Korapiloa ez da guztiz askatu

Geroa Bai eta PSN goizean elkartu dira, euren arteko talka konpontzeko asmoz. Zurekin Nafarroa batu zaie arratsaldean, eta akordio programatikorako neurriak aztertu dituzte

Goizeko bileran, Geroa Baiko Pablo Azkona eta Maria Solana eta PSNko Jorge Agirre, Ramon Alzorriz eta Ainhoa Unzu izan ziren. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Atzo goizean aurrez aurre izan ziren PSNko eta Geroa Baiko ordezkariak, azken bi asteetako polemikari irtenbide bat nola eman ikusteko. Geroa Baik pultsuari eutsi nahi izan dio, eta PSNri exijitu zion azaltzeko nolako gobernua osatu nahi duen. Horrez gain, lau urteetako esperientziaren ondorioz, bermeak eskatu dizkiete sozialistei, ziurtatzeko ados jartzen ez diren gaietan kontrol mekanismoei jarraitzen zaiela. Edukien negoziazioan sartu aurretik, hori guztia jarri zion mahai gainean atzo goizean PSNri. «Ez digute argitu guk nahi genuen guztia», onartu zuen Geroa Baiko Maria Solanak. Hartara, korapiloa ez da guztiz askatu, baina, gobernua osatzeko, negoziazioei berrekitea erabaki zuen koalizioak.

Horregatik, PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin elkartu ziren Geroa Baikoak arratsaldean, 17:00etan. PSNren eta Geroa Bairen arteko talkak zerikusi zuzena du, batetik, alderdi bakoitzaren negoziazio estrategiekin, eta, bestetik, iragan legealdiko esperientziarekin. Geroa Baik uste du gobernu barruan iragan legealdian hainbat erabaki ez zirela kontsentsuz hartu: «Behar dugu jakin zein den, PSNren aburuz, Geroa Bairi egokituko zaion rola gobernuan, eta nahi dugu jakin horretarako nahikoa konpromisoa baden. Orain arte ez dugu lortu jakitea PSNk zehazki zer nahi duen». Solanaren arabera, sozialistek ez diete hori aurreratu nahi. «Guk argi utzi diegu hiruko gobernu batean erabakiak kontsentsuz hartu behar direla».

PSNri, berriz, komeni zaio gobernu egituraren xehetasunak negoziazioaren amaierarako uztea. «Lehenik, edukian jarri behar gara ados, eta, ondoren, ikusi bakoitzak zer arlo kudeatuko duen», azaldu zuen PSNko Ramon Alzorrizek. Aurreko egunetan egin bezala, sozialistek beste behin iradoki zuten pisu handiagoa eduki nahi dutela: «Eskuzabalak gara. Ulertzen dugu herritarrek gutako bakoitzari ordezkaritza bat eman digutela koalizio gobernu horretan eta herritarren agindu hori bete egin behar dela bere horretan».

Goizeko bileran, Geroa Bairen arabera, sozialistek onartu zieten aurreko legealdiko kontrol mekanismoek ez zutela behar bezala funtzionatu. «Autokritika puntu bat erakutsi dute. Onartu dute askotan hortik at funtzionatu dugula, eta horrek ez digula onurarik ekarri». Ontzat jo zuten emandako azalpena, baina elkarrizketen lidergoa Maria Txibitek har dezala galdegin zieten sozialistei. «Guretzat inportantea da Txibite egotea mahaian. Lau urtean hamaika bider salatu dugu lidergo falta hori, eta ez duela eman aurpegirik».

PSNk Alzorrizen gain utzi du ardura hori, eta hark Geroa Bairi erantzun zion ez dela hori haien erabakia: «PSNk erabaki du hori. Negoziatzen den guztia harekin [Txibiterekin] aztertzen dugu, eta nik haiei ez diet esaten nork etorri behar duen».

Arratsaldeko bilera

Behin bi alderdien posizioak zehaztuta, arratsaldean, 17:00etan, akordio programatikoa lantzeko bilera egin zuten Zurekin Nafarroarekin batera. Bilkurak ordubete iraun zuen, eta Zurekin Nafarroako koalizioko Begoña Alfaro «zoriontsu» azaldu zen komunikabideen aurrean, «azkenean hiru alderdien arteko bilera egin delako programari buruz hitz egiteko». Alfaroren arabera, aurreko legealdiko akordio programatikoari buruz alderdi bakoitzak egiten duen azterketa pasatu diote elkarri, eta euretako bakoitzak zer gehituko liokeen ere jarri du mahai gainean.

Bi astez denbora galdu delako «desilusionatuta» zeudela onartu zuen Alfarok. Bide luzea geratzen bada ere oraindik garaiz dabiltzala uste du ere. «Ez dugu eperik jarri», aipatu zuen. «Guk helarazi diegu dokumentu zehatz bat nahi dugula: konpromiso zehatzak hartu, eta, ahal bada, neurriek egutegi bat izatea nahi genuke. Luzera, berriz, erlatiboa da».

Politikei buruz hitz egiteko lehen bilera zuen atzokoa Geroa Baik. Solanaren arabera, Zurekin Nafarroak eta PSNk helarazi dizkieten proposamenak «orokorrak, arinak eta sakontasun gutxikoak» dira. Geroa Baik hamazazpi ataletan banatutako «ia ehun neurri» aurkeztu ditu. Asmoa da gaur arte beste bi alderdiek euren proposamen zehatzak aurkeztea. PSNren esku geratuko da horiek denak biltzea, eta oinarrizko dokumentu horren gainean hasiko dira hitz egiten.

Hiru alderdiek orain arteko bileren dinamika aldatu nahi dute, eta negoziazioa komunikabideen «fokuetatik kanpo» utzi. Gobernua osatzeko epemuga abuztuaren 28ra artekoa da, baina PSNk «ahalik eta azkarren» lortu nahi du akordioa. Dokumentua orrialde askokoa ez izatea hobesten du. Duela lau urte bezala, sektorekako batzordeak sortu nahi ditu Geroa Baik, baina, PSNren ustez, lau urteko harremanaren ostean ez da beharrezkoa hori. Dena den, ez du gaizki ikusten korapilatzen diren gaietan alderdiek euren adituak ekartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.