ingurumena

Kopenhagen akordioa ezin lotu dabiltza munduko mandatariak

Giro nahasia dago Kopenhagen. Lars Loekke Rasmussen Danimarkako lehen ministroak ordezkatu du Conie Hedegaar goi bileraren presidentea, Hedegaarrek dimisioa eman ondoren. Klima aldaketari buruzko akordioa ezin lortu dabiltza, eta protestak eta kaosa ugaritu dira.

2009ko abenduaren 16a
18:41
Entzun
Lars Loekke Rasmussen Danimarkako lehen ministroak hartu du Kopenhageko goi bileraren buruzagitza. Klima aldaketari buruz akordioa lortzeko saioak azken txanpan daude, eta momentuz akordioa ez aurrera ez atzera dagoenez, Conie Hedegaar orain arteko bileraren presidenteak dimisioa eman du, eta Rasmussenen "laguntzaile" izango da goi bilera amaitu bitartean. Hiru egun baino ez dira geratzen bilera amaitzeko, eta porrota saihesteko Estatu buruzagien txanda izango da orain.

Negoziazioetan blokeoa dago, eta goi bileraren eraikineko barrualdean nahiz kanpoaldean ugaritzen ari dira protestak. 192 delegaziotako ordezkariak akordio batera iristea ia ezinezkoa dirudi.

Akordiorik ez badago, adierazpen politiko bat soilik atera daiteke Kopenhagetik, Gustavo Ampugnami Greenpeaceko ekologistak salatu duenez, eta ez dokumentu juridikoki binkulantea, erakunde ekologista guztiek eskatzen duten bezala. Adierazpen politiko soila Estatuek ez lukete bete beharrekoa izango.

Europako Batasunak AEBei eta Txinari eskatu die ekarpen gehiago egin ditzaten Kopenhageko goi bilerak arrakasta izan dezan, gaur gaurkoz eman duenak ez baitu arrakastatsu izateko arrazoirik ematen, eta bi herri horiek baitira oztopo gehien jartzen dituztenak. Jose Manuel Durao Barroso Europako Kontseiluko presidenteak "aurrera egiteko urratsak" eskatu dizkie, klima aldaketaren arazoa behingoz gainditzen hasteko. Garapen bidean dauden herriei laguntzeko herri garatuek 66.000 milioi dolar eman beharko dituzte urtean, 2020 urtetik aurrera, eta Europako Batasuna horretarako "prestatuta" dagoela esan du.

John Kerry AEBetako senatariarentzat, berriz, Kopenhagen"akordiorako elementuak badaude", baina finantzaketaren gaia "epe luzera" landu beharra dagoela uste du, erabaki konkretu bat asteon hartu ordez. Herrialde garatu gehienek saihestu egin dute Kopenhageko goi bileran epe luzerako diruez hitz egitea, garapen bidean dauden herrialdeei eman beharreko funtsez.

Hugo Chavez Venezuelako presidentearen eta Evo Morales Boliviakoaren txanda izan da ere gaurko saioetan, eta Chavezek gogor kritikatu du herri garatuen jarduna. Goi bileraren prozesuak ez direla justuak izan esan du, eta "munduko diktadura inperialistaren isla" direla. "Arduragabekeria eta borondate politiko falta" erakutsi dute haren ustez.

Berrehundik gora atxilotu

Danimarkako Poliziak 230 pertsona atxilotu ditu gaur, goi bilerara sartu eta geldiarazten saiatzeagatik. Milaka poliziak inguratu dute saioen gunea, eta manifestarien aurrean jarri dira. Protestan zeudenak polizien aurrera iritsi direnean, segurtasun indarrek bukatutzat eman dute protesta, eta hor hasi dira istiluak. Eraikinaren barruan zeuden Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariak manifestariak babestera atera dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.