Korrika milaka lagunen artean iritsi da Baionara

Garazi Arrula idazleak idatzi du lekukoak gordetako mezua. Arratsaldean, jai handia egin dute Korrikari amaiera emateko.

Bixente Claverie eta Garazi Arrula, gaur, Baionan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Bixente Claverie eta Garazi Arrula, gaur, Baionan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki - Paulo Ostolaza
2024ko martxoaren 24a
12:45
Entzun

Argitu da 23. Korrikako lekukoak 11 egunez gorde duen mezua. Garazi Arrula idazlea izan da egilea, Txalaparta argitaletxeko editore eta itzultzaile tafallarra. Joaldunen eta txalapartarien doinu artean igo da Baionako Askatasunaren plazako oholtzara. Milaka lagun elkartu dira han, aurtengo Korrika jendetsuaren erakusle.

Arrularen mezuak nabarmendu du Korrika dela «herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea»; eta herri horrek ez duela euskararekiko «kontingentzia planik» nahi; baizik eta «egiazko trantsizioa». Halaber, mezuak esaten duenez, «desira transmisiorako bide behinena» izanagatik, ez da ahaztu behar «hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa». Euskararen komunitatea zabaltzeko gura ere aipatu du mezuaren egileak: «Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak».

Euskal Herriko hainbat eragilek egin dituzte azken kilometroak. Lekukoa hauek eraman dute: Gure Esku, Etxerat, Sare eta Bakebidea, Errigora eta Agerraldia, zenbait alderdi politiko eta sindikatu, UEMA eta Udalbiltza, Hekimen, zenbait hezkuntza eragile, Azterketak Euskaraz kolektiboa, Kontseilua eta Euskal Konfederazioa eta AEK. 

AEKren amaierako mezua.

Goizean goizetik hasi dira animazioak. Korrikalariek azken kilometroak egin dituzten bitartean, dantza jauziak egin dituzte Patxi eta Konpainiak Santizpiritu auzoko Gambetta plazan. 13:30ean, «jai handia» egingo dute. Hiru gune nagusi dira Baionan barna: Merkatuko plazan, San Andres plazan eta Patxa plazan izanen dira kontzertu nagusiak. Horrez gain, haurren xokoa eta EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak prestatutako zikiroa ere badira dira Xaho plazan —Korrikaren webgunean eros daitezke sarrerak—. Azkenik, karrikako animazio andana ere izanen da, eta jateko eta edateko eskaintza zabala.

107429 23 korrika baiona festa web

Eraso sexista, arrazista eta homofoboen kontrako protokoloa ere plantan ezarri dute, erasorik gabeko gune bat sortzeko. Prebentzio lana ziurtatuko du protokoloak, eta, erasorik gertatuko balitz, horiei erantzutea.

Martxoaren 14tik 24ra, ia 2.800 kilometro, ehunka herri, milaka euskaltzale eta milioika taupada euskararen alde: Euskal Herria alderik alde zeharkatu du 23. Korrikak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.