Kontzertu ekonomikoen defentsa egin dute Txibitek eta Pradalesek, gutun publiko batean

Esan dute ezen, edozein dela ere Espainiako erkidegoen finantzaketa ereduari buruzko gogoetaren ondorioa, Nafarroaren Hitzarmen Ekonomikoa eta EAEren kontzertu ekonomikoa ez direla «inoren aurkakoak», baizik babes juridiko osoko tresna solidarioak.

Imanol Pradalesek eta Maria Txibitek irailaren 4an egin zuten bien arteko lehen bilera, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Imanol Pradalesek eta Maria Txibitek irailaren 4an egin zuten bien arteko lehen bilera, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
mikel p ansa
2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun

Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren kontzertu ekonomikoa besoz beso defenditzeko, iritzi artikulu bat argitaratu dute Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, BERRIAn bertan gaur osorik irakur litekeenez. Laburtuz, adierazi dute «federalismo fiskala» izendatu duten hori juridikoki sendoa, politikoki onartua eta beste erkidego batzuek izan ditzaketen hitzarmenetatik diferentea dela, eta gogorarazi dute Hegoaldeko ogasunek beste erkidegoetakoek baino ekarpen handiagoa egiten diotela Espainiako Gobernuari, baina, hain justu horregatik, solidarioak direla tresna horiek.

Artikulua amaitzeko arrazoibidean eman dute eskutitzaren gakoetako bat: «Beraz, araubide hauek [kontzertu ekonomikoak eta Hitzarmen Ekonomikoak] lekua dute gure estatu ereduaren barruan, edozein dela ere araubide erkideko autonomia erkidegoen finantzaketa eredua egungoa ez den beste eredu batera eramateko prozesuaren hausnarketaren ondorioa. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da araubide hauek balioestea, errespetatzea eta defendatzeko konpromisoa berrestea, gure autogobernuaren giltzarria eta eskubide historikoa baitira».

Testu guztian ez dute behin ere Katalunia aipatu, baina testuaren atzera-aurrerakoetan agerikoa da Kataluniari esparru fiskal berri bat emateko akordioaren aurrean sortu diren eztabaidei erantzun nahi izan dietela Txibitek eta Pradalesek. Hala zehaztu dute gutunean bertan, kontzertua eta Hitzarmena iritzi publikoaren aurrean blindatzeko asmoz: «Sistema hau ez da inola ere inoren aurka egituratzen; aitzitik, osagai solidario sakona du, eta bere lege babesak instituzioen arteko harremanak indartzen ditu; izan ere, Konstituzioan bertan ainguratuta dago».

Argudiatu dute «erabateko egonkortasun eta segurtasun juridikoa» dutela tresna horiek, Espainiako eta Europako auzitegien babesarekin. «Foru tradizio historikoaren» jarraipena dira, eta gaur egungo legedian «erabateko babesa dute, juridikoki, politikoki eta jurisprudentziari dagokionez; hala eta guztiz ere, aldian-aldian araubide hauek kritikatu egiten dira, eta erabilera alderdikoia jasaten dute», idatzi dute gutunean, eta kritika horiei erantzun diete eskuz esku, Hitzarmena eta kontzertua defendituz, eta horien zilegitasunaren arrazoiak emanez.

Erkidegoen finantzaketa arazoak

Adierazi dute Espainiako autonomia erkidegoak modu «egokian» finantzatzeko formularik ez dela lortu 1980tik, eta hori dela arazoaren «muina»; are gehiago aintzat hartzen bada autonomia erkidegoak bilakatu direla «zerbitzu publiko garrantzitsuenen emaile». Beste erkidego batzuek ere «finantzaketa sisteman mekanismoak» egituratu ditzaketela onartu dute, baina, «edozein kasutan, beste horiek ez lukete izango foraltasun ukiezinaren berme instituzionalak Kontzertuari eta Hitzarmenari eskaintzen dien segurtasuna»; eta hori argudiatzeko arrazoi juridiko eta historikoak aletu dituzte.

Hegoaldeko lehendakarien esanetan, nazioartean «ez dago gisa honetako adibide gehiago», eta Hitzarmenak eta kontzertuak aukera ematen dute zerga politika propioa garatzeko, eta horrek ahalbidetzen du «lurralde bakoitzaren idiosinkrasiara egokitzea» eta jarduera ekonomikoa eta hazkunde ekonomikoa bultzatzea, gizarte politikak garatzea, eta, funtsean, «herritarren ongizatea» hobetzea.

Nabarmendu dute politika fiskal ia osoa —inportaziorako zergak ez beste guztiak— beren gain hartzeak ekartzen duen erantzukizuna hartzeko eta «alde bakarreko arriskua» onartzeko ariketa bat ere. «Kudeaketari begira, erantzukizun, zorroztasun eta autoexijentzia handia» eskatzen dute Hitzarmenak eta kontzertuak. Adibide bat aipatu dute: «EAEko eta Nafarroako erakundeek ez dugu aparteko finantzaketarik jasotzen krisi ekonomikoko garaietan; horren ordez, alde bakarretik, geure gain hartzen ditugu zerga sarreren murrizketaren ondorioak».

Kuoten proportzioak eta elkartasuna

Nabarmendu dute Espainiako Estatuari ordaintzen zaiona ez dela Hegoaldeko Ogasunek bildutakoaren proportzioa, baizik eta Espainiako Gobernuak bere aurrekontuetan zehaztutakoaren araberakoa. «Erkidego bakoitzak bereganatu gabeko eskumenekin bat datozen gastu publikoko diru sail guztiak identifikatuz kalkulatzen da» zer ekarpen egingo dion erkidego bakoitzak Espainiari. EAErentzat, indizea %6,24 da; Nafarroako Foru Komunitatearentzat, %1,6.

Bi lehendakariek nabarmendu dute biztanleko beste erkide batzuek baino gehiago ordaintzen dutela EAEk eta Nafarroak. «EAEko eta Nafarroako biztanleek Estatu osoko biztanleen barruan duten portzentajea baino handiagoak dira» ekarpenerako zehaztutako ehuneko horiek.

Hala ere, segidan, zehaztu dute «Estatuko gainerako autonomia erkidegoekin solidarioak» direla Hitzarmena eta kontzertua, hain justu ekarpen handiago horrengatik: «Alde horrek esan nahi du EAEk eta Nafarroak baliabide ekonomiko gehiago transferitzen dizkiotela Estatuko Administrazio Zentralari, Administrazio Zentralak gainerako Autonomia Erkidegoetan gastu publikoak finantza ditzan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.