Korrika da urduri-urduri egotea, petoa soinean, kale ertz batean furgonetak noiz iritsiko. Korrika da eguna zuzeneko emankizunari itsatsita igarotzea. Eta Korrika da zaintzea: ondoan lasterka edo boluntario lanean ari denari irribarre egitea, euskararen alde oihu egitea. Hunkitzea, harrotzea, errotzea. Baina batzuentzat minutu batzuetako korrikaldia den hori hilabeteetako lana da beste batzuentzat: dozenaka bilera, arropa salmenta, kartelak, furgonetak atontzea, 11 egunez eta hamar gauez furgoneta gidari aritzea... Beraz, ibilgailuak behar dira, arropak, hasierako eta amaierako ekitaldietarako materiala... Eta horrek guztiak, ezinbestean, badu eragina naturan ere. Hain zuzen, aurten, lehenengoz, hauxe neurtzea erabaki du AEK-k: ea Korrikak zenbateko karbono aztarna eragiten duen. Lander Crespo klima adituak ondu du lana, eta joan den hilean aurkeztu zuen. Ondorio nagusi bat atera du: Korrikak «inpaktu txikia» du ingurumenean.
AEK-k antolatuta, 23. Korrika izan da aurtengoa. Martxoaren 14an hasi zen, Irunen (Gipuzkoa), eta martxoaren 24an amaitu, Baionan; tartean, 2.792 kilometroko ibilbidea egin zuen. Kalkulatu dute milioi bat pertsonak parte hartu zutela. Crespok hori antolatzearen eta egitearen karbono aztarna neurtu du. Karbono aztarna da erakunde batek, produktu batek edo zerbitzu batek zuzenean eta zeharka eragindako berotegi efektuko gas kopuru guztien zenbaketa. Eta zenbatekoa da Korrikarena? Cresporen arabera, 231,87 tona CO2e izan da. Ideia bat egiteko: New Yorkeko 2023ko maratoiarena 54.300 tona CO2e izan zen, egun bakarrean eta 59.000 lagunek parte hartuta. Beraz: «Ikusten da Korrika oso inpaktu txikiko ekitaldia dela, guztira zenbat isurketa dauden bakarrik begiratzen badugu». Eta parte hartzaile kopurua kontuan hartuta, zer esanik ez: «Korrikaren isurketak partaide bakoitzeko oso-oso baxuak dira antzeko beste ekitaldiekin alderatuz».
Gainera, Korrika ez da 11 eguneko eta hamar gaueko kontua soilik. Horregatik, Crespok aintzat hartu du Korrikaren ziklo osoa: prestaketa —bileretara joateko erregaia, arroparen salmenta...—, Irungo hasiera ekitaldia —txosnetan saldutako edarien aztarna, muntaketarako zenbait material...—, korrikaldia bera —furgoneta gidarien lo lekuak eta otorduak, ibilgailuen erregaia...— eta Baionako amaiera ekitaldia —bertara joateko herritarrek erabili duten garraioa, txosnetako edarien aztarna...—. Horrela banatu ziren isurketak: %55 amaiera ekitaldian izan ziren; %26, prestaketan; %12, karreran; eta %7, hasierako ekitaldian.
«Korrikaren isurketak partaide bakoitzeko oso-oso baxuak dira antzeko beste ekitaldiekin alderatuz»
LANDER CRESPOKlima aditua
Beraz, isurketen erdiak baino gehiago amaierako ekitaldikoak dira. Lekualdaketengatik da, Cresporen esanetan: «Pertsonak karrerara, normalean, oinez joaten dira. Horrek ez dauka inpakturik; aldiz, amaiera ekitaldira Euskal Herri osoko jendea joan zen, eta inpaktu handia dauka». Alabaina, Crespok aitortu du zenbait datu biltzeko zailtasunak izan dituztela: «Kilometro asko egiten dira Nafarroan, eta horietako batzuk beste lurralde batzuetakoek erosten dituzte; hara joateko, ibilgailuak erabiltzen dituzte, baina informazio hau ez dugunez jaso, ezin izan dugu kalkulurik egin».
Isurketak zein fasetan izan diren ez ezik, zerk eragin dituen ere aztertu du Crespok. Gehienak garraioaren ondorio dira: %69. Horren atzetik daude arroparenak (%19), materialenak (%6), edarienak (%5) eta lo lekuenak eta elikagaienak (%1).
Gomendioak ere bai
Datuak aztertu ditu Crespok, baina harago joan da: isurketak murrizteko gomendioak ere eman ditu, nagusiki, bi arlotan: garraioan eta arropan.
Lehenengoari dagokionez, batez ere, Korrikaren hasierari eta amaierari erreparatu die Crespok: «Amaiera eta hasiera ekitaldietarako garraioa oso garrantzitsua da, eta hitz egin beharko da bertako politikariekin mugikortasun plan bat antolatzeko». Garrantzitsua iruditzen zaio pedagogia lana ere: «Publizitatea egin daiteke esanez saiatu behar direla autoa partekatzen, garraio berdeagoa erabiltzen...». Baita amaierako ekitaldia garraio publikoarekin «ondo konektatutako» hiri batean egitea ere, «errazagoa» izango baita hori erabilita iristea.
Arroparen arloan ere ikusten du zereginik, ekoizpenean gehienbat. Material desberdinekin egiten dituzte jertseak, kamisetak...: kotoi arruntarekin, atzerrian jositako kotoi organikoarekin eta Euskal Herrian jositako kotoi organikoarekin. Bat edo bestea erabili, badago aldea, Cresporen esanetan: «Kotoi organikoak kotoi arruntak baino hiru aldiz gutxiago kutsatzen du, eta kotoi organiko hori Euskal Herrian josita badago, lau aldiz gutxiago». Kostuak eta onurak balantzan jarri ditu Crespok: «Arazoa da Euskal Herrian jositako kotoi organikoak AEKrentzat kostu handiagoa daukala; nahiko garestia da».
Crespok aitortu duenez, zenbait arlo aztertzeke geratu dira, datu faltagatik, AEKrentzat «zaila» izan delako denak biltzea. Dena den, AEKren ahalegina eskertu du: «Kalkulu hau egitea haien ideia izan zen; eskertzekoa da euskararen aldeko ekimen hori antolatzea, eta, gainera, saiatzea ingurumenean inpaktu txikia izaten».