Ikasle «harroei» gorazarre

Azterketak Euskaraz kolektiboa omentzeko ekitaldia egin du Korrikak; urteek aurrera egin ahala ozentzen ari diren aldarria berritzeko baliatu dute.

KORRIKAREN OMENALDIA
Azterketak Euskaraz taldeko kideak, Korrikako ordezkariekin, gaur, Hondarribiko omenaldian. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
Hondarribia
2024ko urtarrilaren 25a
20:00
Entzun

Korrikaren helburuekin bat egiten duten eragileei omenaldia egitea izaten da euskararen aldeko ekinbide horren asmoetako bat, eta, aurten, Ipar Euskal Herrira begira jarri dira horretarako. Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu dute. Hunkiduraz betea izan da omenaldia; Hondarribian (Gipuzkoa) egin dute, Itsas Etxean, eta aretoa bete egin da. Ekitaldiaren hasierako bertsoan, Haira Aizpurua bertsolariak berak lotu ditu Ipar Euskal Herrian hezkuntza sistemak ezartzen dituen derrigorrezko etsaminak euskaraz egin ahal izateko mobilizazioa eta aurtengo Korrikaren leloa: Harro herri. Erabateko zentzua izan du; debekuen gainetik ikasketa prozesua euskaraz osatzearen alde ari diren ikasleei, haien familiei eta irakasle «harroei» egin diete omenaldia, aski ederra.

Bestela ere, Ipar Euskal Herriko errealitateari begiratzeko aparteko era emango du 23. Korrikak, amaitu ere hantxe amaituko baita, Baionan, martxoaren 24an, aurreko hamar egunetan Euskal Herri osoa zeharkatu eta gero. Aspaldiko borroka da azterketak euskaraz egitea Ipar Euskal Herrian; brebeta eta baxoa ikasleek egin beharreko azterketak dira, ikasketa prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak, eta, aitzinamenduak izan badira ere, traba ugari daude oraindik. Seaskak usu salatu du era horretan auzitan jartzen dela murgiltze ereduaren funtsa bera: euskarazko irakaskuntzarena.

«Mundu guztiak jakin dezala gazte hauek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu bat beren hizkuntzan egin, eta, bidegabekeria horren aurka, pausoak ematen jarraituko dutela». 

ANE ELORDIKorrikako arduraduna

Korrikak lehen lerroan jarri nahi izan du Ipar Euskal Herrian urteotan etsaminak euskaraz egitearen alde aritu den kolektiboa, eta goretsi egin du kolektibo horretako partaideen jarrera. Borroka bizia da haiena: atzo bertan berritu zuten Ipar Euskal Herriko hainbat ordezkarik azterketak tokiko hizkuntzetan ere egitearen aldeko aldarria, beste hainbat hizkuntza gutxituren ordezkariekin batera. Korrikako arduradun Ane Elordik propio goratu du Azterketak Euskaraz taldearen ahalegina. «Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin, eta, bidegabekeria horren aurka, pausoak ematen jarraituko dutela».

Gazteak lehen lerroan

Erakusketa bat ere paratu dute omenaldian. Azterketak Euskaraz kolektiboak egin duen bidea dago jasota: hastapenak, okupazioak, askotariko mobilizazioak. Ekitaldiko aurkezleak berak, Joanes Etxebeste aktore gazteak, bertatik bertara ezagutua du egoeraren bidegabekeria: «Iparraldean azterketak ezin dira euskaraz pasatu». Nerabezaroa atzean utzi berria da, eta ondo daki debekua zer traba den ikasleentzat; iaz bukatu zuen ikasketa prozesua Seaskan. Beste gazte asko ere izan dira omenaldian, berez duten indarrarekin, pozarekin. Etxapare Lizeoko ikasleen bandak eman dio amaiera omenaldiari, festa giroan. Pozik begiratu dituzte Seaskako buruek: «Oso motibatuta daude».

AEK-k oroigarri bana eman die Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, bai eta Bernat Etxepare lizeokoei ere. «Egiten ari zareten borroka gogorra izan da, eta hala da oraindik ere. Izan dadila oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza». Seaskaren izenean, Peio Jorajuria lehendakaria ere izan da omenaldian.

Ekitaldian, halaber, Oihaletxea dokumentala aurkeztu da; Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien lekukotasunekin eginda dago. Lander Garrok zuzendu du. Korrika eta euskarazko etsaminen aldeko borroka lotu ditu. «Biak sortu dira anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko». Dokumentalean, eta ekitaldian bertan, hainbat gazteren hitzak aski adierazgarriak dira; euskaraz «natural» egiten dute, euskaraz «pentsatzen» dute, eta horregatik nahi dituzte etsaminak ere euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.