Koronabirusa

Koronabirusak gutxienez 115 pertsona hil ditu astebetean Hegoaldean

Beste 675 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta %4,5 da positiboen ehunekoa. Baionako lizeoan agerraldi bat atzeman dute

ZIUetako gela bat Nafarroako Unibertsitatea klinikan. JESUS DIGES / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Eten egin da birusagatik hildakoen kopuruak asteotan Hego Euskal Herrian izandako beheranzko joera. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, joan den igandera arte gutxienez 115 pertsona zendu dira gaitzarengatik astebetean, hau da, abenduaren 7tik 13ra. Heriotza horietatik guztietatik 99 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu dira, eta, beraz, bigarren olatuko daturik makurrena da Jaurlaritzak atzo argitaratutakoa. Gainera, aintzat hartu behar da datu horietan heriotzaren kausa nagusia gaitza bera izan duten kasuak baizik ez daudela bilduta; Nafarroako Gobernuak, berriz, baturik ematen du datua, eta, jakinarazi duenez, birusarekin eri ziren hamasei lagun hil dira astebetean. Aurrekoan 27 hil ziren.Gainera, beste bi heriotzaren berri eman du gobernuak: 83 urteko emakume bat eta 90 urteko beste bat.

Kutsatzeei dagokienez, beste 675 positibo detektatu ziren herenegun Hegoaldean. Zehazki, birusa atzemateko 15.015 test egin zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak, eta horien guztien %4,5ek eman zuten positibo. Bezperako datuen aldean, handitu egin zen egun bakarrean detektatutako kasu kopurua, baina aipatzekoa da egindako test kopuruak izandako gorakada. Astelehenean 525 kasu zenbatu zituzten, ia 5.000 proba gutxiago eginda, eta %4,9 izan zen positiboen portzentajea.

Hegoaldeko herrialdeen artean, Gipuzkoan atzeman zen kasu gehien herenegun: 243. Bizkaian 231 positibo erregistratu zituzten; Araban 104 izan ziren, eta Nafarroan, berriz, 93.

Halaber, Hegoaldeko ospitaleetako egoera aztertuta, guztira 65 pertsona eraman zituzten atzo ospitalera gaitzak eragindako sintomak larriagotuta. Gainera, 122 lagun daude ZIUetan, eta 463, berriz, gela arruntetan.

Agerraldia Etxepare lizeoan

Ipar Euskal Herrian, oporrak izango dituzte ikasleek bihartik goiti. Baina oporren bezpera arte hedatu da gaitza: atzo, Baionako Etxepare lizeoan agerraldi bat atzeman zuten. Terminaleko hiru ikasle kutsatu dira, eta gela horretako guztiak etxera bidali dituzte. Zuzendaritzak testak egitera bultzatu ditu ikasleak, kasuak ahalik eta azkarren kontrolatzeko. Etxetik segituko dute lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.