Inbestidura saioak. Udalak

Korapiloak askatuz doaz

EAJk eta EH Bilduk ituna egin dute Guardian eta Bastidan, PP kentzeko. Arrigorriagan eta Tafallan, herri plataformek emango diote modua EH Bilduri bi herrietan gobernatzeko

Alonso eta Maroto Guardian, martxoan. A. R. H / EFE.
Gotzon Hermosilla - Jon O. Urain
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Zalantza batzuk argitzeke badaude ere, gero eta definituago ageri da datorren legealdian herriz herri aginduko duten indar politikoen mapa. Bihar egingo dituzte udalbatzak osatzeko eta alkateak aukeratzeko bilkurak Hego Euskal Herriko udaletan; gehientsuenetan, maiatzaren 26ko hauteskundeetan argitu zen zein izango den datozen lau urteetarako alkatea, baina, panorama zabalik dagoen herrietan, negoziatzen ari dira alderdi politikoak. Batzuetan, ados jarri dira jada.

Dudetako bat izango da ikustea EAJ-PSE aurreakordioak nola eragingo duen udaletan. PSE-EEk atzo egin zuen itunari buruzko galdeketa kideen artean, eta %90k bozkatu zuten akordioaren alde, baina, Bizkaian, PSEko kideen %17k bozkatu dute kontra. Izquierda Socialista ildoa itunaren kontra agertu da, iritzita akordioa ez dela «herritarrentzako ona» izan, eta ezkerreko alderdien arteko aliantzak lehenetsi ditu. Santi Reyes ildoko koordinatzaileak hautagaitza aurkeztuko du PSE Eusko Legebiltzarreko bozei begira uztailean egingo dituen primarioetara.

ARABA
Bastidan eta Guardian, EAJ

Araban, dozena erdi bat dira M-26ko bozetan indar nagusia izan eta alkatetza lortzea ziurtatua ez duten herriak. Fokua, ordea, bitan dago: Bastidan eta Guardian. Bietan, PPk irabazi zituen hauteskundeak, baina EH Bildu eta EAJ ados jarri dira jeltzaleak alkate izango diren gobernu koalizioak osatzeko. Ibon San Saturnino EH Bilduko Arabako Mahai Politikoko koordinatzaileak eman zuen negoziazioen berri, atzo goizean, eta jakinarazi elkarrizketak «bide onetik» doazela. Azaldu zuenez, indar subiranistaren asmoa da PP «boteregune guztietatik» kentzea, iritzita haren kudeaketa herritarren interesen kontrakoa dela: «Aurretik egin dugu, baina aurreko legealdian ikasi dugu ez dela nahikoa PP alkatetza batetik kanporatzea, baizik eta horrekin batera beharrezkoa dela legealdirako bide orri bat eta gobernantza eredu bat adostea ere». Arratsaldean baieztatu zuen albistea PPk, jakinarazita bi indarrek akordioaren berri eman ziotela.

PPk alkatetza eskuratu nahi zuen Arabako bi herri horietan. Euskal Autonomia Erkidegoan dituen alkatetza bakarrak dira, Mañuetarekin eta Navaridasekin batera. PP prest legoke Kuartangon «keinu» bat egiteko, Iñaki Oiartzabal PPko Arabako buruak esan zuenez. Han, EH Bildu eta EAJ berdinduta daude, eta PPren esku dago berdinketa apurtzea eta alkatetza jeltzaleei ematea. Atzo, EAJri ohar egin zion Alfonso Alonso PPko EAEko presidenteak: esan zuen «goiz» dela jakiteko PPk Eusko Jaurlaritzaren 2020rako aurrekontu proiektua babestuko duen, baina erantsi zuen «kontraesana» litzatekeela EAJk «hesi sanitario bat» ezartzea PPri, eta, aldi berean, Eusko Legebiltzarrean akordioak egin nahi izatea: «Eskatzen diegu, gutxienez, ez diezaguten burua horrela zapaldu, eta esan diezaguten ea PP edozein modutan kanporatu behar den».

BIZKAIA
Arrigorriagan, EH Bildu-AG

Bizkaian ere hasi dira gauzak argitzen, nahiz eta, alkatetza zalantzatan dagoen herrietan, galderak erantzunak baino ugariagoak diren oraindik ere. Arrigorriagan, esaterako, EH Bilduk alkatetza lortuko du, eta EAJ, 1980tik estreinako aldiz, oposizioan egongo da. EH Bilduk jaso zuen boto gehien Arrigorriagan, eta sei zinegotzi lortu zituen. Baina alkatetzarako bidea ez zuen batere erraz: EAJk ere sei zinegotzi eskuratu zituen, eta PSE-EEk, berriz, bi. Azken bi alderdi horiek hitzarturiko akordioaren ondorioz, hautagaitza independenteen babesa behar zuen EH Bilduk, alkatetzari eusteko.

Azkenean, negoziazioek emaitza ona izan dute, eta EH Bilduk eta Arrigorriaga Gara plataformako bi zinegotziek indarrak batuko dituzte. NOA zerrenda independenteko zinegotzi bakarra, berriz, abstenitu egingo da. Horrek esan nahi du EH Bildu-AG blokea eta EAJ-PSE berdinduta geratuko direla, zortzina zinegotzirekin, eta, horrelakoetan egin ohi den moduan, boto gehien jasotako zerrendaren hautagaia aukeratuko dutela alkate: EH Bilduko Maite Ibarra. Koalizioak iragarri du datozen asteetan jarraituko dutela negoziatzen, baina hitzartu dutela Gobernu Batzordea AGrekin batera osatuko dutela, eta zerrenda horren zinegotziek bi sailen ardura hartuko dutela.

Bestalde, Galdakaoko alkatetza zalantzan dago oraindik —EAJk irabazi zuen, baina EH Bilduk lor dezake gobernua osatzea—; Alonsotegin, berriz, herritar talde batek agerraldi bat egin zuen atzo, «aldaketaren» eta «herritarren borondatea errespetatzearen» alde. EH Bildu izan zen lehen indarra, baina PSEk alkatetza eman diezaioke EAJri.

GIPUZKOA
Andoain, PSEren zain

Gipuzkoan, ikusteke dago EAJ-PSE itunak zenbaterainoko eragina duen eta, zehazki, hautagaitzarik aurkeztuko duten indar nagusia izan ez ziren herrietan: PSEk, Andoainen eta Pasaian, eta EAJk, Mendaron, Soraluzen eta Lezon. PSEk EAJri baldintza gisa jarri dio sozialistek alkatetza lor dezaketen herrietan jeltzaleak gobernuan sartzea, eta Andoaingo EAJk atzo arratsaldean izan zuen posizio bat finkatzeko bilera, horren ostean, EAJko iturriek berretsi zuten oraindik ez dutela erabaki irmorik hartu. EAJk gobernuan sartzeari uko eginda ere, PSEk erabaki lezake alkategaia aurkeztea; kasu horretan, bi alderdiek eginiko hitzarmenaren arabera, EAJko zinegotziek Maider Lainez hautagai sozialista babestu beharko lukete, Andoni Alvarez EH Bilduko alkategaiaren kaltetan. Edonola ere, asmoa da gaur goizean erabakitzea zein izango den sozialisten eta jeltzaleen jarrera bihar.

Herri horietan gertatuko dena ikuskizun, EH Bilduk ohar bat argitaratu zuen atzo arratsaldean bertan, nabarmenduz EAJ-PSE itunak ez diola «herri bakoitzeko errealitateari erantzuten», eta ez duela «gaitasunik herrialde gisa nahiz tokiko erakundeetan» dauden «erronkei erantzuteko».

Jada ziurra da EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat eginda gobernatuko dutela Errenterian. EH Bilduk azaldu du «sintonia» dagoela bi taldeen artean, eta koalizioan gobernatuko dute, Aitzpea Otaegi EH Bilduko alkatea buru dutela. Atzo izenpetu zuten hitzarmena, Foruen plazan.

NAFARROA
Tafalla, EH Bildurentzat

Nafarroan, ikusteko dago PSNk nola jokatuko duen tokiko erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren osaketan, baina, Navarra Suma alkatetzara iritsi dadin saihesteko aliantzak posible izan dira boto sozialistak beharrezko ez diren leku batzuetan. Tafalla da horietako bat: atzo jakinarazi zuten EH Bildu, Iniciativa Por Tafalla, Ezkerra eta Geroa Bai ados direla alkatea EH Bildukoa izateko. Bederatzi zinegotzi izango dituzte guztira. Navarra Sumak irabazi zituen hauteskundeak, bost zinegotzi lortuta, baina PSNko hiru ordezkarien abstentzioak ez dio balio alkatetzarako.

Beste hainbeste gerta daiteke Zizur Nagusian; Navarra Suma izan zen nagusi, baina Geroa Bai, EH Bildu eta AS Zizur herri plataformaren baturak Geroa Bairi eman diezaioke alkatetza. Hirurek bilera bat egin zuten atzo, itun aukerak aztertzeko.

Bestelakoa da egoera Andosillan. Bosna zinegotzi lortu zituzten Navarra Sumak eta PSNk, eta EH Bilduko zinegotzi bakarrak babesa emango dio Javier Sanz hautagai sozialistari alkate izateko. Lizarran, EH Bilduk PSNren babesa behar du alkatetzan jarraitzeko, eta herriko PSNkoek atzo izan zuten hartu beharreko jarreraz hitz egiteko batzarra. Zangozan, AISS UPNren sokako herri plataformak irabazi zituen hauteskundeak, baina APSk eta EH Bilduk akordio bat egin dutela jakinarazi zuen atzo indar subiranistak, Lucia Etxegoien APSko hautagaia izan dadin alkatea.

Askatu gabe jarraitzen duen korapilo nagusia, ordea, Iruñean dago. EH Bilduk batzar batera deitu zituen Geroa Bai eta PSN atzo goizerako, baina Maite Esporrin hautagai sozialista ez zen bilerara agertu. «Argi esana daukagu ez garela Bildurekin elkartuko», esan zion Esporrinek atzo Efe agentziari. Udal hauteskundeetako emaitzak «onartzeko» eskatu zion Navarra Sumak Joseba Asiron jarduneko alkate eta EH Bilduko hautagaiari, eta ez saiatzeko «hautetsontzietan galdutakoa kalean irabazten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.