Koordinazio mahai bat sortzeko eskatu dute Berango eta Getxo arteko etxegabeei laguntzeko

Aitor Garagarza Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakariordeak egin du eskaera. Mankomunitateak ildo bertsutik jo du, ohar batean: ziurtatu du erakundeen arteko kolaborazioa ezinbestekoa dela.

Etxegabeak bizi diren oihana, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxegabeak bizi diren oihana, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko uztailaren 20a
15:17
Entzun

Hainbat etxegabe Berango eta Getxo (Bizkaia) arteko baso batean bizi dira, kanpin dendatan. Auziak zeresana eragin du, eta Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakariorde eta Plentziako alkate Aitor Garagarzak eskatu du koordinazio mahai bat eratzeko, migratzaile horiei irtenbide bat eskaini ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak Berangoko Udalari laguntza eskainia dio, baina esana du azken pausoa, erantzuna ematea, Uribe Kostako Mankomunitateari dagokiola.

Jaurlaritzari erantzunez, Garagarzak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi du beren baliabideak «mugatuak» direla, eta arazoa egiturazkoa dela. Horregatik, haren irudiko, beharrezkoa da berehala erakundeen arteko koordinazio mahai bat sortzea; uste du bertan parte hartu behar luketela Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, mankomunitateak, Getxoko Udalak, hirugarren sektoreak eta gizarte eragileek.

Ildo bertsutik jo du Uribe Kostako Mankomunitateak, ohar batean. Nabarmendu du «egoera delikatu bat» dela, «datozen urteetan ohikoa izango dena». Horregatik, diotenez, ezinbestekoa da erakundeen, hirugarren sektorearen eta gizarte eragileen arteko kolaborazioa, «baliabideak egungo erronketara egokituz».

Mankomunitatea, lanean

Halaber, nabarmendu dute gaur egun ere eskaintzen dela laguntza. Izan ere, 2017tik, Uribe Kostako Mankomunitateak, Getxoko Udalarekin batera, gauerako harrera zerbitzua martxan du; baztertuei gaua igarotzeko leku bat eskaintzen diete. Halaber, esan dute beste zerbitzu batzuk ere badaudela eskura: negurako baliabideak, jantoki soziala, dutxa zerbitzua... Erantsi duenez, Uribe Kostako Mankomunitateak garatu ditu gizarte zerbitzuen saileko dekretuak bere konpetentzia direla zehazten dituen baliabideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.