«Zirkinik» ez egitea: Mariano Rajoyk dio «kritika» hori egin izan diotela maiz. Ez zuen gaizki hartzen. «Niretzat, adjektibo horrek ez du gutxiespen zentzurik, eta are gutxiago terrorismoarenauzian». Hala idatzi du Rajoy Espainiako gobernuburu ohiak (2011-2018) bere liburuan: Una España mejor (Espainia hobe bat). Atzotik liburu dendetan salgai dago haren lana. Argazki eta guzti 410 orrialde pasatxo dauzka, eta euskal gatazkari batzuk baino ez dizkio eskaini; pasaeran bezala aipatu du. Liburuan ere aitortu du zein zen bere tesia auzi armatuaz: «Hiltzeari utzi behar zion ETAk, eta desegin; hori horrela ez zenbitartean, ez zegoen kontzesiorik, eta gero ere ez». 2011ko abenduan iritsi zen Moncloara Rajoy PPren orduko presidentea, ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri eta bi hilabetera, eta ez zen aulkitik altxatu ere egin.
ETAren amaiera: politika, terrorearen aurrean izena jarri dio borroka «antiterroristaren» atalari, eta esan du ETAren betiko bukaera erdiestea izan zela «Espainiako demokraziaren ametsa». Oraindik estatuko aparatu batzuek ez bezala, Rajoyk onartu du ETA «betiko desagertu» zela, 2018ko maiatzaren 3ko agiriaren bidez. Hasieran, ez zion garrantzi berezirik eman nahi izan gertakari historiko hari, eta ikusten zuen ETAren desegiteak ez zuela «oihartzun mediatikorik» izan, «arrazoi sinple bategatik: zazpi urte ziren bere jarduera utzi zuela». Dena den, azkenean atera zen Rajoy jendaurrera zerbait esatera, bere kabineteburu Jose Luis Ayllonek behin eta berriro aipatu ostean. Agerraldian, lehendabizi, ETAren biktimen aldeko hitzak egin zituen, eta estatuko «segurtasun» indarrak, epaileak, fiskalak, aurreko gobernuburuak eta Errege Etxea eduki zituen gogoan ondoren. Idatzi duenez, ETAren amaiera ez baitzen izan «gobernu jakin baten lorpena, baizik estatu osoarena».
Rajoyk azaldu du bazekiela ETA «barruan» nolako eztabaida izan zuten ziklo bukaeraz, hala informatu ei zutelako estatuko zerbitzu sekretuek. Henri Dunant zentroko zuzendari David Harlandek irakurri zuen ETAren (1958-2018) desegite adierazpena, Genevan (Suitza), arratsaldeko ordu biak pasatxo zirela, baina Rajoyk liburuan ez du kontatu bere gobernuak egun hartan bertan, eguerdi aldera, Suitzako goi arduradunei telefonoa jo ziela, Henri Dunant eraikineko ekitaldi publikoa eragozteko eskatuz.
ETArekin hitz egin gabe
Harro dago Moncloan izan zen aldian sekula ez zuelako ETArekin hitz egin eta ez zuelako inolako kontakturik izan, nahiz eta eskatu izan zioten. Hala dio. Eta gogoratu du oposizioan zela nola egin zion aurka bere aurreko gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori (PSOE), horrek 2005 eta 2006an ETArekin elkarrizketa abiatzeko jarrera agertu zuelako Kongresuan. Jose Maria Aznarren (PP) gobernua ere mintzatu zen ETArekin, 1999ko maiatzean, eta badakar hori Rajoyk liburuan, baina zehaztu du ETAk «armak uzteko eta desegiteko borondaterik bazuen egiaztatzeko» egin zuela gobernuak bilera orduan. «Ezin da onartu prezio politiko bat pagatzea, zeren horrek esan nahi baitu hiltzea prozedura eraginkorra dela helburu politiko batzuk lortzeko».
ETAk duela zortzi urte armak utzi eta berehalaxe hartu zuen ostatu Rajoyk Moncloan —«poztu» eta «benetan ospatu» zuen ETAren erabakia; «ez zen beste su-eten baten iragarpena»—, baina ez zen gero harekin eseri Norvegian, nahiz eta mahai bat pronto zegoen gatazkaren ondorioez mintzatzeko, nazioarteko komunitateko kide esanguratsuek aurrez ETArekin eta PSOEren gobernuarekin hitzartuta. «Gure determinazioaren kasurik argiena Moncloara iritsi eta gutxira gertatu zen, esan zigutenean ETAren hiru buruzagi garrantzitsu Norvegian zeudela, herrialde hartako agintariak jakinaren gainean zirela. Espainiako Gobernuaren ordezkariekin biltzea zen haien asmoa, 'gatazka politikoaren behin betiko irtenbidea elkarrekin adosteko'». Ezta azaldu ere Madril. «Norvegiako Gobernuak bilera bat izatea nahi izan zuen, baina nik beti uko egin nion».
2013 hasieran desegin zen Norvegiako elkarrizketa gunea, eta ETAk bere aldetik ekin zion armagabetze prozesuari. 2014ko otsailean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin batera azaldu zen bideo baten bidez jakinarazi zuen hasi zela armategia zigilatzen. Handik egun gutxira izan zen estatuaren egoeraren eztabaida saioa Kongresuan, eta Rajoyk, desarmatzeaz: «Zergatik egin behar dut nik zerbait?». Hitz erdirik ez zuen egin euskal gatazkari buruz, ETA lehen beti hizpide zuten arren. Una España mejor liburuan %3 eskaini dio haren bukaera faseari.
«ETArengandik esperotako gauza bakarra bere desegitea iragartzen zuen agiria zen; zuzenbide estatuak funtzionatzen segituko zuen», dio. Kontent agertu da bere agintaldian, ETAk jarduera armatua amaitua zuelarik, 150 «terrorista» baino gehiago atxilotu zituztelako. Aitortu du, bestalde, «ezbeharrik» ere izan zutela. «Handiena, dudarik gabe, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina baliogabetzea izan zen». Auzi horretara «partida hasita» ailegatu zirela aipatu du; «eta ezin izan genuen irabazi». Ez zuen nahi inolako aldaketarik.
Espetxe politikan ere ez. «Ez nuen sekula onartu aldatzea, nahiz eta era guztietako eskaerak heldu zitzaizkidan». Aldaketa planteatzen aurrena, kontatu duenez, Patxi Lopez izan zen, Jaurlaritzako lehendakari zela, eta Lopezen ordezko Iñigo Urkulluk «insistitu» egin zion. «Harentzat, indarkeriaren osteko normalizazio prozesuko parte zen. Behin ere ez ginen ados jarri». Rajoyren ustez, Urkullu zen «zerbait eman beharko zaie famatuaren aldarrikatzaile nagusia».
Euskal Herriko gatazka politikoari ez dio ia heldu ere egin. Jakinarazi duIbarretxe planaren aurrean PSOEk eta PPk elkar hartzeko bilera bat egin zutela, 2005 hasieran. Baina, halaber, aitortu du Kongresuko 2005eko otsaileko saioan «jadanik» agertu zela geroztik lurralde auziaren eztabaidan izandako elementurik; «erabakitzeko eskubidea deituriko falaziaz ari naiz, esaterako». Kataluniako auziaz gehiago idatzi du, ukazioa legetzat hartuz.
«Kontzesiorik» ez ETA zegoela; «gero ere ez»
Mariano Rajoyk liburu bat idatzi du, eta tarte txiki bat baino ez dio eskaini ETAren bukaerari; harro agertu da irtenbidea bilatu ez izanaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu