Gatazkaren konponbidea. Foro Sozialaren ibilbidea

Korapiloak askatu nahian

Foro Sozialak 2013ko martxoan egindako bilkuretan du jatorria, eta, hamarkada batez, ekinbide ugari abiatu ditu, «bizikidetza demokratikoaren» zenbait arlo lantzeko xedez.

Lehen Foro Soziala, Bilbon, 2013ko martxoaren 15ean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorra 2016ko ekainean abiatu zen, baina, haren ernamuina topatzeko, atzerago jo behar da, 2013ko martxora, hain zuzen. Martxoaren 14an eta 15ean Bake Prozesua Indartzeko Foro Soziala antolatu zuten Bake Bideak eta Lokarrik, Iruñean eta Bilbon. Urte eta erdi igaroa zen ETAk bere jardueraren amaiera iragarri zuenetik, baina egoera berriak askatu gabeko korapilo ugari zituen: erakunde armatuaren etorkizuna, armen auzia, preso eta iheslarien arazoa eta indarkeriek gizartean utzitako zaurien sendabidea.

Hain zuzen ere, «aurrerapenik izan ez duten gaiak» jorratzea zen Iruñeko eta Bilboko bilkuren xedea, antolatzaileek adierazi zutenez. Hilabete batzuk lehenago, 2012ko abenduaren 15ean, Ipar Euskal Herriko eragileek antzeko beste foro bat egina zuten Baionan, baina martxoko batzar haiek beste ondorio bat izan zuten: prozesuan aurrera egiteko hamabi gomendio proposatzen zituen agiri bat. Gomendio horiek bost ardatzetan laburbiltzen ziren: oinarrizko adostasunak lantzea, ETAren desegite eta armagabetze prozesu bat diseinatzea, presoen eta iheslarien auzia konpontzea, giza eskubideak sustatzea, eta egia eta memoria babestea.

Hurrengo hilabeteetan, gomendio horiek aurkeztu eta gizarteratzeko kanpaina bati ekin zioten foroan parte hartu zuten eragileek. 2014ko ekainean, bigarren Foro Soziala egin zuten Iruñean eta Bilbon, bake prozesua eta presoen auzia hizpide hartuta, eta, 2016ko urtarrilean, hirugarrena, Gernikan, armagabetzeaz.

Blokeoaren aurka

Baina, hiru esparru horietan, alegia, bake prozesuan, presoen arloan eta armagabetzean, egoera blokeaturik zegoen, eta ez zuen ematen Espainiako Gobernuak, Mariano Rajoy buru zuela, urratsik egiteko asmorik zuenik. Horregatik, ahalegin handiagoa egitea erabaki zuten eragileek: «Foro Soziala osatzen dugunon iritziz, gizarte zibilari erritmoz aldatzea dagokio, bake prozesuan ahalik eta urrunena iristeko asmoz. Horregatik hartu dugu Foro Sozial hau iraunkorra bilakatzeko erabakia». Halaxe azaldu zuen Peio Dufau Bake Bidea elkarteko bozeramaileak 2016ko urriaren 22an, Foro Sozial Iraunkorraren aurkezpenean.

Hamalau elkartek eta beste hainbeste gizabanakok osatzen zuten orduan Foro Sozial Iraunkorra. Elkarteetan, Euskal Herriko sindikatu nagusiak zeuden (ELA, LAB, CCOO, Steilas) eta bakearen eta giza eskubideen arloan aritutako zenbait erakunde ere bai (Sare, Bakea eta Duintasuna, Gernika Gogoratuz, Bake Bidea, Etxerat eta abar).

Gainerako esparruak alboratu barik, ETAren armagabetzearen auziari lehentasuna ematea erabaki zuen Foro Sozial Iraunkorrak. Armagabetzea 2017ko apirilaren 8an burutu zen, Baionan egindako ekitaldi baten bidez. Urtebete geroago, 2018ko maiatzaren 3an, ETAk jakinarazi zuen bere egitura guztiak desegin eta bukatutzat eman zuela bere «ziklo historikoa».

ETA deseginik eta armagabetzearen auzia konpondurik, azken urteotan hiru gai izan dira lehentasunezkoak Foro Sozialarentzat: indarkeriaren biktima guztiak diskriminaziorik gabe aintzat hartzea, «salbuespeneko espetxe politika» indargabetzea eta «memoria kritiko inklusiboa» eraikitzea.

Esparru horietan jarduera ugari antolatu dituzte. IV. Foro Sozialak, esaterako, presoen eta iheslarien gaia izan zuen hizpide, eta bi partetan egin zuten: 2017ko martxoan Donostian, eta 2018ko urtarrilean Irunen (Gipuzkoa).V. Foro Soziala, berriz, 2018ko urrian egin zuten, Bilbon eta Iruñean, eta biktimen eskubideak izan zituen ardatz.

2021eko urrian hamar urte bete ziren Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zutenetik Aieteko jauregian, Donostian. Hori zela eta, Aietek 10 urte: irakaspenak eta erronkak izeneko jardunaldiak antolatu zituen Foro Sozialak, Bake Bidearekin batera. Iazko urrian aurkeztu zuten jardunaldi haietako ekarpenak biltzen dituen liburua.

Bestelako prozesuak ere sustatu ditu Foro Sozialak azken urteotan. 2021eko azaroan, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso sozialaren inguruko ondorioak aurkeztu zituzten, ia urtebete iraun zuen prozesu baten ondoren. Memoria kritiko inklusiboari buruzko prozesuaren gomendioak, berriz, iazko abenduan aurkeztu zituzten. Foro Sozialaren ekarpenak izan dira presoen egoera aztertzeko sei hilabetean behin argitaratutako Behatokia txostena, Entzunez Bizikidetza Eraikiz biktimen topaketak, Ustekabean Topo elkarrizketa sortak eta beste batzuk ere.

Saria Katalunian

Irailean, Foro Sozialak, euskal gizarte zibilaren beste zenbait elkarterekin batera, Bakearen aldeko Kataluniako ICIP Bakearen Nazioarteko Institutuaren Bakea Eraiki saria jaso zuen, Kataluniako Parlamentuan egindako ekitaldi batean, «bakea eta indarkeriaren amaiera lortzeko eta bizikidetza eta adiskidetze esparru berriak sortzeko egindako lanagatik».

Hasierako elkarte haiei Bilgune Feminista, Herri Eliza eta beste zenbait gehitu zaizkie, eta gaur egun hamazazpi elkartek osatzen dute Foro Soziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.