Etorkinen harrera eta sostengu taldeak biltzen dituen kolektiboak bere gain hartu du Korrikako lehen egunean, martxoaren 14an, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko Santiago zubian burutu «desobedientzia zibileko ekintza», eta halaxe jakinarazi du prentsaurreko bidez, astearte honetan, Irunen. Aldarrikapena izenpetu duten egiturek erabaki zuten «36 migratzailerekin batera muga» zeharkatzea, «Santiago zubitik», Korrikako 36. kilometroan.
Etorkinen harrera sare eta elkarteak, sindikatuak —LAB, Steilas, FSU64, Ipar Euskal Herriko SUD—, alderdi politikoak —Berdeak, EH Bai, Frantzia Intsumisoa, Ipar Euskal Herriko Gauche Ecosocialiste— eta herritar mugimenduak — Bizi, Attac, Xuti Gazte— biltzen ditu martxoaren 14ko ekintza bere gain hartu duen kolektiboak.
Salatu dute etorkinak «posta pakete hutsak balira bezala» tratatzen dituztela Frantziako eta Espainiako estatuek, baita Europako Batasunak ere. Etorkinak «gerlen, goseteen, kapitalismoaren, ustiapen ekonomikoen, esklabotasun modernoaren eta gero eta gehiago klima aldaketaren biktimak» direla adierazi dute aldarrikapen agirian. Europara heltzen direnak «beren kalbarioaz traumatizatuak» direla, eta informazio gutirekin. Irungo Gurutze Gorrian hiru egun baino gehiago ezin direla egon oroitarazi dute, «beharrezkoa zaien informazioa lortzeko eta ulertzeko denbora ukan gabe».
Ondotik, muga zeharkatu nahi eta Frantziako Poliziaren kontroletatik ihesi ibili behar dute, «geltokietara, autobideetara eta autobus geltokietara». Eta Poliziak «harrapatu eta Hegoaldera itzultzen dituzte, legezko inolako prozedura errespetatu gabe», salatu du kolektiboak. Saiakera horretan, etorkin frankok bide arriskutsuak hartzen dituzte, Poliziak harrapa beldur. Bederatzi hil izan direla gogoratu dute sostengu taldeek, izan trenbidean, izan Bidasoa ibaian itorik.
Kolektiboko kideak arrangura dira «hurrengo Europako itunak» ez ote dituen «jende gehiago hiltzera kondenatuko jada hilerri bihurtuta dagoen Mediterraneo itsasoan». Halaber, Frantziako Gobernuak «eskuin muturraren laguntzarekin» pasarazi berri duen Asilo eta Immigrazio Legearen ondorioek kezkatzen dituzte. Lege horrek «atzerritarren estigmatizazioa eta errepresioa» antolatzen dituela uste dute.
Euskal agintariei mezua
Zehaztu dute muga zeharkatzeaz haragokoa izan dela Korrikako 36. kilometroan egin desobedientzia zibileko ekintza. «Lagundu pertsona horiei Baionarako bidea segurtatu genien», diote izenpetzaileek, «haien harrera bertan segurtatuz».
Ekintzaren funtsa ere aipatu dute. «Europa Gotorlekuaren immigrazio politika errepresiboa» salatzeko egin dutela zehaztu dute. «Erbesteratuak ahultzen dituen» politika da, diotenez, «kanpoko mugetan blokeatu eta sare mafioso, esplotazio eta giza salerosketa ugaritara bultzatzen dituena».
Azken mezua helarazi nahi izan diete, bestalde, Euskal Herriko erakunde publikoetako ordezkariei: «Agintari publikoei eskatzen diegu ahalik eta baliabide gehien erabil ditzatela harrera baldintza duinak eta seguruak bermatzeko eta nahi duten guztiei hemen edo beste leku batean bizitzen uzteko».
Kolektiboak ez zuen lehen ekintza. Oroitarazi du Avenida oinezkoen zubiko burdin hesiak sinbolikoki ireki zituela 2022ko azaroaren 1ean, baita Pausu/Behobia zubiko kontrolgunea kartelekin estali ere, 2023ko uztailaren 22an.
«Harrera Herri Harro», «Ttipi ttapa, Euskal Herria; ttipi ttapa, harrera herria» leloekin bukatu dute aldarrikapen agiria.