Korrika euskaldunak aktibatzeko eta ahalduntzeko tresna bat dela jakina da, baina, orain, zientziak frogatu egin du hori. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia CCE ikerketa taldeak zientifikoki egiaztatu du Korrikan parte hartzeak eragin psikologiko positiboak dituela gizarte ongizatean eta ahalduntze kolektiboan. Emile Durkheim soziologo aitzindariaren teoria bat baieztatu ahal izan dute ikertzaileek. Haien arabera, Korrikako parte hartzaileek «ongizatearen adierazle maila handiagoak» erakusten dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. «Adierazle horietako batzuetan, hala nola integrazio sozialaren kasuan, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere», nabarmendu dute.
Jon Zabala gizarte psikologoaren tesiaren atal bat da ikerketa hori, eta, esan duenez, Durkheimek teorizatutako eferbeszentzia kolektiboak azaltzen ditu eragin positibo horiek: «Parte hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute». Bestalde, ziurtatu ezin izan duten arren, ikertzaileek uste dute, beste ikerketa batzuen emaitzak ikusita, espero izatekoa dela parte hartzaileek gerora ere «aldez aurretiko jarrera irekiagoa» izatea euskararen aldeko ekintzak egiteko.
Durkheimen teoria hori egiaztatu ahal izatea da ikerketa horren berritasuna. Izan ere, azaldu dute ikerketa gutxik baieztatu ahal izan dutela soziologo horren teoria. Durkheimek idatzi zuen gizarte bakartzea «mehatxu larria» izan daitekeela osasunerako eta biziraupenerako, eta erritu kolektiboak «funtsezkoak» direla gizarte baten kohesioa eta osasuna bermatzeko. Soziologo aitzindari horren arabera, aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek berrindartu egiten dituzte talde balore eta sinesmenak, eta kohesio soziala sustatzen dute. Ondorioz, gizabanakoak «gizartearekiko fede eta energia eraberrituak» dituztela itzultzen dira beren bizitza indibidualetara. Eraberritze sentsazio horri eferbeszentzia kolektiboak ematen dio bide, hau da, pertsonen arteko elkarreragin emozionalaren bitartez sortzen den bateratasun emozionalak.
Ahalduntzea
«Gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa. Ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste», azaldu du Zabalak.
Ondorioz, azaldu du ez dela «harritzekoa» COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako bakartze neurriak estres, antsietate eta depresio maila handiagoekin erlazionatu izana. Gaineratu du erritu kolektiboak —izan Korrika, izan senitartekoekin edota lagunekin egindako bilkurak— «oso garrantzitsuak» direla gizakien buru osasunerako. «Haien bidez, gure talde erreferenteekiko sinesmen eta balore sozialak indartzen ditugu, taldearen parte eta estimatuak sentitzen gara, eta horrek motibazioak ematen dizkigu geure burua eta gainerakoak hobeto zaintzeko. Horrek zentzua ematen dio gure bizitzari, munduan kokatzen laguntzen baitigu», azaldu du Zabalak.
2019ko Korrikako parte hartzaileen lagin baten gainean egin dute ikerketa. Galdeketa bati erantzun zieten parte hartzaileek Korrika hasi aurretik, egiten ari zen bitartean eta bukatu ondoren. Datuak hiru fasetan aztertu izanari esker, ikertzaileek ikusi ahal izan dute erritu kolektiboetako parte hartzearen eragin psikologiko positiboek zenbat iraun dezaketen denboran. Proba estatistikoak erabili dituzte eferbeszentzia kolektiboa egiaztatzeko.