Madrilen izan da Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, eta «itunpeko erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa» aipatu du Nueva Economia Forumeko hitzaldi batean, Espainiako Gobernuari mezua helarazteko. Itunerako, Kontzertu Politikoa aitatu gabe, defenditu du «esparru juridiko-politikora eramatea Kontzertu Ekonomikoak Euskadiri ematen dizkion subiranotasuna eta aldebikotasuna».
EAJko agintarien artean, Josu Jon Imazek atera zuen Kontzertu Politikoaren ideia. 2006an, Bilboko hitzaldi batean, artean EBBko burua zela, azaldu zuen «Kontzertu Ekonomikoaren formulazio kontzeptuala esparru politikora eramatea» litzatekeela Kontzertu Politikoa. Antzeko hitzak erabili ditu Ortuzarrek Madrilen.
Imazek zioen «harreman politikoen eredu bat» dela Kontzertu Politikoa eta euskal gizarteko korronte nagusiak identifikatuta sentitzea dela gakoa. «Estatu plural bateko harremana artikulatu» beharraz mintzo zen, «alde guztien alde bakarreko tentazioak saihesteko». Itunak egiteko «derrigortasunaz» aritu zen urte bereko elkarrizketa batean: «Esparru politikoan ere lor dezagun erabakiaren eta itunaren arteko konbinazioa».
2007ko irailean jakinarazi zuen EBB utzi egingo zuela. Juan Jose Ibarretxe (EAJ) Jaurlaritzako lehendakari zen garaian ziren: 2004an Estatutu Politiko berria onartu zuen Eusko Legebiltzarrak —Espainiako Kongresuak 2005ean atzera bota zuen—, eta, 2007ko irail hartan, Ibarretxek berak «bide orri berri bat» proposatu zuen —2008ko ekainean Galdeketa Legea onartu zuen legebiltzarrak; Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen irailean—.
Urte erdi baterako, AEBetara joan zen Imaz. Iñigo Urkulluk hartu zuen EBBko presidente kargua, 2008ko urtarrilean, eta udazkenean mahai gainera atera zuen Kontzertu Politikoaren ideia. «Kontzertu Ekonomikoko irizpideak eta filosofia politikan ezartzea litzateke: akordioa, ituna, aldebikotasuna, inor ez bestearen gainetik, inposiziorik gabeko koordinazioa». Formula horrek balioko luke 1979ko EAEko estatutua, estatutu erreforma edo estatutu berria «aurrera ateratzeko», Urkulluren arabera.
2012ko abenduan utzi zuen EBBko presidente kargua, Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenean; Ortuzarrek hartu zion lekukoa, 2013ko urtarrilean, eta hark ere atera du esparru politikoan Kontzertu Ekonomikoaren parekidea litzatekeen formula. Haren esanetan, EAJk helburu du «euskal nazioari [Espainiako] Estatuan eta Europa barruan tokia aurkitzea ahalbidetuko duen topagunea».
Elkarrizketa eske Espainiari
Espainiako Gobernua eta hango alderdiak gonbidatu ditu «Kontzertu Ekonomikoaren eredua esparru politikora» eramatera. Horretarako, «aurreiritzirik gabeko elkarrizketa eta negoziazio zintzoa» hasi ditu EAJk, «euskal gizarteak berretsitako akordioa errespetatua izan dadin».
Azken hilabeteetako agerraldi batzuetan, Ortuzarrek adierazi izan du Espainiako hauteskundeen ondoren —2015 bukaeran lirateke— «saihetsezina» izango dela «erreforma konstituzionala». Aldi berean, esan izan du ez duela ikusten datorren urteko maiatzeko udal eta foru bozen aurretiko mugimendu politiko handirik EAEn, eta 2015eko maiatzeko eta EAEko bozen artean —2016ko udazkenean lirateke— egingo litzatekeela erkidegoko estatutu berriaren kontsulta. Orain, Madrilen esan du 2015. urtearen bigarren zatian izango dela modua «Euskadirentzako estatus politiko berria egiteko, adosteko eta esku artean izateko». Hauteskundeak aurreratu ezean, Espainiako Gobernuan PP egongo da artean.
«Aukera hau aprobetxatu beharra dago», azaldu du EAJko buruak Madrilgo hitzaldian, eta iragarri du saio horrek «porrot» egingo balu EAJk «Euskal Herriaren eskubide historikoak indar guztiekin eta demokraziak ahalbidetutako bideak» erabiliz defendatuko dituela.
Marian Beitalarrangoitia EHko Bilduko legebiltzarkideak esan du «beste iruzur bat» gertatuko dela erabakitzeko eskubidea Madrilen esku uzten bada.
Kontzertu Politikoa berriz ere
Ortuzarrek Kontzertu Ekonomikoaren tankerako akordio politiko bat proposatu dio Espainiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu