Kooperatiba bat salatu dute, esnea euskara hutsean etiketatzeagatik

Euskal Herria Esnea kooperatibak jakinarazi du 30.000 eurorainoko isuna jaso dezakeela salaketa horrengatik

Euskal Herria Esnearen bi esne kaxa. Euskara hutsean dauzkate idatzi guztiak. BERRIA.
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Esne kaxak euskara hutsean diseinatu eta etiketatzeagatik, kooperatiba bat salatu dute. Euskal Herria Esnea kooperatibak jakinarazi du bere aurkako salaketa bat jarri dutela Eusko Jaurlaritzan. Salatzaileak eskatu du gainbegiratzeko etiketatze gaietako legedia, gaztelaniazko testurik ez delako agertzen produktuan. Kooperatibako kideek ohartarazi dute isuna 30.000 euroraino irits daitekeela. Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzak, berriz, jakinarazi du ez duela salaketarik jaso, eta legezkoa dela produktua euskara hutsean etiketatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan komertzializatzen bada. Euskadi Irratiak eman du informazio hori.

Salaketa «albiste txarra» dela adierazi du Euskal Herria Esnea kooperatibako presidenteak, Joxe Agirreburualdek. Proiektua umila eta apala dela adierazi du: «Hasi besterik ez gara egin; publizitaterako dirurik ez daukagu. Jaio ere ez gara egin ia, eta dagoeneko salaketa bat jarri digute». Proiektu apala izanik ere dagoeneko esnea merkaturatzea lortu dutela nabarmendu du kooperatibako presidenteak: zehaztu du 500.000 litro esne jarri dituztela salgai jada.

Agirreburualdek esnea euskara hutsean merkaturatzearen arrazoiak azaldu ditu: «Helburua da Euskal Herrian ekoitzitako esnea kontsumitzaile euskaldunen esku jartzea. Esnea Euskal Herrian bakarrik salduko da; horregatik egin dugu ontzia euskara hutsean merkaturatzearen aldeko apustua, erakusteko zein den esnearen izaera».

Baserritar guztiak, berdin

Kooperatibako presidenteak zehaztu duenez, Karrantzan (Bizkaia) jaio zen proiektua, eta «Euskal Herri osora» zabaldu nahi dute orain: «Euskal Herriko baserritarrek ateak zabalik dauzkate, proiektuan parte hartzeko». Esan du jarri direla harremanetan Araba, Bizkai, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat ekoizlerekin. Agirreburualderen hitzetan, Euskal Herria Esnea kooperatibak ez du esnea erosiko gero zentral handiei saltzeko: «Euskal Herriko baserritarren esnea erosiko dugu, kontsumitzaile euskaldunengana zuzenean iristeko».

Agirreburualdek jakinarazi du Euskal Herria Esneak «diru kopuru bera» ordainduko diela baserritar guztiei, eurek ekoizten duten esne litro bakoitzeko: «Proiektu soziala eta berdintasunaren aldekoa da gurea; berdin tratatuko ditugu baserritar guztiak». Neurri horrekin, «baserri txikiak desagertzea» saihestu nahi dute. Kooperatibako presidenteak Kaiku eta Iparlat enpresek ezarritako ordainketa eredua kritikatu du: «Kaikuk eta Iparlatek produzitutako esne litroen arabera ordaintzen diete baserritarrei. Horrela, baserri txikiek esnea ekoizteari uzten diote, ez delako errentagarria. Azken hogei urteetan esne baserrien %93 itxi direla salatu du.

Agirreburualdek adierazi du esnea hemen ontziratzeko arazoak dituztela. Esan du soilik «esne freskoa, ontziratu eta egun gutxira kontsumituko dena» ontziratzen dutela hemen. Ontziratu eta luzera kontsumituko dena, ostera, Sorian (Espainia) ekoizten dute: «Garestiagoa da esnea tetrabriketan ontziratzea, eta, horregatik, Euskal Herriko inguruko eskualdeetan ekoiztea erabaki dugu. Azkenean, Sorian ekoiztea erabaki dugu, gure ezaugarrietara hobekien moldatzen dena delako». Nabarmendu du soilik enpresa batek ontziratzen duela esnea hemen: Iparlatek egiten du, Urnietan (Gipuzkoa): «Iparlatek ez zuen gure esnea hartu nahi; horregatik joan ginen Soriara», esan du Agirreburualdek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.