Koronabirusa

Koronabirusak Hego Euskal Herriko herritarren %4,3 kutsatu ditu

Portzentajea hamarren bat jaitsi da Espainiako Gobernuaren seroprebalentzia azterketan. Araban ia puntu bat egin du behera

Osasun langile bat, antigorputzak neurtzeko testaren emaitzaren zain, Almerian (Espainia). CARLOS BARBA / EFE.
jakes goikoetxea
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Argazki orokorra ez da aldatu: maiatzaren erdian, Hego Euskal Herriko herritarren %4,4 zituen kutsatuak SARS-CoV-2 birusak; hiru aste geroago, %4,3 dira. Hala ere, herrialdekako datuetan badaude aldaketak: nagusiak, Araban eta Nafarroan. Araban, kutsatuen portzentajea ia puntu bat jaitsi da, lehen neurketako %7,1etik %6,2ra; Nafarroan, berriz, %5,7tik %6,4ra igo da. Gainerako herrialdeetan, igoera apalak izan dira: Bizkaian, %3,5etik %3,7ra, eta Gipuzkoan, %2,4tik %2,6ra. Portzentajeak herritarren kopurura estrapolatuz gero, Hego Euskal Herrian ia 124.000 kutsatu egon dira, kopuru ofizialek diotena halako lau. Ondorioak: herritarren gutxiengo bat kutsatu da, eta osasun zerbitzuek kutsatuen gutxiengo bat atzeman dute.

Espainiako Gobernuak eta Karlos III.a Institutuak atzo jakinarazi zituzten seroprebalentzia azterketaren bigarren neurketaren datuak, maiatzaren 18tik ekainaren 1era bilduak. Birusak izan duen intzidentziaren estimazio bat da azterketa: ausaz aukeratutako hainbat herritarri test azkarrak egiten dizkiete, SARS-CoV-2 birusaren antigorputzik duten jakiteko. Hego Euskal Herrian 4.750 pertsonari egin dizkiete testak bigarren neurketan —4.569 izan ziren lehenengoan—. Kopuruak ez dira herrialdeetako populazioaren proportzionalak: Araban 727 izan dira, Gipuzkoan 1.019, Bizkaian 1.249 eta Nafarroan 1.755.

Argazkia eta bilakaera

Ikerketa horren bitartez, argazkia ateratzen diote birusaren zabalkundeari, eta, ikerketak berriz eginda, haren bilakaera ere aztertzen dute. Baita aztertutakoen immunitatea ere, antigorputzen bidez. Pertsona horiei hirugarren neurketa ere egingo diete, eta orduan ondorio orokorragoak aurkeztuko dituzte, ekainaren amaieran. Azterketaren arduradunek ez dute informaziorik eman aztertutako pertsonen immunitatearen garapenari buruz, ez eta kutsatzeei buruzkorik ere. Jakinarazi dute, hori bai, hiru kutsatutatik batek ez duela sintomarik izan.

Espainiako Gobernuak eta Karlos III.a Osasun Institutuak, probintzietako datu orokorrez gain, ez dute eman tokian tokiko datu bereizgarririk: kutsatuen adina, sexua... Berez, azterketa Espainiako Osasun Ministerioak sustatzen du, Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuarekin batera, baina Euskal Herrian Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun departamentuek eta bertako osasun zerbitzuek —Osakidetza eta Osasunbidea— egiten dute.

Proba horietan G immunoglobulina neurtzen dute, test azkarren bidez. Herrialdeetako portzentajeak populazio osora estrapolatuz gero, Araban kutsatuak 20.500 inguru izango lirateke, Bizkaian 42.600, Gipuzkoan 18.800 eta Nafarroan 41.800 inguru. Lehen neurketak erakutsi zuen talde immunitatetik urrun dagoela Hego Euskal Herria, eta bigarreneko datuek berretsi egin dute. Herritarren %60 inguru kutsatu beharko lirateke immunitate maila hori lortzeko.

Espainiako Osasun Ministerioaren seroprebalentzia azterketaz gain, Jaurlaritza eta Osasun Saila beste bat egiten ari dira, haren osagarria: epidemiaren garairik gogorrenean, otsailaren 28tik apirilaren 15era, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak zituztela jakinarazi zutenei baina gaixotasuna zuten egiaztatzeko probarik egin ez zietenei. 4.147 pertsona dira guztira.

Atzoko datuei dagokienez, azkeneko 24 orduetan zortzi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Bederatzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.