Korrikako mezuaren egilea

Garazi Arrula: «Korrikako mezua idaztea bizitzan behin gertatzen ahal den opari bat da»

Ardura, erantzukizuna, poza eta ohorea sentitu zituen Arrulak Korrikako mezua idaztea eskatu ziotenenean. Bidegileei aitortza egin nahi izan die, eta, aldi berean, «gaur egungoari lotutako» mezua egin; «pozik» geratu da.

Garazi Arrula
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Iruñea
2024ko apirilaren 24a
05:00
Entzun

Izaten dira porrak, eta izaten dira zurrumurruak; halakok eta bestelakok idatziko zuela. Baina Korrika amaitu arte ez da jakiten noren mezua doan lekukoaren barruan. Aurten, martxoaren 24an argitu zen misterioa, gaur hilabete: Garazi Arrula (Tafalla, Nafarroa, 1987) idazle, itzultzaile eta Txalapartako editoreak egin zituen Baionan 23. Korrikaren azken metroak, AEK-ko kideak ondoan zituela, eta hark irakurri zuen mezua milaka euskal herritarren aurrean.

Noiz eta nola proposatu zizuten Korrikaren lekukoan Euskal Herri osoa zeharkatuko zuen mezua idaztea?

Abenduan izan zen. Xabi Gartziak [AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko Nafarroako kidea] esan zidan kafe bat hartzeko, eta badakizu: herri honetan kafeak ez dira bakarrik etortzen, ez dira kafe hutsak, eta gehienetan eskakizun edo proposamenen bat dator atzetik. Egia esan, pentsatzen nuen izanen zela laneko konturen bat edo zerbaiti buruz informatzeko, eta geratu ginen. Ikusi nuen Ane Elordi ere [Korrikako koordinatzailea] bazetorrela, eta hor ja esan nuen: «Zer arraroa». Korrikari lotutako zerbait izanen zela pentsatu nuen, baina... Kafea hartzen, zuzenean bota zidaten proposamena, eta nik baietz.

Zer sentitu zenuen? Zalantza egin al zenuen momenturen batean?

Pentsatzeko esan zidaten, baina momentuan esan nien baietz. Esan nien: «Har ditzaket egun batzuk pentsatzeko, baina erantzuna berdina izanen da». Alde batetik, ardura eta erantzukizuna sentitu nituen, noski, baina, beste aldetik, poza, ohorea; bizitzan behin gertatzen ahal den opari bat da.

Nolakoa izan zen mezua idazteko prozesua?

Nahiko bakartia. Ni ohitua nago testuak konpartitzera eta kontraste hori bilatzera konfiantza ematen didatenekin. Oraingoan, ez da hala izan, ezin zelako; horrek bertigo pixka bat ematen zidan.

«Ohitua nago testuak konpartitzera. Orain, ez da hala izan, ezin zelako; horrek bertigo pixka bat ematen zidan».

Mezuak ipuin itxura du, baina aldarrikapenez beteta dago. Zein ideia helarazi nahi zenituen? Hasieratik argi izan al zenuen zer esan?

Hasieratik ez. Otsailaren hasierarako eman zidaten idazteko epea, eta aurrena oharrak hartuz joan nintzen; gero osatu nuen testua. Aurrez egindako bideari aitortza egin nahi nion, ez baikatoz hutsetik; orduan, bide horri edo bidegile horiei aitortza bat egin nahi nien, baina gaur egunera ekarrita. Abiatu nintzen Txillardegiren aipu batekin [Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi], eta, gero, badaude oihartzun batzuk: Graxi Etxebehererenak, Maite Idirinenak, Filipe Oihanbururenak... Denek euskalgintzari eta herrigintzari erreferentzia egin diote edo bi adar horiek jorratu dituzte, eta Korrikak ere hori egiten du, euskalgintza eta herrigintza batu. Baten batek entzungo zituen haien doinuak edo haien oihartzunak, baina, betiere, testua osatzeko erabili ditut. Gero, noski, Korrika bada aldarrikapena, baina jaia ere bada, eta, gainera, jai horren amaierako testua da; orduan, pixka bat positiboa izatea ere bazegokiola iruditzen zitzaidan, eta mamia izan zezan nahi nuen, leku komunak saihestu...

Zer?

Leku komunak, denok eroso egonen garen leku horiek. Zerbait izan zezan nahi nuen, eta ez geratzea panfleto hutsean. Pozik geratu nintzen azkenean.

Bi hilabete inguru izan zenituen, beraz.

Bai. Gero pasatu nion Xabiri [Gartzia], Korrikako arduradunek irakurri zuten, balekoa eman zioten denek, eta aurrera.

Aipatu duzu aldarrikapenak bazeudela mezuan. Adibidez, esan zenuen euskara ez dela ez diskriminazio iturri ez inposizio. Euskararen aurkako oldarraldi honetan ezinbesteko mezua zen, ezta?

Bai. Gaur egungoari lotutako mezua egin nahi nuen, eta ez izatea garaiz eta tokiz kanpoko zerbait; testua kokatu egin nahi nuen. Inposizioaren diskurtsoa oso errotuta dago, eta hainbat geruza bustitzen ditu. Batzuetan ematen du auzi judiziala bakarrik dela, baina geruza asko hartzen ditu gizartean, eta, gainera, iruditzen zait oso erraz zabaltzen dela mezu hori. Erraz blaitzen ditu hainbat geruza, mezu kategorikoa baita. Buelta ematearren: blaitzen eta bustitzen duen arren, guk ere badakigu euria egiten, eta ari gara. Pixkanaka-pixkanaka ari gara halako diskurtsoei buelta ematen, baina ez genuke —batzuetan horretarako joera dugu, eta normala da— erantzunera mugatu behar. Guk gurea egin behar dugu, eta erantzunetik harago joan behar dugu, hain zuzen, halako diskurtsoek agenda markatu ez dezaten.

«[Aurtengoa] Beste Korriken pareko bizi izan dut, soilik banekiela nork egin zuen mezua».

Gainera, esan zenuen euskarak ekosistema osoa behar duela. Zer du irabazteko euskarak?

Dena, ia dena. Uste dut tamalez edo zorionez ia guztia duela irabazteko. Sektore batzuetan, sendotzeko eta egonkortzeko beharra izanen du, eta beste sektore batzuetan, bide ia guztia izanen du egiteko.

Korrika hasi aurretxoan eta irauten duen 11 egun horietan izaten dira mezuaren idazlearen inguruko porrak-eta. Zeresana ematen du gaiak. Nola bizi izan zenuen hori? 

Egia esan, aski lasai. Atzera-bueltarik ez zuen, mezua Korrikako lekukoaren barruan zegoen ja, eta ez zegoen aldatzerik. Sekretu izate horrek ez du uzten gehiegi pentsatzen, eta ez du aukerarik ematen horren inguruko mitologia puzteko, zeren sekretua da, eta, beraz, hor duzu zuk zure barrenean. Orduan, beste Korriken pareko bizi izan dut, soilik banekiela nork egin zuen mezua. Bestela, aurreko egunetan irrika handiz itxaron dut; Tafallan egin nuen korrika, beti bezala. Egun berean pasatu zen Iruñetik, baina ez nintzen geratu, Tafallara joan nintzen, eta korrika egin nuen Artaxoatik Tafallarako bidean eta Tafallan, gauez. Gerora, korrika egin nuen Labaren kilometroan. Porrak-eta egin ziren, edo konbertsazioetan ateratzen zen: «Aurten nork?». Nik despistatzeko zerbait botatzen nuen, edo isilik geratzen nintzen. Gero, lagun batzuek esan didate: «Ez zinen agertzen gure inongo porratan». Esaten nien: «Eskerrak eta zein ongi». Sorpresa hartu badute, hobe.

Nork zekien mezua zuk idatzi zenuela?

AEK-ko bost arduradunek, herrialde bakoitzeko arduradunek.

Ez zenion beste inori kontatu?

Lagun bati, baina sufritzen ikusi ninduelako idatzi bitartean.

«Behin igota, banekien ez nuela disfrutatuko, horrela hitz handiz esanda, baina saiatu nintzen kontziente izaten».

Hilabete atzera eginda, martxoaren 24an izan zen Korrikaren azken eguna. Nola jaiki zinen jakinda milaka euskal herritarren aurrean mezu hori irakurri beharko zenuela?

Baionan jaiki nintzen, asteburu-pasa joan baikinen. Bapo gosaldu genuen, eta itzulitxo bat egin nuen ibai ertzetik, trankil hartzeko. Justu korronte guztiaren kontra joan nintzen, zeren eta etortzen ziren autobusek han aparkatzen zuten, eta jendea kontrako noranzkoan zetorren; orduan, ezagun bat baino gehiago ikusi nuen.

Urduri?

Pixka bat bai. Baina, batez ere, Korrikako kideekin elkartu nintzenean. AEK-ko lagunak urduri zeuden; orduan, horrek pixka bat kutsatu zidan niri ere. Poza ere handia zen, baita ardura ere. Elkartzean eta ikustean lekukoa-eta... Esan nuen: «Listo, hau da unea». Paseotxo horretan hainbeste jende... Gero, behin oholtzara igota, egia esan, listo.

Zer sentitu zenuen han gainean?

Hor ja urduri nengoen, baina pixka bat lasaitu nintzen. Azken paseotxoan urduriago nengoen hainbeste jende ikusita; ez nekien nora begiratu ere. Behin igota, banekien ez nuela disfrutatuko, horrela hitz handiz esanda, baina saiatu nintzen kontziente izaten, arnasa hartzen, begiratzen parean neukanari eta jabetzen non nengoen.

Badaezpada poltsikoan zeneraman mezua?

Hiru zeuden. Lagunari utzi nion poltsa, eta hor zegoen bat; orduan, ja ez neukan gainean. Hori da urduritasunak egiten duena, baina banekien Xabik [Gartzia] ere bazeramala badaezpada, zerbait gertatuko balitz ere.

Oroigarri gisa edukitzeko, gorde zenuen papera?

Ez. Lekukoaren barruan zegoen mezu txikia hartzea pentsatu nuen, baina bukatu genuen, jaitsi genituen eskailerak, korroan egon ginen prentsakoekin-eta; gero, korrika eta presaka atera ninduten telebistara; gero, irratira... Eta agur; ahaztu egin zitzaidan, eta ez nuen hartu. Baina listo, badauzkat oroigarri gisa argazkiak-eta.

«Nik mezua idatzi eta irakurri dut, baina protagonistak hauek dira: AEK-ko ikasleak, irakasleak...».

Jendeak nola erantzun du hainbeste denboran gordetako sekretua argitu denean?

Oso polita izan da. Sekretupekoa zenez, nik aurrez ez dut hainbeste elikatu. Baina zelako proiekzioa izan duen... Ikusi dut lagunei eta ezagunei ere —hain hurbilekoak ez direnei— zelako ilusioa egin dien eta zelan hunkitu diren... Horrek hunkitu nau ni ere, eta poztu nau. Harrituta-edo ere banago esposizio horrekin. Hori ona da, ze ikusten duzu Korrikak zelako dimentsioa daukan gaur egun; beraz, positiboan hartzen dut. Eta hau bai esan nahi dudala: nik zer egin dut? Mezua idatzi eta irakurri, eta listo. Baina Korrika egin ahal izateko, Korrikak iraun bitartean eta aurretik prestaketa egon da. Ni fokupean egon naiz, eta hau baino ez dut egin: mezua idatzi eta mezua irakurri. Aldarrikatu nahi dut protagonistak hauek direla: AEK-ko ikasleak, irakasleak eta beste hainbat euskaltegitan eta euskalgintzan ari diren guztiak, oro har. Eta zehazki Korrikari lotuta, AEK-ko kideak, egun horietan komunikazioan ibili ziren guztiak, furgonetan ibili zirenak... Norbaiten gainean jarri behar da fokua, eta ulertzen dut tokatu zaidala, baina besteak ahaztu gabe.

Ekosistema oso bat behar dela Korrika aurrera ateratzeko, ezta?

Bai, bai, hori da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.