Izaten dira malkoak. Pozak nahiz emozioak eragindakoak. Izaten dira barreak. Alaiak eta urduriak. Korrikak askotariko emozioak sortzen ditu, eta horien inguruko azterketa egin du Amaia Ruiz Mondragon Unibertsitateko ikasleak (Ortuella, Bizkaia, 2002) Herria harro. Emozioen garrantzia euskal kulturaren transmisioan: 23. Korrikaren kasua gradu amaierako lanean. Bederatziehun lagunek baino gehiagok erantzundako inkesta bat —erantzun horietatik berrehun hartu ditu kontuan—, antolatzaileei eta parte hartzaileei eginiko elkarrizketak, eta Korrikako furgonetaren barrutik 11 egunez eta hamar gauez egindako behaketa izan ditu lan tresna.
Zer ondorio nagusi atera dituzu zure lanean?
Korrika, zerbait bada, emozionala dela, eta emozional egiten duten ezaugarriengatik, elementuengatik eta sinbologiagatik iraun duela urteetan.
Zer elementu, sinbolo eta emozio atxikitzen zaizkio?
Askok hitz egiten dute euskara, AEK eta lasterketa terminoez, eta jendeak emozio asko atxikitzen dizkio. Beste batzuek identitatea, nortasuna, Euskal Herria, nazioa, esfortzua, helduen euskalduntzea, borrokak... aipatzen dituzte. Jendeak zoramena eta magia ere erabili ditu Korrika deskribatzeko.
Zer-nolako garrantzia du Korrikak euskal kulturaren transmisiorako?
Oso handia. Batetik, erreminta oso indartsua da Korrikan parte hartzen dugunak, ikusten ari direnak eta munduko beste punta batetik erreparatzen dioten euskaldunak batzeko. Kolektibotasun hori existitzen dela gogoratzeko eta horren alde egiteko balio du, baita euskal komunitate baten parte garela eta bertan bizi garela gogorarazteko ere. Bestetik, zaila da Korrikaren bidez euskaraz bizitzeko hautua egitea, baina aukera ematen du euskarari eta euskal kulturari garrantzia emateko.
Korrikan emozio baikorrak izaten dira nagusi, ezta?
Inkestan, erdiek poztasuna adierazi dute, ia laurdenek urduritasuna, harrotasuna... Eta badaude batzuk tristura aipatzen dutenak ere, gehienbat Korrika amaitzean emozio hori ere izaten dutelako.
Alderik nabaritu al duzu, esaterako, parte hartzaileen adinaren edo sexuaren arabera?
Aztertu dut, baina lanean ez dut hainbeste aipatu. Nire lana hasi baino lehen, Teresa del Valleren lana irakurri nuen, laugarren Korrikari buruzko liburua, eta ordu hartako parte hartzaileen adina eta sexua aipatzen ditu. Esaten du umeek parte hartzen zutela adierazteko nagusiengandik gazteengana transmititzen zela Korrika, eta zerbait sinbolizatzen zutela lekukoa batak besteari pasatuz. Esango nuke aurten ez dela hainbesteko nahirik izan hori erakusteko; garrantzi handiagoa izan du umeei lekukoa eramateko aukera emateak. Sexuarena ere asko landu zuen Teresa del Vallek. Esaten zuen familiak Korrikan parte hartzeko egiten zutela Korrika emakumeek, bereziki. Aurten hori ez da hain agerikoa izan, badaudelako emakumeak beren kabuz, familiarik gabe, parte hartzen dutenak. Baina, oraindik ere, gizon gehiagok parte hartzen dute familia barik.
Gizon gehiago daude pankartaren atzean ere.
Bai, eta, pankartaren atzean badaude, telebistan daude; gehiago nabaritzen da gizonen presentzia, nahiz eta emakume asko dauden.
Del Valle aipatu duzu. Izan ere, Korrikaren bilakaera ere aztertu duzu. Zeri eutsi zaio ordutik hona? Zertan egon dira aldaketak?
Sinbologiaren aldetik, aldaketa egon da. Adibidez, mugen kontua oso desberdina zen lehen. Frantziaren eta Espainiaren arteko muga itxita edo itxiago zegoen, eta euskarak mugarik ez zuela adierazteko erabiltzen zituzten mugak. Aurten, beste gauza batzuk sinbolizatzeko erabili dira muga horiek, beste aldarri batzuk mahai gainean jartzeko: adibidez, etorkinen kontuari ikusgaitasuna emateko. Aurtengo aldarriak eta laugarren Korrikakoak desberdinak dira, euskararen egoera ere desberdina da; orduan, horrek eragin du zenbait aldarriri erreparatzea. Zenbait kolektibok ere euskararen presentzia izan nahi dute gaur egun, eta Korrikak horretan laguntzen du.