Ertzaintzako agenteen %16 inguru dira emakumeak, Foruzaingoko %9, Jendarmeriako %17,8, Espainiako Poliziako %15, Guardia Zibileko %7... Eta ehunekoek behera egin ohi dute organigraman gora egin ahala. Polizia egiturak ez dira errealitatetik at kokatzen, eta, gizarteko gainerako esparruetan bezalaxe, jarrera matxistak barneratuta daude haietan ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia irakasle Lohitzune Zuloagaren esanetan, hori ez da inondik inora berria, poliziek historikoki izan baitituzte «funtzio maskulinizatuak», era berean erakundeetan «kultura maskulino bat» sustatu dutenak. Horri buelta emateko, Poliziaren barne antolaketan zein herritarrekiko harremanetan genero ikuspegia txertatzeko beharra nabarmendu du.
Emakumeen parte hartzea areagotzea urrats bat da, ISPC Kataluniako Segurtasun Publikoko Institutuko ikertzaile Lola Vallesen esanetan, emakumezko agenteen artean handiagoa baita zerbitzu publikorako bokazioa, eta murritzagoa «polizia kulturaren ezaugarri negatiboen» presentzia; hala nola herritarren eta poliziaren arteko distantzia gordetzea, eta araudiak norberaren mesedetan erabiltzea. Hala, uste du emakumezko agente kopurua areagotzeko hobekuntzak behar direla aukeraketa prozesuetan, lanbidea gizarteratzeko moduan eta kontziliazioa errazterakoan.
Erakundean genero ikuspegia txertatzea, ordea, emakume kopurua handitzeaz haratago doa, eta barne antolaketari dagozkion aldaketak eskatzen ditu. Horietako bat da «erakundearen barruko desorekek emakumezko polizietan duten eragina aztertzea», Zuloagaren esanetan. Izan ere, desoreka horiek egunerokotasunean atzematen direla azaldu du Vallesek, emakumezko mosso baten testigantza ematearekin: «Gizonezko lankide batekin patruilan hastean, hark beti esaten zion berak gidatuko zuela. Hori ikusita, erantzun zion txandaka arituko zirela. Bada, baina, egoera onartu eta bere zeregina beste bat dela pentsatzen duenik».
Izan ere, segurtasun gaietan genero ikuspegia txertatzeko Kataluniako Barne Kontseilaritzaren gidaren arabera, ohiko hutsa da genero ikuspegian urratsak egiteko beharrik ez ikustea, argudiatuta erakundea nahikoa parekidea dela, edo emakumezko agenteen eskaera zehatzik edo jazarpen salaketarik ez dagoela.
Herritarrekiko harremanei dagokienez, berriz, Zuloagak bi aspektu nabarmendu ditu: emakumezko biktimekiko eta atxilotuekiko tratua. Biktimei dagokienez, NUPeko irakasleak azaldu du emakumeek, emakume izateagatik jasandako delituak salatzerakoan, «ahalik eta erosoen» sentitu behar dutela Poliziaren aurrean, eta horretarako beharrezkoa dela egoera ulertzeko garaian kontzienteago jokatuko duten agenteak egotea: «Laguntza eskatu behar badut, babestuta sentitu behar dut».
Vallesen esanetan, egoera horiei erantzuteko prest dagoen jendea behar da Polizian, eta horretarako ezinbestekoa da formakuntza indartzea: «Erakunde maskulinoa dela kontuan izanik, arazo horietako asko erantzunik gabe geratzen dira». Esaterako, hainbat biktimaren testigantzak jaso ostean, Iridia elkarteak ondorioztatu du egungo legediak eta testigantza eta froga korporal eta psikologikoak hartzeko prozesuek ez dutela bat egiten «biktimen bizi tempoarekin». Horrez gain, salatu du sexu indarkeria sarri ez dela giza eskubideen urraketa larritzat jotzen, biktimen profilek ez dutelako «sexu indarkeriari lotutako imajinarioarekin» bat egiten. Hau da, aurreiritziak direla medio, ez da testigantza ontzat jotzen, eta horrek poliziekiko mesfidantza sustatzen du.
Delituren bategatik atzemandako emakumeen kasuan, berriz, «estereotipo izugarriak» daudela azaldu du Zuloagak: «Emakume txarren estereotipoa oso barneratuta dago, bai gizartean, bai Polizian. Zalantzan jartzen da haien emetasuna, zintzotasuna eta amatasuna». Haiei Poliziak ematen dien tratamendua ere desegokia dela iritzi dio, haien beharrak kontuan hartzen ez direlako: «Gizonek eta emakumeek gorputz ezberdinak ditugu, eta hori kontuan hartu beharko litzateke atxiloketetan». Badira, baina, gizarteak emakumeei ezarritako rolekin lotutako beste arazo batzuk ere, hala nola haien zaintzapeko haurren edo adinekoekin gerta daitekeenaren kezka.
Arraza ere faktore
Genero ikuspegia tratatuko duten «formakuntza sakonagoekin» batera, klasismoaren eta arrazakeriaren ingurukoak ere beharrezkotzat jo ditu Zuloagak: «Poliziek kontziente izan behar dute; lanbidean jarrera arrazistak, matxistak eta klasistak izan ditzakete». Horietan adierazgarriena kaleko identifikazio eta miaketena da, Vallesek adierazi duenez. Ikertzaileak azaldu du identifikazio gehiagok arazo gehiago eragiten dituztela, eta, ondorioz, kolektibo jakin batzuk estigmatizatzea errazten dutela.
Horrek eragina du kolektibo horiek Poliziarekiko duten ikuspegian, eta, beraz, baita halako erakundeetan duten presentzian ere. «Lehen aldaketa handia emakumeen presentzia handitzea da. Hurrengoa, eta beharrezkoa, gutxiengoetako kide gehiago sartzea. Errealitatea interpretatzeko gaitasuna areagotuko luke», argudiatu du Vallesek.
Polizia eredua
Kontzienteago, erantzun ahal izateko
Ezarritako funtzio maskulinoak emakumeen beharrei erantzuteko ezgai bihurtu ditu poliziak. Genero ikuspegia txertatzea da ondorio negatibo horiei erantzuteko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu