BERRIAren webgunean, 2020an gehien irakurritako 60 albisteen zerrendan, erdiak baino gehiago (34) COVID-19aren inguruko albisteak dira. Guztien artean, koronabirusaren azken datuak grafikoetan landu dituen albistea nabarmendu da. Gehien irakurritakoa izateaz gain, orain arteko marka guztiak hautsi ditu: 286.000 ikustaldi baino gehiago bildu dituKoronabirusaren azken datuak izenburuko albisteak. BERRIAren webgunearen historian ikustaldi gehien izan duen artikulua da. Irakurketa denbora ikaragarria ere bereganatu du: guztira, 24.000 ordu baino gehiago.
Zerrendako bigarren tokian dagoen albisteak ere zerikusia du koronabirusaren datuekin. Birusaren zabalkundea mapa interaktibo batean erakusten du, eta, guztira, 90.000 ikustaldi baino gehiago jaso ditu hilabeteotan. Pandemiaren datuak landu dituzten bi albiste hauek biziak izan dira: etengabe eguneratu dira, eta tarteka berrituak izan dira, grafikoak eta mapak egokituz. Hirugarren eta laugarren albisteak pandemiari aurre egiteko neurriei buruzkoak dira. Bata maiatzekoa, lehen fasera pasatzeko garaikoa, eta bestea, urrikoa, bigarren olatuari aurre egiteko asmoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak ixteko erabakiaren berri ematen zuena.
Dena ez da izan izurria 2020an. Gehien irakurritako hamar albisteen artean, adibidez, beste gai batzuk ere ageri dira: Zaldibarko zabortegiaren tragediaren harira garraiolari batek BERRIAri eskainitako lekukotasuna, Joan Mari Torrealdairen heriotza, eta Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza.
Honako hauek dira gehien irakurritako hamar albisteak:
1.Koronabirusaren azken datuak
2.Koronabirusaren egoera herriz herri
3.Jaurlaritzak mugatu egingo du lehen fasea, eta ez du utziko herri batetik bestera joaten
4.Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte
5.«Inork nahi ez zituen hondakinak joaten ziren Verterrera»
6.Ez adiorik, aita
7.Zer egin daiteke astelehenetik aurrera?
8.Intelektual bat Euskal Herriari
9.Koronabirusaren datuak, udalerrika
10.Igor Gonzalez Sola euskal presoa hilik agertu da bere ziegan, Martutenen
Zerrendako gainerako 50 artikuluei begiratuz gero, gehienak koronabirusarekin lotuta daude, baina haien artean badago aniztasuna, kazetaritza mota ezberdinen erakusle. Batzuk azken ordukoak dira, neurri eta erabakien berri ematen dutenak (mugimenduari buruz, hezkuntza grebari buruz, elkartzeko gehienezko kopuruari buruz, maskararen erabilerari buruz…). Beste batzuk neurrien inguruko albiste argigarriak dira:Zer egin daiteke «normaltasun berrian»?, Bigarren faserako jakin beharrekoak, edo Alarma egoera: zer egin liteke, eta zer ez?. Beste batzuk lekukotasunak dira (hildako baten familiaren gutuna, gaixotasuna gainditu duen pertsona baten bizipenak…). Beste batzuk, praktikoak: Noraino irten kilometro bateko eremuan, Itxialdia euskaraz goxatzeko 50 proposamen… Badago gogoetara bideratutako erreportaje bat, hainbat adituren iritziekin osatua: Nola aldatuko du koronabirusak mundua?. Edo desinformazioari aurre egin nahi dion bat: COVID-19aren uste ustelak.
Koronabirusarekin zerikusirik ez duten albisteei dagokionez, aipatutakoez gain, beste bi heriotza ageri dira 60ko zerrendan: Jose Luis Zumeta margolariarena eta Lucio Urtubia anarkista historikoarena. Halaber, bi elkarrizketa aurki daitezke: Lander eta Zigor Garro anaiei egindakoa eta Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindakoa. Badira lau analisi eta iritzi ere.
Aipatzekoak dira, gainera, Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaioren atxiloketei buruzko albistea; Maddalen Iriartek umetan jasotako abusuen aitorpenari buruzkoa; eta Diego Perez de los Cobos guardia zibilarengandik jasotako torturen berri emanez Pello Alcantarillak BERRIAri eskainitako lekukotasuna. Ez dira falta zerrendan sare sozialetan oihartzuna izan duten gaiak: Samuel L. Jacksonek euskaraz esandako hitzak, Julian Iantziren inauterietako iragarkia edo Joxean Tolosaren kaleratzea.
2020an irakurleen arreta gehien bereganatu duten 60 artikuluen zerrenda orrialde berezi batean ikus dezakezu osorik: Gehien irakurriak 2020an.