Astebete da 20. Korrikak ibilbidea osatu zuela. Jendetza handia batu zen Iruñean, eta aurreko kilometroetan ere arrakasta izan zuen. Orain arteko Korrika jendetsuena izan da, antolatzaileen esanetan. Emaitzarekin pozik dago AEK-ko koordinatzaile nagusia, Mertxe Mugika (Elorrio, Bizkaia, 1963). Doakotasunean eta lankidetzan pausoak ematea aipatu ditu datozen urteetarako erronka gisara. Argazkiak izan dira aurtengo Korrikan; datorren aldirako elkarlanean pausoak ematea espero du.
Korrika jendetsuena izan dela esan duzue. Badu tartea hazten segitzeko, edo gailurra iritsi da?
Duela bi urte esan genuen inoizko Korrika jendetsuena izan zela. Uste genuen kosta egingo zitzaigula koska bat igotzea, eta koska bat baino gehiago egin du gora. Badu hazteko tartea, baina ez dakit norainokoa. Zer pentsa eman digu. Gero eta arrakasta handiagoa du, eta zergatia topatu beharko dugu. Zantzu batzuk baditugu. Apur bat gainezka egin digu Korrika honek, arlo askotatik: atxikimenduetan, kilometro erosleetan, petoetan, Korrika txikietan...
Arrakastaren zantzu batzuk badituzuela esan duzu. Zein dira?
Orain arte Korrikara hurbildu ez diren eragile batzuk gerturatu dira, baita martxan zela ere. Kilometro eske etorri dira. Gainera, kostatu den lekuetara ere heldu dira Korrika eta haren mezua.
Beste jai batzuek gogoeta hasi dute etorkizunari buruz —adibidez, Kilometroek—. Korrikan ere hasi behar duzue gogoeta?
Gogoeta egin behar da zer-nolako indarra hartzen ari den Korrika, eta ez dadin izan jai bat bakarrik. Asko zaintzen ari gara hori, ikusita zelako indarra hartzen ari den: ez izatea postureo kontu bat. Hortik etorri behar du gure hausnarketak. Korrikaren oinarriei bere horretan eutsi behar zaie, hor dagoelako arrakasta: sinbologia, lekukoa eta mezua, mezu integratzailea, euskararen lurralde guztia aintzat hartzea... Sentsazioa dugu herria egiten ari garela euskaraz. Hortik jarraitu behar dugu.
Beraz, sumatzen duzue arriskua Korrika festa huts bihurtzeko?
Hortxe egon gintezke batzuetan. Sentsazioak dira, halere. «Badator Korrika: parte hartu, eta dena egina». Jendea euskaltegietara erakartzeko ere antolatzen dugu Korrika; ikusi beharko dugu matrikulazio kanpainak zer ematen duen. Euskararen erabilera bultzatzea ere helburu dugu; batzuetan, lasterketan bertan atentzioa ematen du erdararen erabilerak. Gizartearen isla da. Euskararen aldeko beste jai batzuetan adinakorik ez dugu, baina zaindu egin behar da hori. Lasterketa abiatu baino lehen sei hilabeteko lana dago —aurkezpenak, ikas unitateak...—: Korrikaren atzean balio batzuk daudela, mezu bat...
Zubiak izan dira aurtengo Korrikaren ezaugarri; besteak beste, Santiago zubian elkarrekin irten ziren erakundeak eta euskalgintza. Zer aho zapore geratu zaizu?
Oso-oso gustura gaude. Horrelako hausnarketa batzuetatik etorri zen ideia hori: edukiz bete behar genuela lasterketa, eta gerora begirakoa izan behar zuela. Gogoeta horretatik etorri da argazki hori. Uste dugu Korrikak AEKri zilegitasun osoa ematen diola horrelako zerbait proposatzeko. Alde guztietatik jaso genuen baiezkoa.
Elkarlanaren argazkia egin nahi izan zenuten. Irudi berria izan da.
Argazki historikoa da, egia da. Hurrengo pausoa dator orain: prestasun horretatik, ea kapaz garen elkarlanean egitasmo bat egiteko. Elkarrekin egin behar dugu euskararen geroa. Horrek ez du esan nahi denean ados egon behar dugula. Ez. Bakoitzari berea aitortuta, indar egin behar dugu. Errazagoa da eraldaketarako kontuak gizarte mugimendutik sortzea, baina, era berean, administrazioek beste ahalmen batzuk dituzte: konplizitateak gu heltzen ez garen tokietara heltzeko, eta baliabideak. Horiek guztiak batzen baditugu, seguruenik edukiz beteko ditugu maiz erabiltzen ditugun berba totem horiek.
Argazkiak errealitate bihurtzeko aldarterik nabaritzen duzu? Aldaketak sumatzen hasi dira?
Adibidez, Korrikan egon da doakotasunaren kontzeptua. Euskaltegien aldarrikapen historikoa da. EAEko gobernu itunean sartua dago kontzeptu hori, B2 mailara arte. Korrikan hori aldarrikatu dugu, kanpaina baten barruan. EAEn bidea hasi bada, zergatik ez Nafarroan eta Iparraldean? Zantzu batzuk badaude. Ez gara hutsetik abiatzen; doakotasunerako bide batzuk urratuta daude. Hori ordenatu behar da, ikasle guztiak aukera berdintasunean egoteko. Ari gara eragiten: adostu beharko ditugu gaiak, baina doakotasunaren kontzeptua partekatua da jada.
Doakotasunak zeren araberakoa izan behar du? Jaurlaritzaren irizpidea da azterketak gainditzen dituztenei itzultzea dirua.
Euskaltegiok uste dugu ez duela zertan lotua egon emaitza akademikoarekin. Guk ulertzen dugu doakotasuna ez dela atea erabat irekitzea, besterik gabe, baina ez da zertan lotu emaitza akademikoarekin: asistentzia, aprobetxamendua... Titulua lortzea bitartekoa da guretzat, ez helburua. Euskara irakastea da euskaltegion zeregin nagusia: euskara erabiltzeko irakastea. Ez da zertan maila gainditzearekin lotu. Baina, halaber, ez dugu ikusten ateak besterik gabe irekitzea. Irizpideak adostu behar dira. Hainbat udaletan daude sistemak. Ordaindu beharra ezin da izan euskara ikasteko traba, eta, batzuetan, dirutza.
Doako euskara eskolak eskaintzen hasi dira HABE eta Lanbide langabezian daudenei. Hortik etor liteke ikasle sail handi bat?
Lanbiden euskara eskolak jartzea urteetan eskatu dugu, eta logika baten barruan dago. Ikasturte honetan abiatu da egitasmoa. Guk ez dugu igarri orain arte, baina egia da badagoela jendea euskara ikasten hasi dena Lanbideren bitartez. Datorren urtean hori zabaldu egingo dela esan digute. Uste dugu ate batzuk irekiko direla, doakotasunarekin lotuta, gainera. Badaukagu esperantza.
Iruñean amaitu da Korrika. Nafarroako aldaketa sumatu da, eta azken ekitaldian aipatu zenuten: euskararen ofizialtasuna herrialde osora hedatzea eskatu zenuten. Espero eta nahi baino txikiagoa izaten ari da aldaketa?
Pozik gaude aldaketarekin: Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean aurkeztu dugu Korrika lehen aldiz, Foruzaingoak zaindu du lasterketa, euskaltegietarako diru laguntzak desblokeatu dira... Aldaketa horiek oso ondo datoz. Baina batzuetan beldurra-edo sumatzen da: ez direla ematen behar beste pauso. Pedagogia handia behar da Nafarroan. Zer esango duten beldur, ez dira ematen beste pauso batzuk. Adibidez, udalerriak eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeko urratsak oso onak dira, baina zonifikazioa kentzea behar da benetan. Nafarroan bandera da euskara, eta horrekin arantza dugu. Oraindik, hala ere, bi urte geratzen dira legealdia amaitzeko. Ikusiko dugu.
Beldurra aipatu duzu. Zuek erebeldur zineten Nafarroako oposizioak har zezakeen jarrerarekin? UPNk bi agerraldi egin ditu egun gutxian Iruñean Korrikaren amaierako ekitaldiei buruz...
Zain egon gara. Trabak jartzen aritu dira agintean egon direnean, eta bagenuen kezka orain nondik hasiko ziren. Izan dira jokaldi batzuk: ikas-unitateei buruz galdetzea Hezkuntza Departamentuari —lehen ere egiten ziren—, Korrikaren lekukoan ikurrina dagoela... Hori bada daukaten gauza bakarra, bataila hori irabazi dugu. Ez daukate besterik, izan ere: hasiera-hasieratik izan da mezua euskararen aldekoa, jendea gonbidatu dugu, eta askatasun osoz parte hartu du jendeak. Ikusi dute harrera. Nafarroan kilometro salmenta handia izan da. Bada gogoa.
Euskal Elkargoa sortu berritan heldu da 20. Korrika. Jean Rene Etxegarai presidenteak hiru kilometrotan parte hartu du. Irudi horrez gain, aldaketa gehiago?
Sumatu dugu parte hartze handiagoa Ipar Euskal Herrian ere, eta eragile gehiago izan direla. Hegoaldean gehiago kosta izan zaigu alderdiak-eta mugitzea; ezberdina da Iparraldean. Igarri da kilometroen salmentan eta parte hartzean. Aukerak badaudela nabari da han ere. EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidentea ordezkatu egingo dute, eta Iparraldeko hizkuntza politika elkarlanean idatzi behar dela esan du Mathieu Berge oraingo presidenteak, asteon BERRIAn irakurri dudanez. Gaur egungo mezuekin bat egiten du. Badut itxaropena.
Egonkortasuna da euskaltegien beste aldarrikapen historiko bat. Ari zarete pausoak ematen?
Lantzen ari gara. Aurreko agintaldi amaierarako egin zen azterketa bat, argazki bat. Gutxi barru aurkeztuko digute. Ez dugu hitz egin zer sistema izan behar duen, baina bai baliabideak behar-beharrezkoak direla. Aste honetan onartu dituzte EAEko aurrekontuak, eta ekimen sozialeko euskaltegientzat %6ko igoera dago. Ez da nahikoa, inolaz ere, euskaltegiak mailak egiaztatzeko sisteman sartu garelako eta gainkostua ekarri digulako horrek. Baina igoera bat dago. Pauso gisa ulertu dugu hori. Baina pauso bat. Benetako pausoa ea agintaldi honetan datorren. Gure eskaria da diru laguntzen sistema horretatik zerbait iraunkorrago batera pasatzea.
Ekimen sozialeko euskaltegiak eta publikoak zaudete. Desberdintasunak kezkatzen zaitu, langileen prekaritateak, adibidez?
Badakigu nondik gatozen. Gu ez gara sartzen bi sistema egon behar diren, edo publiko-pribatu eztabaidan. Zenbakitan, %60 edo gehiago ekimen sozialeko euskaltegiak gara. Euskaltegietan lanean ari garenok bete behar ditugun baldintza akademikoekin, dugun mailarekin, hezkuntzarako oposizioak zabaltzen direnean jendeak joera dauka hara jotzeko. Normala da: ezegonkortasuna, lan baldintzak... Egonkortasuna behar dugu. Bokazioa ere bada gure lana, baina beste alde hori ere hor dago. Bizi ere egin behar dugu.
Ziklo berria aipatzen da, zer aldatu behar den. Barrura begira jarrita, euskalgintzan bertan zer ikusten duzu aldatu beharra?
Zabaldu egin behar dugu. Sarritan egiten ditugun diskurtsoak kontsumo propiokoak dira. Zabaldu egin behar dugu, batez ere mundu bi horiek elkartzeko. Horretan badago aldaketa bat, baina indar gehiago egin behar da. Esaten denean elkarlanean aritu behar dugula, denok sinetsi behar dugu horretan. Beste aliantza batzuk ere beharko genituzke.
2019an hurrengo Korrika. Zer lortu behar litzateke ordurako?
Batetik, doakotasunaren gaia. Bestetik, zubigintza. Ez gara hutsetik abiatzen. Donostia 2016an aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Gizarte eragileek lan handia egin zuten, eta garatu egin behar da. Gauza berriak asmatzeko ohitura dugu euskalgintzan, eta gauzak asmatuta daude. Hausnarketak amaitu egin behar ditugu; eginak daude, eta has gaitezen elkarlanean. Protokoloaren kaiera hor dugu idazteko. Zergatik ez elkarrekin egin? Batzuetan ados egongo gara, eta besteetan, ez. Baina desadostasun horretan ere hainbat gauza daude onak. Batzuetan, autokonplazientziaz, denekin ondo geratzeko, paralisi bat izaten dugu. 21. Korrikarako hor badago zer egina, eta posible da.
Mertxe Mugika. AEK-ko koordinatzaile nagusia
«Korrikaren indarraz gogoeta egin behar dugu, jaia soilik ez dadin izan»
Korrika arrakastatsua izan da, eta emaitzarekin pozarren daude AEKn. Jendetzaz gain, kilometro bereziak izan dira, elkarlanaren isla. Helduen euskalduntzean aurrerapausoak ematen ari direla azaldu du Mugikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu