Kortajarenak erran du Jaurlaritzari dagokiola erabakitzea ea aurrekontuetan «akordiorik nahi duen»

Bihar eginen dute aurrekontuen zuzenketa partzialen eztabaida. Koalizio subiranistaren irudiko, beren proposamenak modua emanen du «herritarrekin konektatzeko».

Nerea Kortajarena EH Bilduko eleduna Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Nerea Kortajarena EH Bilduko eleduna Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Isabel Jaurena - Xabier Martin
2024ko abenduaren 11
20:50
Entzun

«Eusko Jaurlaritzari dagokio mugitzea; guk argi esan dugu zein den gure motibazioa: norabide politikoa aldatzea, eta herritarrak baldintzatzen dituzten arazoei konponbideak ematea». Horrela mintzatu da Nerea Kortajarena EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea aurrekontuen negoziazioez. Azaldu du biharko eguna «aukera paregabea»  dela «herritarren beharrekin konektatzeko, konponbidea emateko etxebizitzaren arazoari, eta lana eta prekaritatea ez daitezen sinonimo izan». Hortaz, haren irudiko, Eusko Jaurlaritzari dagokio «akordio politikorik nahi duen erabakitzea».

Izan ere, bihar 09:30etik aurrera 2025erako EAEko Aurrekontu Orokorrei buruzko legearen proiektuaren zuzenketa partzialen eztabaida eginen dute Eusko Legebiltzarrean. Kortajarenak erran duenez, mahai gainean egonen dira «herritarrekin konektatzea ahalbidetuko duten proposamenak», eta alderdiek aukera izanen dute horien alde bozkatzeko.

Gehitu du Arabaren adibideak erakusten duela EH Bildu akordioetan egon daitekeela «borondate politikoa badago»; astelehenean lortu zuten oinarria, eta gaur berretsi dute oinarriek. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernuak PPren edo EH Bilduren babesa behar zuen, EAJ eta PSE-EE gutxiengoan gobernatzen ari baitira. Erran du koalizio subiranistaren proposamenek etxebizitzaren eta lanaren alorretako arazoei erantzun nahi dietela, eta orain Jaurlaritzari dagokiola «mugitzea». «Gure akordiorako borondatea argi gelditu da».

Negoziazio prozesu luzea

Astearte honetan, PPk, Sumarrek eta Voxek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak atzera bota zituen Eusko Legebiltzarrak, eta EH Bilduk negoziatzen jarraitzeko bidea zabalik uzten zuelako mezua helarazi zuen. Aurrekontuen behin betiko bozketa hilaren 20an izango da, baina Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren lehen aurrekontuak ez dira kolokan egon inoiz ere, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengoa baitute ganberan.

«Gure abstentzioak bidea eman nahi du funtsezko akordioetara iristeko bi gai oso garrantzitsutan: etxebizitza eta gutxieneko soldata. EH Bildu mugitu egin da eztabaida honetan; orain, gobernuari tokatzen zaio». Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea oso argi aritu zen osoko bilkura hartan, koalizio subiranistaren eta gobernuaren arteko negoziazioaren pilota azken horren teilatuan zegoela helarazita. Halaber, negoziazio horietan aurrerapausoak eman direla adierazi zuen, Jaurlaritzako Ogasun Sailburu Noel D’Anjouk: «Bi aldeen jarrerak eta esfortzuak fruituak eman ditu».

Urriaren 25ean aurkeztu zuen 2025eko aurrekontu proiektua Jaurlaritzak. Pradales lehendakariak azaldu zuen zerbitzu publikoak «indartzea» eta industriari bultzada ematea duela helburu. 5.728 milioi euroko aurrekontu proiektua da mahai gainean dagoena, iaz baino 703 milioi gehiago (+%4,7). Osasun Sailak 5.000 milioi baino gehiago izango ditu gastatzeko; horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzeko osasun gastua 2.300 eurotik gorakoa izango da aurrenekoz.

Proiektua aurkeztu eta negoziazioak abiatu zituen D'Anjou sailburuak oposizioko taldeekin. Baina lehen sorta baten ostean, negoziazio horiek emaitzarik gabe bukatu ziren PPren eta Sumarren kasuetan. Sumarrek 755 milioi euroren zuzenketak aurkeztu zituen hasieran, baina, gero, osoko zuzenketa iragarri zuen, baita PPk ere; biak ere baztertu egin dituzte astearte honetan, Gasteizko ganberan, eta EH Bildu geratu zen gobernuarekin akordioa egiteko aukera zuen oposizioko talde bakar gisa; alegia, ganberako legebiltzarkide gehien dituena, EAJren pare.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.