Egunerokoari ihes egiteko Gipuzkoako itsas ertzeko paseoak eta Nafarroako begiratokietako bistak aukeratu dituzte oporrak Hego Euskal Herrian pasatu dituzten gehienek. Arabako eta Bizkaiko bazterretako ostatuek ez dute iazko arrakastarik izan, eta hiriburuetako festek ez diote beti bezainbeste lagundu sektoreari. Donostiako pintxoak eta Nafarroa erdialdeko ardo gozoa gailendu dira aurtengo udan.
Gipuzkoan eta Nafarroan soilik hazi da turista kopurua aurtengo uztailean. Espainiako Estatistika Institutuari jarraiki, iazko urtean baino %4,2 turista gehiago jaso ditu Gipuzkoak; %4,1 gehiago, berriz, Nafarroak.
Araban eta Bizkaian beherakada izan da iazko uztailarekin alderatuta. Bizkaian, %3,1 egin du behera ostatuen betetze mailak. Araban, %10,7ko beherakada izan dute ostatuek, jaitsiera nabarmena: 39.692 turista jaso zituen iaz; 35.447, berriz, aurten, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Eustat Euskal Estatistika Institutuaren datuei erreparatuz, ordea, 38.024 bidaiari izan dira Araban; beraz, Eustaten arabera, jaitsiera %7,2 da, nabarmena edozein kasutan.
Turistek herrialde bakoitzean pasatutako gauei erreparatuz gero, emaitzak antzekoak dira. Gipuzkoan eta Nafarroan, gora egin dute: %5,4 eta %0,6, hurrenez hurren. Araban eta Bizkaian, aldiz, behera: %7,2 Araban, eta %5,7 Bizkaian. Hala jaso du Espainiako Estatistika Institutuak hil honetan argitaratutako datuetan.
Gipuzkoa hautatu duten turisten artean, gehiengoa kostaldera joan da. Donostiak jaso du turista gehien herrialdean; logelen %77 beteta egon dira hiriburuan.Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, herriko datuak «bikainak» izan dira. Uztailean, %85era iritsi ziren, adibidez, eta abuztuko egun batzuetan %100 betetzea lortu dute, alkatearen hitzetan.
Kostaldeko ostatuek lan asko egin dute, baina barrualdeko logeletako oheak ere bete dira. Horren adibide da Zestoako Bainuetxea. Idoia Prieto harrerako langilearen hitzetan, «beti bezainbeste» jende ibili da bainuetxean: «Uztailean eta abuztuan, logelen %90 beteak izan ditugu, batik bat Herrialde Katalanetatik eta Madrildik etorritako jendearekin». Prietok azaldu du Zestoako bainuetxera joaten direnek, batez beste, bederatzi eta hamaika gau artean pasatzen dituztela. «Kontuan izan behar da tratamendu termikoak eskaintzen ditugula eta horiek gauzatzeko denbora behar dela», nabarmendu du langileak.
Kanpinen oparoaldia
Nafarroako turista kopuruarenigoeraren isla da Lizarrako kanpina. Datu zehatzak iraila eta urria bitartean izango dituzten arren, gorakada nabaritu dute. Oraitz Garcia harrerako langileak azaldu duenez, kanpinak uda ona igaro du. «Udaberriak min handia egin digu; eguraldiak ez zuen lagundu. Udarako sarrerekin gainditu dugu hori».
Kanpinera joaten direnen artean gero eta euskaldun gehiago dagoela nabarmendu du langileak: «Bizkaitarrek egin dute gora, bereziki». Turisten ohituretan ere badira aldaketak: «Eguneko menu gutxiago jaten dira; errazioak eta ogitartekoak eskatzen ditu jendeak».
Kanpinean turistek pasatzen dituzten gauei dagokienez, «denetik» dagoela jakinarazi du Garciak; asteburua pasatzera joaten direnak badaude, baita hil osoa bertan egiten dutenak ere.
Bizkaiko egoera ez da hain samurra, gutxi bada ere behera egin baitu turista kopuruak herrialdean. Marisa San Juan Mundaka hoteleko jabeak azaldu duenez, eurek lana ongi egin dute uztailean eta abuztuan; beherakada nabarmenik ez dute izan, bederen. Erreserbak, ordea, oso berandu egin dituztela nabarmendu du jabeak: «Erreserba gehienak azken unekoak izan dira, beste urteetan baino geroago antolatu ditu jendeak oporrak».
Bizkaiko hotel honetan, batez beste, bi egun eta erdi igarotzen dituzte turistek. Gaua pasatzera joaten diren pertsona gehienak Herrialde Katalanetakoak, Espainiakoak eta Frantziakoak dira, San Juanen arabera.
Araban, lehortea
Arabako turismoa jo du gogorren krisiak. Arazo larriak dituzte hirugarren sektoreko langileek aurrera egiteko. Herrialdeko egoeraren isla da Araba ostatua, Gasteizen. Ostatuaren jabe Loli Manteigak adierazi du krisiak sektorea «izorratu» duela eta ostatu txikiek sufritzen dutela gehien. «Gure bezeroak erdi mailako errenta dutenak izan ohi dira, krisiak gehien eragin dien pertsonak, hain zuzen. Zirkulu bat da; beraz, guri ere kalte handia eragin digu egoera ekonomikoak», azaldu du jabeak.
Uda honetan jende gutxi izan dutela esan du Manteigak: «Andre Maria Zuriaren jaietan ez genuen lortu ostatua betetzea, eta asteburu honetarako ere ez dugu aurreikuspen handirik». Ostatuaren jabearen aburuz, jada ostatu eta hotel «gehiegi» daude Gasteizen, eta ez dago guztientzat lanik. «Orain arte lan egin dugun bezala ez dugu gehiago egingo. Ziur gaude horretaz», azaldu du. Herrialde Katalanetatik, Espainiatik eta Italiatik joaten da jende gehien Araba ostatura, baina aurten italiarrak ia ez dira agertu ere egin.
Zelaikoetxe nekazaritza turismoko etxea ere Araban dago, Ozekan. Nekazaritza turismoko etxe horrek etxe osoa edo zenbait logela alokatzeko aukera ematen du.Begoña Esperanza Zelaikoetxearen jabeak adierazi duenez, uztailean erdi betea izan dute etxea, eta abuztua ia erabat betea. «Uztailean jendeak astebururako alokatzen du etxea, eta zaila da osorik betetzea. Abuztuan, astebeterako hartu ohi dute, eta hobeto moldatzen gara».
Esperanzak azaldu du eurek ere krisi garaietara «egokitu» behar izan dutela. «Badakigu zein den egoera, eta promozio eta eskaintza bereziak egin ditugu», jakinarazi du. Maiatz arte ia lanik izan ez duten arren, uda ongi joan dela azaldu du. Azkenean, joan den urtean baina loaldi gehiago izan dituzte, eta «gustura» dago Esperanza. Nekazaritza turismoko etxera, batik bat, Herrialde Katalanetako eta Extremadurako (Espainia) turistak joaten direla jakinarazi du.
Ipar Euskal Herriko egoera Hegoaldekoaren antzekoa da. Christelle Bonnat Pirinio Atlantikoetako turismo bulegoetako prentsa arduradunak azaldu duenez, eurentzat uztaila eskasa izan den arren, abuztua «biziki ona» izaten ari da. Hala ere, nabari da turistek oporrak azken unean antolatzen dituztela. Azaldu du aurrekontuak «hertsiak» direla eta prezioei asko erreparatzen dietela. Bonnatek esan duenez, klase ertainekoen kontsumitzeko era asko ari da aldatzen; luxuzko ostatuetako jabeek, aldiz, ez dute apaltzerik nabarmendu.
Badirudi, bestalde, ostatuetara ez ezik, parkeetara eta museoetara ere joan direla Euskal Herrira etorritako turistak. Gipuzkoako kostara jo dutenen artean arrakasta izan du Donostiako Aquariumak. Xabier Lasaga akuarioko prentsa arduradunak azaldu duenez, «bikaina» izan da uda eurentzat: «Joan den urtean baino bisitari gehiago jaso ditugu». Lasagak nabarmendu du Euskal Herritik kanpoko jendearen artean izan dela gorakada, «inoiz baino atzerritar gehiago» joan baitira akuarioa ikustera.
Bilboko Guggenheim museoak, aldiz, jaitsiera izan du uztailean, joan den urtekoarekin alderatuz gero. 111.686 pertsona joan dira museoa ikustera aurten, gutxi gorabehera, iaz baino 16.000 gutxiago. Guggenheimen ere, akuarioan bezala, atzerritarrak izan dira bisitarien gehiengoa.
Uztaileko datuek Gipuzkoa eta Nafarroa jarri dituzte punta-puntan. Urtez urte, ordea, abuztuko datuak hobeak izan ohi dira. Azken turisten zain daude sektoreko langileak.
Kostako aire leuna lehenetsi dute
Gora egin du turista kopuruak Gipuzkoan eta Nafarroan uztailean, joan den urtearekin alderatuta. Bizkaian eta Araban, behera egin du; Iparraldean ere lan gutxi izan da. Langileek etorkizuna lainotsu ikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu