Kontuz-ek salatu du behar bezala ikertu gabe itxi dutela 'CAN auzia'

Elkarteak uste du, ikerketa batzordearen emaitzak jaso eta hilabetera auzia artxibatuta, ekinbide gehiago eskatzea galarazi diola epaileak

Erredakzioa
Iruñea
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Auzitegi Nazionalak CAN auzia artxibatu izanarekin kexu agertu da Kontuz plataforma. Ohar batean adierazi duenez, auzia behar bezala ikertu gabe itxi du epaileak, eta adibide gisara jarri du duela hilabete eskas igorri ziola Nafarroako Parlamentuak auzitegiari Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko ikerketa batzordearen ondorioak jasotzen dituen txostena. Plataformaren esanetan, txosten horretan «prozedura judizialean ikertu ez diren eragin ekonomiko handiko» datuak daude: «Kontuz-ek, akusazio gisa, ez du horien berri izan, konfidentzialak direlako». Orain, auzia artxibatuta, plataformak uste du epaileak ekinbide berriak eskatzeko aukera galarazi diela.

Hala ere, ez dute helegiterik aurkeztuko, «itxiera faltsu hau erabaki duen sistema bera elikatzen» ariko liratekeelako.

UPNk joan den asteartean jakinarazi zuenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio epaileak artxibatu egin du Nafarroako Kutxaren desagerpenari eta Banca Civicaren burtsaratzeari buruzko auzia. Sei urtez auzia ikertu eta gero, epaileak ebatzi du ez dagoela delitu zantzurik bankuen arduradun ohien kudeaketan. Erabakiarekin pozik agertu da UPN, baina erantzukizun politikoak argitzeko eskatu zuen herenegun Geroa Baik, iritzita horiek «frogatuta» geratu direla.

Kontuz-en iritziz, ordea, epailearen erabakiak «sakondu» egiten du plataformaren uste batean: «Justizia bat daukagu boteretsuentzat, CANen desagerpenaren protagonista izan zirenak babesten dituena, eta, aldi berean, hori salatzera ausartu zirenak zigortzen dituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.