Aurten 80 urte beteko dira nazien kontzentrazio esparruak askatu zituztenetik, Bigarren Mundu Gerra amaitzearekin batera. Horren karietara, omenaldiak eta memoria ekitaldiak ugaldu egingo dira Europa osoan, eta Euskal Herrian gaia landu duten elkarte memorialistek ere urteurrena baliatu nahi dute «alboratuta geratu den errealitatea lehen lerrora» eramateko. Horregatik, Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea 1940-1945 sortu dute, deportazioa pairatu zuten Hego Euskal Herriko herritarren memoria ezagutarazteko eta antolatuko diren ekitaldiei «aterki» moduko bat eskaintzeko.
Bost elkarte biltzen dira koordinakunde sortu berrian: Amical de Mauthausen, Errenteriako La Ilusion elkartea (Gipuzkoa), Hradischko 1945 Flossenburg lan taldea, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea eta Nikolas Gerendiain Irungo elkartea (Gipuzkoa). Anton Gandarias Lekuona da koordinakundeko lehendakaria: haren osaba Anjel Lekuona naziek fusilatu zuten 1945ean, deportatua izan ondoren.
«Europako beste zenbait lekutan ez bezala, deportazioa ez dago gure memoria kolektiboan», azaldu du Gandariasek. Horregatik, «gaitasunak eta esfortzuak batu» nahi dituzte, uste baitute ezinbestekoa dela errealitate hori ahanzturatik ateratzea, «deportazioa pairatu zuten pertsonen aldeko egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko».
Hego Euskal Herrian jaio eta bizi, eta 1940tik 1945era deportazioa pairatutako herritarrak hartu nahi dituzte aintzat. Orain arteko datuen arabera, 253 pertsona deportatu zituzten. Horietatik 113 hil egin ziren, 125 bizirik atera, eta hamabost lagunen inguruko daturik ez dago. Hamar emakume eta 243 gizon izan ziren, eta bereziki aipatzeko modukoa da Mauthausengo kontzentrazio esparruak izandako «rol suntsitzailea»: Hego Euskal Herriko deportatuen erdiak han egon ziren, eta zendutakoen bi heren esparru hartan hil zituzten.
Zenbait ekinbide
Nazien kontzentrazio esparru gehienak 1945eko apiril-maiatzetan askatu zituzten, eta, ondorioz, 80. urteurrenaren harira Europa osoan antolatuko diren ekitaldi gehienak bi hilabete horietan izango dira. Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak ere ekinbide ugari antolatuko ditu. Horietako batzuk abian daude jada: Gogora institutuarekin batera, Txekiar Errepublikako Hradistko kontzentrazio esparruari buruzko erakusketa atondu dute Bilbon —joan den astean inauguratu zuten—, eta aste honetan Mauthausenetik haratago izeneko erakusketa aurkeztuko dute Donostian. Deportazioaren biktimak omentzeko ekitaldi bat egin nahi dute maiatz aldera, eta hori antolatzeko lanean dihardute Gogora-rekin batera.
Unai Egia historialari eta koordinakundeko kideak dei egin die biktimen ondorengoei haiekin harremanetan jar daitezen: «Guregana jo dezatela eskatzen dugu, deportatuen memoria jaso, partekatu eta orain arte izan ez duten errekonozimendua jaso dezaten».
Etxahun Galparsoro historialari eta koordinakundeko idazkariak azaldu duenez, 1936ko gerra aztertu duten lan gehienetan, kontakizuna garai berean amaitzen da: faxistek 1937ko ekainean Bilbo hartu zutela azaltzen dute, eta abuztuan Santoñan (Espainia) sinatu zela errenditzeko hitzarmena. Ondoren «errepresio handia» egon zela aipatzen da, baina zeharo ahazten da ehunka gudarik Frantziako kostaldera egin zutela ihes, eta geroago berriro lotu zitzaizkiola borrokari Kataluniako frontean. Hura eroritakoan, 1939ko otsailean, Frantziara jo zuten berriro, eta han hainbat esparrutan bildu zituzten.
Europan gerra hotsak ozendu zirenean, haietako askok Ameriketara jo zuten, Mexikora eta Venezuelara bereziki. Ihes egiterik izan ez zutenak soldadu joatera edo Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugan langile aritzera behartu zituen Frantziak, eta alemaniarrek preso hartu zituzten 1940ko maiatzean, Alemaniako tropak Frantzian sartu zirenean. Hor hasi zen Hego Euskal Herriko herritarren deportazioaren lehenengo etapa.
Bigarren etapak, berriz, 1942tik 1945era iraun zuen; batez ere, nazien kontrako erresistentzian aritu eta alemaniarrek atxilo hartutako herritarrak izan ziren bigarren etapa horretako biktimak. Bizirik iraun zutenen sufrikarioa ez zen 1945eko maiatzean amaitu: ez zeukaten sorterrira itzultzerik, lurralde arrotz batean zeuden, lanik eta senitartekorik gabe, eta kontzentrazio esparruetan pairatutako tratu txarren ondorio fisiko eta psikikoak nozitzen zituzten. Askatu eta gutxira hil ziren haietako asko.
Ikusi gehiago