Amurrio, Laudio, Artziniega, Aiara eta Okondo udalerriek osatzen dute Aiaraldea eskualdea (Araba), eta euskararen normalizaziorako «urrats handiak» egin ditu azken urteotan. Urrats horien sustatzaile nagusietako bat da Aiaraldea komunikabidea: 2010etik, eskualdeko herritarrei informazioa euskaraz emateaz arduratzen da, eta inguruko udalerri nagusiek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak babesten, sustatzen eta finantzatzen dute. Amurrioko Udalak, baina, 6.000 euroko diru laguntza kendu berri dio hedabideari, argudiatuta «inguruko autonomoak eta enpresa txikiak babestu» nahi dituela eta ez dela euskararen aurkako erasoa. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, ordea, gogor kritikatu du erabakia: salatu du «euskararen aurkako eraso bat» dela zuzenean, eta ez dela Amurrioko Udalak azken urteotan egin duen bakarra.
Christian Alemany Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko dinamizatzaileak argi adierazi du instituzioek hedabide baten aurka horrelako erabakiak hartzea «deitoragarria» dela edozein testuingurutan, baina Aiaraldean «are larriagoa» dela: «Gurea ez da oso eskualde euskalduna, eta euskararentzat oso kaltegarria da euskara hutsean egiten duen hedabide bakarra horrela oztopatzea».
Gartzen Garaio Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko idazkari eta Aiaraldea komunikabideko kideak gogor kritikatu du udalak hedabidearekin izan duen jarrera, eta oso larritzat jo du laguntza kentzea justifikatu izana. Lehia desleiala egitea leporatu dio Amurrioko Udalak Aiaraldea-ri. Haatik, Aiaraldea Faktoria gizarte egitasmoko eta diru asmorik gabeko elkartea izanik, «larria» iruditzen zaio akusazioa Garaiori: «Inkoherentea da, eta gertuago dago zentsuratik beste edozein gauzatik baino».
«Amurrioko Udalaren akusazioa inkoherentea da, eta gertuago dago zentsuratik beste edozein gauzatik baino».
GARTZEN GARAIOAiaraldea Kooperatiba Elkarteko idazkaria
Udalarekin hitz egiten saiatu da BERRIA, baina ez du erantzunik jaso. Hala ere, udalak bere ikuspegia garbi adierazi zuen maiatzaren 23an kaleratu zuen oharrean: «Azken hamabi urteetan, Aiaraldea Faktoriak euskararekin zerikusi gutxi duten zerbitzu komertzial ugari eskaintzen dituen enpresa pribatu baterantz eboluzionatu du. Diru laguntza kentzearen helburua da inguruko autonomoentzat eta enpresa txikientzat konpetentzia justuko ingurune bat bermatzea».
Alemanyk uste du udalak eman dituen arrazoiak «zentzugabeak» direla, eta erantsi du ez dela udalak euskararen gaineko jarrera oldarkorra duen lehenengo aldia: «Argudioak eskatu zaizkienetan ez dituzte eman, edo ez dira sendoak izan. Gainera, euskararen aldeko ekintzak bultzatu ditugunean, zeharka entzun behar izan dugu euskara inposatzen ari ginela».
Aurrekariak
Garaiok adierazi du Aiaraldea-ri diru laguntza kentzea izan dela Amurrioko Udalak euskararen aurka hartu dituen erabakien «azken adibidea». «Komunikabidea sortu zenetik, udala etengabe ibili da oztopoak jartzen. 2018an igoera txiki bat eskatu genien instituzioei, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, eta udal guztiek onartu zuten, Amurriokoak izan ezik».
2022an euskararen normalizaziorako plan estrategikoa kaleratu zuen kontseiluak. «Oso handinahia zen, eta baliabide gehiago behar genituen. Udal guztiei eskatu genien diru gehiago, eta guztiek eman ziguten baiezkoa, Amurriokoak izan ezik», azaldu du Alemanyk. Gainera, jakinarazi du Amurrioko Udalak euskalgintzarekin duen hitzarmena izoztuta dagoela 2016tik, eta ordutik ez direla horren baldintzak eguneratu.
2023an ere tirabira entzutetsua izan zen Amurrioko Udalaren eta Amurrioko euskalgintzaren artean. Udalak euskara teknikariaren lanpostua kentzea erabaki zuen uztailaren 28ko osoko bilkuran, udal lanpostuen zerrendan egin zituzten aldaketa batzuen harira. Kontseiluak egoera salatu zuen, eta Amurrioko alkate Txerra Molinuevorekin (EAJ) eta euskara zinegotzi Arantzazu Saratxaga de Islarekin bildu zen. Egindako bilerek eta Kontseiluak martxan jarritako zenbait ekinaldik fruitua eman zuten, eta aste bat geroago, Amurrioko Udalak konpromisoa hartu zuen euskara arloan erabat jardungo duen jardunaldi osoko langile bat ezartzeko
«Badirudi 80ko hamarkadara itzuli garela, non militantzia profesionaltasuna baino garrantzitsuagoa zen».
ASIER AMONDO AEK-ko eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kidea
Iazko udan egin zuten bezala, oraingoan ere azalpenak emateko bilera eskatu dio kontseiluak Saratxaga de Isla zinegotziari. Aiaraldea komunikabideak, ordea, Molinuevorekin biltzeko eskaera egin du. Alemanyk azaldu duenez, zinegotziak baiezkoa eman zion kontseiluari, eta aste honetan biltzekoak ziren. «Hala ere, data bat zehazteko eskatu diogunean, erantzuteari utzi dio».
Amurrioko Udalaren jarrerak erabat harritzen du Asier Amondo AEK-ko eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kidea. «Eskualdeko gainontzeko udalak beti egon dira elkarlanean aritzeko eta elkarrizketarako prest». Horregatik, Amondok uste du erabakiak ez duela «ez hanka, ez buru»: «Badirudi 80ko hamarkadara itzuli garela, non militantzia profesionaltasuna baino garrantzitsuagoa zen».
Atxikimendu kanpaina
Amurrioko Udalaren erabakiek «desbide euskarafoboa» ezkutatzen dutela uste du Garaiok, eta atxikimendu kanpaina bat abiarazi du kontseiluak, Amurrioko alderdi, kultur talde, kirol talde, enpresa, ostalari, merkatari eta abarrekin batera udalaren jarrera salatzeko.
Sinadura bilketaren helburu nagusia udalak komunikabideari diru laguntza berrezartzea da, eta ekainaren 21ean «indar erakustaldi bat» egingo dute udaletxe parean. Herritarrek eta tokiko enpresek ez ezik, Amurrioko udal gobernua osatzen duten alderdiek ere sinatzea espero du kontseiluak. «Beti adierazi digute lan ederra egiten dugula, baina ezin dutela euren kideen aurka egin. Aukera aproposa dute babesa adierazteko».
«Aurrera egin nahi ditugu urratsak, eta ez atzera. Elkarlana nahi dugu, baina lan egin nahi duen jendearekin».
CHRISTIAN ALEMANYAiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko dinamizatzailea eta koordinatzailea
Alemanyk argitu du elkarlana izan dela euskalgintzak hasieratik izan duen helburua: «Urratsak aurrera egin nahi ditugu, eta ez atzera. Elkarlana nahi dugu, baina lan egin nahi duen jendearekin». Bat dator Amondo, eta gogorarazi du bidea elkarrekin egitea beti dela errazagoa. «Baina, lehenik eta behin, korapiloa askatu behar da horretarako».