla, «aurreikuspen tresnak garatzeko aukera emango dute azterketek, bai katastrofeak aurreikusteko, bai olatuak hobeto ezagutzeko».
Kostako ekaitzen kalteak neurtzeko azterketa zientifiko bat abiatu dute
2020 arteko proiektua da Marea, euskal kosta osoan. Biarritzen hasi da, Hondartza Handian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu