Gorbeia mendi tontorreko gurutze azpian atseden hartu, eta jai egun bateko mendi buelta izan behar zena okertu egin zitzaien herenegun bi gasteiztarri. Zuian (Araba) zuten autoa utzia, baina herrira bidean galdu, eta larrialdi zerbitzuetara deitu behar izan zuten, laguntza eske. Ertzaintzaren helikopteroak erreskatatu zituen. Gorbeiakoa, ordea, ez zen izan herenegungo erreskate bakarra. Okinan —Araban hau ere— txirrindulari bat erreskatatu zuten larrialdi zerbitzuetako langileek, helikopteroaren eta suhiltzaileen laguntzarekin. Herenegungoaren gisako egoerak ia egunerokoak dira, eta, egunak joan eta egunak etorri, hainbat irteera egin behar izaten dituzte babes zibileko langileek mendizaleak eta kirolariak erreskatatzeko. 2012. urteko urtarriletik, gainera, artatuak izan diren pertsonei erreskatearen faktura bidal diezaiekete Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Nafarroko Gobernuak. Ordutik, urtean, batez beste, 500 erreskate egin dituzte mendian Hego Euskal Herriko larrialdi zerbitzuek. Erreskatea kobratu duten kasuak, ordea, oso gutxi izan dira.
Suitza izan zen mendiko erreskateak kobratzeko bidea ireki zuen lehen herrialdea. Suitzan larrialdi zerbitzuek ez dute inor erreskatatzen, baldin eta federatuta ez badago edo erreskatea bermatuko duen asegurua ez badu. Hego Euskal Herrian, administrazioek alerta laranja edo gorria ezarri badute, eta norbaitek abisu horri kasurik egin ez eta haren bila larrialdi zerbitzu bat bidalarazi behar bada, «zuhurtzia falta» egon dela ulertzen da, eta erreskatea kobratu egiten da. Sarrera edo igarobidea itxita edo galarazita dagoen eremuetan istripua izanez gero ere kobratu egiten da erreskatea. Frantzian, berriz, erreskateak doakoak dira beti, salbuespenik gabe. Hala ere, erreskatea arrazoirik gabe eskatzen bada, isun bat jartzeko aukera irekita uzten du zigor kodeak.
Hego Euskal Herrian salbuespenak ere badaude: hondamendi publikoko egoerak gertatzen direnean, erreskatatutakoak 16 urtez azpikoak edo urritasun psikikoren bat dutenak badira, edo erreskatean edo aurreko edo ondorengo fasean norbait hiltzen bada.
Abentura kirol gisako jardueretan —eskalada, kirol espeleologia eta paraxutismoa, adibidez— izandako istripuetan ere erreskatea ordaindu egin behar da. Kirol horiek berezko dute arriskua, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarentzat, eta kasu horietan erreskateak kobratuta kirolariak federatzea lortu nahi du. Kirolari horiek «aseguru baten babesean ari daitezela da helburua», Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Arriskuaz jabetu daitezela lortu nahi dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta horregatik onartu zituzten tasen legeak.
2012ko urtarrilaren 1etik dagoindarrean arrisku kirol eta jardueretan erreskateak kobratzeko legea Hego Euskal Herrian. Hiru hilabeteko epean kobratu zuen lehen erreskatea Eusko Jaurlaritzak. Eskalada egiten ari zen pertsona bat salbatzeagatik, 2.417 euroko tasa kobratu zuen. 2012ko urtarrilaren amaieran, Ibañeta mendian Hego Koreako bost erromes erreskatatu zituzten Nafarroako larrialdi zerbitzuek, mendia igotzen ari zirela elurte handi baten ondorioz harrapatuta geratu ondoren. 1.500 euro ordaindu behar izan zuten erreskatea bost erromesek.
Ohartarazteko erreskate tasak kobratzen hasteko oharrak zalaparta sortu zuen orain lau urte. Mendizaleak ez zeuden ados neurriarekin, eta Euskal Mendizale Federazioak errekurtsoa ere jarri zuen epaitegian. «Arrazoibide baztertzailea zegoela ulertzen genuen, beste erkidego batzuetan ez zegoelako halako neurririk, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kirol askori eragiten zion neurriak». Joseba Ugalde Euskal Mendizale Federazioko lehendakariaren ustez, «egoera asko aldatu da».
2012an Katalunian eta Hego Euskal Herrian bakarrik zegoen indarrean araudia. Kantabrian (Espainia) arduragabekeriaren kontrako tasa daukate ezarrita 2003tik. Legediak zehazten du mendizaleek edo kirolariek erreskatea ordaindu egin beharko dutela herritarrei eguraldi txarraren berri eman eta horrek kirol hori egiteak dakarren arriskua areagotzen duenean. Ugaldek zehaztu duenez, «gaur egun, zazpi erkidegotan dago ezarrita erreskateak kobratzea». Horrek ikuspegia zabaldu diela gaineratu du. «Hasieran, beldurra izan genuen, uste genuelako arrisku izaera ezarri zioten edozein jarduera egin eta laguntza behar genuen kasuetan erreskatea kobratu egingo zitzaigula». Ez da hala izan. «Lau urte igaro dira, eta, tarte horretan, bost-sei kasu bakarrik izan ditugu federazioan. Neurriaren helburua kontzientzia hartzea zen, eta hala izan dela ikusi dugu».
Euskal Mendizale Federazioko lehendakariak mendiko erreskateen inguruko iritzia aldatu badu ere, arau-haustea noiz izaten den eta erreskatea noiz kobratuko den ondo zehaztea falta dela uste du. «Ez dago argi. Istripu baten ondorioz heriotza bat dagoenean, azken hitza epaileak du, eta hark erabakitzen du arduragabekeriarik eza noiz egon den eta noiz ez. Erreskatearen unean inork ezin du esan gertatutakoa arinkeria bat izan dela. Epailearen sententzia da bakarrik balekoa. Beste gauza bat da arau-hauste bat dagoenean: meteorologia abisu bat emanda dagoenean, ibiltzea galarazita dagoen eremu batean gertatzen denen...». Kasu horietarako, arau-hausteen zerrenda bat zehaztea errazago ikusten du Ugaldek: «Zehaztu dezatela argi zein kasutan ulertuko den arinkeria izan dela, eta zein tasa ezarriko den erreskateagatik».
Federatuta egotea, hobe
Mendian modu seguruan ibiltzeko kontzientzia hartzea eta federatutako mendizale kopurua handitzea zen Eusko Jaurlaritzaren helburua erreskateen legea onartu zuenean. Helburua lortu dutela dio Ugaldek. «Federatu kopurua mantendu egin da, eta pixkat igo dela ere esango nuke. Seinale ona da hori: jendeak kontzientzia hartu duela esan nahi du». Federatutako mendizale guztiek istripu aseguru bat dute, eta eskura dituzte mendian seguru ibiltzen ikasteko jarduerak, prestakuntza saioak, eta hitzaldiak. «Horiei esker, mendian seguruago ibiltzen ikasten da, eta, kontuan hartuta gero eta jende gehiago dela mendian ibiltzen dena, istripuen aurka prebentzio neurri ona da federatuta egotea».
Erreskateak kobratzen hasi direnetik, dozena erdi kasu kobratu dizkiote Euskal Mendizale Federaziari. «Guztira, 9.000 euro inguruko gastua izan da, eta aseguru etxeek ordaindu dute». Tasen legeak federatu txartelaren prezioa igoko ote zuen beldur ziren mendizaleak, baina bazkide izateagatik urtean ordaindu beharrekoa %5 ere ez da garestitu azken urteetan. Euskal Mendizale Federazioarekin lizentzia ateratzeak urtean 22 euroko kostua du. Espainia mailako lizentziak 75 euro balio du, eta horri Pirinioetakoa gehituz gero, 90 euro. Mundu mailako lizentzia izateko, 140 euro ordaindu behar da.
Euskal Mendizale Federazioko lehendakariaren ustez, garrantzitsua da jendeak federatu txartela izatea. Baina administrazioak diskriminatu egiten dituela uste du. «Erreskatearen ondoren sortzen den gastua ere kontuan hartu behar da; ospitaleetan sortzen dena, adibidez. Administrazioak badaki federatutako mendizaleak asegurua duela, eta faktura bidaltzeko aukerak ugaritu egiten dira». Mendian istripua izan eta izandako zauriak sendatzeko edo beharrezko ebakuntzak egiteko eskumenik ez du osasun publikoak. Horregatik, aseguru etxeek prezioak igo ditzaketela ohartarazi du, «nahiz eta oraindik ez den gertatu».
Kontzientzia hartu dute
Hego Euskal Herriko larrialdi zerbitzuek urtean 500 erreskate inguru egiten dituzte mendian. Horiek kobratzeko fakturak, baina, oso kasu gutxitan jaso dituzte mendizaleek. 2012an onartu zuten tasen legea, mendizaleak sorospen arriskuez ere jabetu zitezen; helburua bete dela erakusten dute datuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu