Koronabirusa

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Iñigo Urkullu omenaldian. EUSKO JAURLARITZA
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 21a
13:35
Entzun

Gaurtik, izen berria du Gasteizko Sekuoiaren Parkeak. «Oroimenaren, elkartasunaren eta itxaropenaren parkea» izanen da hemendik aurrera, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez. Sempervirens parkea izendatu dute, beti berde, alegia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren ondorioz hildako pertsonak omendu dituzte ekitaldian. Bertan adierazi dutenez, koronabirusarekin eri ziren 1.800 pertsona baino gehiago hil dira hiru lurralde horietan martxoaz geroztik.

Biktimei aitortza egiteko landatu duten sekuoia baten inguruan egin dute ekitaldia, eta oroitzapenezko plaka bat ipini dute bertan.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, diputatu nagusiak eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako alkateak. Baita Eudeleko, Arartekoko eta alderdi politikoetako beste zenbait ordezkari ere.

Hildakoak oroitu eta haien familiei elkartasuna adierazteaz gain, Urkulluk eskerrak eman dizkie pandemiari aurre egiteko lanean ari diren profesionalei. Erantsi du, gainera, hemendik aurrera ere premiazkoak izanen direla «ahalegin kolektiboa, konpromisoa eta elkartasuna». Datozen urteetan izanen diren helburuak ere aipatu ditu Urkulluk. «Ekonomiaren eta enpleguaren susperraldi gogor eta premiazkoari aurre egin beharko zaio», adierazi du.

Gasteizen egindako omenaldiaz harago, lehendakariak dei egin die Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalei, eta proposatu die herrika beste ekitaldi batzuk antola ditzatela, herri bakoitzean koronabirusaren ondorioz izandako biktimak omentzeko.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.