Osasungintza

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2023ko irailaren 28a
09:43
Entzun

Azken bost urteotan, %29 handitu dira itxaron zerrendak Nafarroan. Horri buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak, eta azaldu du itxaron zerrendak handitzeko arrazoiak, besteak beste, hiru izan direla: %2 handitu dela Osasunbideko pazienteen kopurua, 64 urte baino gehiagoko pertsonak 2018an baino %7 gehiago direla, eta COVID-19aren pandemiak osasun larrialdia eragin duela. Faktore horiez gain, «okerrak» atzeman ditu Osasunbideak eginiko kudeaketan: «Ez dira betetzen ari pazienteak artatzeko epeak». Esaterako, nabarmendu du berrikuspen kontsulten itxaron zerrenda «adierazgarria» dela, eta horrek beste jarduera batzuen itxaron zerrendei zuzenean eragiten diela.

Zehazki, 2018tik eta 2022ra arte zerrendek izandako bilakaera eta kudeaketa aztertu ditu Kontuen Ganberak, eta, horrez gain, beste bi konturi erreparatu die: zerrendak laburtzeko neurriei eta horien kudeaketarako erabiltzen den informazio sistemari. Txostenaren arabera, 240.000 erregistro zeuden itxaron zerrendetan iazko amaieran. Hala ere, zehaztu dute zenbateko hori ez dagokiola paziente kopuruari, «paziente asko itxaron zerrenda bat baino gehiagotan baitaude». 240.000 erregistro horietatik, %64 berrikuspen kontsultak dira: %25 lehen kontsultak, %8 diagnostikoak eta %3 ebakuntzak.

Horien artean, lehen kontsulten itxaron zerrendaren igoera nabarmendu du ganberak: 2018an 33.000 erregistro zeuden; 2022ko amaieran, berriz, ia 60.000. Berrikuspen kontsulten itxaron zerrenda ere handitu egin da, baina ez hainbeste: 136.000tik 156.000ra. Diagnostiko probak 12.000tik 18.000ra igo dira. Ebakuntzei dagokienez, itxaron zerrendak ez dira handitu. 2022ko amaieran, 8.200 erregistro zeuden.

Datu zehatzagoei erreparatuta, Kontuen Ganberak neurtu ahal izan du Nafarroako osasun eremu bakoitzean —Iruñea, Lizarra eta Tutera— zenbat egunez itxaron behar izan zuten pazienteek, batez beste, iaz. Iruñean 133 egunez itxaron behar izan zuten iaz kardiologo batekin lehen kontsulta izateko —2018an, 43 egunekoa zen itxaronaldia—, eta Lizarran, 244 egun dermatologoarekin lehen kontsulta izateko —2018an, 37 egun itxaron behar izaten zituzten—. Tuteran, 209 egunez itxaron behar dute errehabilitazio sailean lehen kontsulta izateko. Ebakuntza traumatologiko bat egiteko, batez beste 132 egunez egon behar izan zuten zain pazienteek iaz Lizarran, eta ebakuntza oftalmologiko bat egiteko, berriz, 55 egunez Iruñean.

Inbertsioa

Azken bost urteotan, Osasunbideak 21,3 milioi euro gastatu ditu itxaron zerrendak gutxitzeko. Horietatik %39 langileriaren kontratazioan (8,5 milioi 700 kontratutan); %31 aparteko orduetan; eta gainerako %30 (sei milioi) Opus Deiren Nafarroako Unibertsitate Klinikara bideratutako kasuetan gastatu da. Hauek dira osasun zentro horretara bideratutako lanak: 3.700 kontsulta (655.000 euro); 12.000 diagnostiko probak 1,4 milioi); eta 2.730 ebakuntza (4,4 milioi).

Hala ere, Kontuen Ganberak ohartarazi du lehen arretako itxaron zerrendak laburtzeko egindako inbertsio ekonomikoak horiek «puntualki» murriztu baino ez duela eragin, eta, are, espezialitateetako arretaren itxaron zerrendak handitzea ere eragin duela.

Arreta unitateen lanari dagokionez, Kontuen Ganberak adierazi du hango profesionalek «lan zama handia» dutela, «zerrendak kudeatzeko prozedura ez betetzeak baldintzatua». Izan ere, adierazi du pazienteen eta osasun eremuen arteko ekitatea ez dela betetzen ari, itxaron zerrenden iraupena desberdina delako eremu batetik bestera. Arrazoia identifikatu du Kontuen Ganberak: «Era independentean jarduten duten hiru osasun eremu daude, eta haien kudeaketa eta baliabideak ez daude koordinatuta».

Gainera, nabarmendu du pazienteen arteko berdintasun printzipioa ere ez dela errespetatzen batzuetan: «Itxaron zerrendak kudeatzen dituzten sistema informatikoek baimentzen dute pazienteei deitzean antzinatasun eta lehentasun printzipioak bete gabe hitzorduak ematea, horiek arrazoitu gabe». Hitzordu horiek arrazoi klinikoengatik justifikatuta egon daitezkeen arren, Kontuen Ganberak uste du horiek ez arrazoitzeak ez duela errespetatzen pazienteen arteko berdintasun printzipioa: «Kontuen Ganberak ezin du egiaztatu printzipio horiek bermaturik daudenik».

35.000 kexa

Nafarroako fiskalizazio erakundeak ondorioztatu du Osasunbidea «ez dela betetzen ari pazienteak artatzeko epeak, batez ere kontsultetan». Horren ondorioa da kexa ugari izatea: «Iaz, Osasunbideak 35.000 kexa baino gehiago jaso zituen. Horietatik %51 berrikuspen kontsultei dagozkie; %9, diagnostiko probei, eta %5, ebakuntzei».

Txostenak gomendio batzuk ere eman ditu itxaron zerrenden kudeaketa hobetzeko. «Hasteko, zerrenden handitzearen atzean dauden arrazoiak ongi aztertu behar dira, ondoren dauden baliabideak kontuan hartuz planifikazio eta kudeaketa hobetzeko. Hiru osasun eremuen arteko koordinazioa bultzatzeko ere eskatzen du, baliabideak modu integratuan kudeatzeko. Horren helburua da eremu eta espezialitateetan dagoen itxaron denboraren arteko aldea gutxitzea. Bestalde, antzinatasun eta lehentasun printzipioak betetzen ez direnean, informazio sistemak horren arrazoia jasota utzi beharko luke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.