Korapiloak askatu jaietan ere

Sarek manifestazioa egingo du Bilboko Aste Nagusian, abuztuaren 23an. Bizkaiko presoen egoera gogora ekarri dute. Kezka azaldu dute Josu Urrutikoetxearen osasunaz, eta askatzeko eskatu dute

gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Festa giroa eta «gure artean egon ezin diren pertsonen eskubideen defentsa» bateragarriak direlakoan, Sarek manifestazioa egingo du Bilboko Aste Nagusian, abuztuaren 23an, Plaza Eliptikotik, 12:30ean hasita, Korapiloak askatzeko unea da, denok batera presoak etxera lelopean. Gasteizko festetan egindako mobilizazioari jarraipena eman nahi diote horrela.

Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga Sareren ohiko bozeramaileak hedabideen aurrean agertu dira, Marijaia iritsi baino ordu batzuk lehenago, manifestazioaren deialdiaren berri emateko. Hainbat konpartsatako kideek lagunduta egin dute, gaur jaiei hasiera emango zaien leku berean, Arriaga plazan. Izan ere, konpartsekin batera antolatu dute datorren ostiraleko manifestazioa.

Atxak eta Azkarragak gogorarazi dute aurtengoa urte berezia izan dela Sarerentzat. Batetik, uda honetan bost urte bete dira presoen eskubideen aldeko herritarren sarea abian jarri zela. Bestetik, azken urtean izandako mugimenduek «garai berri bat» ekarri dute, «konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako esperantza eta aukera eskaintzen duena». ETAren desagerpena, EPPK-k egindako urratsak, Frantziako eta Espainiako Estatuekin abiarazitako harreman bideak eta Sareren aldarrikapenek lortutako «babes instituzional, politiko, sindikal eta soziala» aipatu dituzte adibide gisa.

«Korapiloak askatzeko garaia da», esan du Atxak; «sortutako min eta zauriak lantzeko garaia da, ezberdinen arteko enpatia ariketak erdigunera ekarriz eta memoria, errespetua eta aitortza guztientzako oinarri gisa hartuz».

Hala ere, Sareren aburuz, urrats horiei guztiei ez diete behar bezalako erantzunik eman Espainiako Estatuak, eta, «espetxeetako egoerari bere horretan eutsi ez ezik, kasu askotan gogortu ere» egin dutela salatu dute. «Hainbeste sufrimendu sortzen duen salbuespeneko espetxe politikaren auziari ere aterabidea emateko garaia» dela pentsatzen dute.

Eskubideak, urraturik

Esandakoa berresteko, datu batzuk eman dituzte Sareko bozeramaileek. Gaur egun espetxean dauden 248 euskal presoetatik 91 bizkaitarrak dira, eta horietatik, %71k euren eskubideak «urraturik» dituzte bizilekutik 500 kilometrora baino gehiagora daudelako. «Kalkulu bat egin liteke, kontuan hartuta bisitaldiak 40 minutukoak direla eta, bisitaldi hori egin ahal izateko, senideek joan-etorrian mila kilometro baino gehiago egin behar izaten dituztela; zenbatean ateratzen den bisitaldi horren minutu bakoitza», esan du Azkarragak.

Sei preso bizkaitar larri gaixorik daude, eta horietatik bik hogei urte baino gehiago eman dituzte preso. Hamasei preso bizkaitar dira espetxean hogei urte baino gehiago eman dituztenak. Gainera, 79 preso lehen graduan daude, eta zigorrak batu ezin izanak «kondena gehigarria» ekarri die hamazazpi presori.

Sarek nabarmendu du horrek guztiak «etxerako bidea egiteko oztopoak» dakartzala, «egoera luzatuz eta zigorra ezohiko legediaren bitartez gogortuz».

Josu Urrutikoetxea preso bizkaitarraren egoera ere akordura ekarri dute. Kezka azaldu dute haren osasun egoera dela-eta, eta bat egin dute Etxerat-ek duela gutxi presoa askatzeko egindako eskaerarekin. «Igarotzen den minutu bakoitzean haren bizia arriskuan jartzen da», esan du Azkarragak, eta «dagokion arta» eskatu du harentzat, «azkar eta askatasunean».

Sareren ustez, horiexek dira «urteetako sufrimenduaren ondorioz askatu gabe diren korapiloak» eta «oraindik indarrean den salbuenespeneko espetxe politikak sortzen dituenak». Horiek askatzeko, «denon artean» ekiteko beharrizana nabarmendu dute: «aktibazioa eta konpromisoa dira aurrera egiteko berme bakarra, elkarbizitzaren eta bakearen bidean urratsak egiteko, preso eta iheslarien auziari aterabidea emateko eta euren etxeratze prozesua dagokien moduan eman ahal izateko bermea».

«Akuilu» lana

Begoña Atxak nabarmendu du Sare ez dela sortu «presoen auzian instituzioen edo alderdi poltikoen lana ordezkatzeko», gizarte zibila «aktibatzeko» baizik, eta horretan jarraitu nahi dute. «Elkarrekin, politika hitzetatik ekintzetara igaro dadin akuilu izango gara», esan du.

Horregatik dei egin diete herritar guztiei abuztuaren 23ko manifestazioarekin bat egiteko, «gure izenean inork ez ditzan euskal presoen oinarrizko eskubideak urra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.