Herri Kontuen Euskal Epaitegiak atzeman du 2022an Osakidetzak kontratu txiki moduan izapidetu zituela zenbait kontratu, eta 130 milioi euroan baloratutako produktu, ondasun eta inbertsioak zatitu, horiek prozedura ireki bidez kudeatu beharrean. Eta, gainera, ikusi du 94 kontratu «legez baimendutako epeaz haratago» luzatu zituztela. Hau da, urte hartan zenbait kontratu tramitatzeko orduan «akatsak» egon ziren, kontuen epaitegiak ebatzi duenez.
Kontratu txiki deritzo, kanpoko enpresa pribatuek egin beharreko lanen kasuan, lanen balioa 40.000 euro baino gutxiagokoa bada; eta hornikuntza eta zerbitzuen kasuan, berriz, 15.000 eurokoa da gehieneko zenbatekoa, kontratua enpresa bati zuzenean eta lehiaketarik egin gabe adjudikatu ahal izateko. Oro har, erakunde publikoak behartuta daude lehiaketa publikoa egitera kontratatzen dituen zerbitzuak nori eman erabakitzeko, baina, kontratu horien balioa txikia denean, ez dute zertan horrelakorik egin. Ildo horretatik, legeak espresuki debekatzen du lan edo zerbitzu bakar bati dagokion kontratua kontratu txikiagotan zatitzea, lehiaketa egiteko beharrizana saihesteko.
Aipatutako lege urraketa honako arlo hauetan detektatu dute: sendagaiak erosteagatik 33,5 milioi euroan, bertze ondasun batzuk erosteagatik 92,8 milioi euroan eta inbertsioak 2,9 milioi euroan, urteko kontuen 2022ko ekitaldiari dagokion fiskalizazio txostenean adierazi duenez. Horrez gain, 75,7 milioi euroren balioa duten 94 kontratu luzatu zituzten, «legez baimendutako epeaz haratago». Gainera, kontuen epaitegiak nabarmendu du Osakidetzak ez duela kontabilizatua «langile jakin batzuen erretiro osagarriengatik etorkizuneko ekitaldietan ordaindu beharreko obligazioak», 2022ko abenduaren 31n zorra 57,5 milioi eurokoa litzateke.
Arlo horiek nabarmendu baditu ere, kontuen epaitegiak honako balorazio orokor hau egin du: «Osakidetzaren eta Osatek-en urteko kontuek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2022ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren irudi zuzena, baita data horretan amaitutako ekitaldiari dagozkion emaitzen eta diru fluxuen eta aurrekontuaren likidazioaren egoera orriarena ere».
LABen salaketa
Ez da lehenbiziko aldia Osakidetzako kontratu txikien gaiak eztabaida sortzen duena: urtarrilean LAB sindikatuak salatu zuen Osakidetzak 8 milioi euro esleitu zituela «legez kanpoko kontratazio prozedura bidez». LABek Osakidetzan duen ordezkari Jesus Oñatek azaldu zuen gaia xeheago: «Obra, zerbitzu eta horniketarako kontratu txikietan ezarritako kopuruak gaindituz gero, lehiaketa publikoa deitu beharra dago. Esleitu beharreko kopuruak zatituz, lanak lehiaketara ateratzea saihesten dute. Horrek bi ondorio ditu: nahi duten enpresari eman diezaiokete kontratua zuzenean, eta enpresen arteko lehia saihesten da kontratuak garestituz. Legez kanpoko kontratazio prozedura horrek arindu eta azkartu egiten du kontratazio lana, baina guztiz legez kanpokoa da, eta, gainera, zuzenean kontratatutako enpresen eta zipriztindutako ESIko zuzendarien eta arduradunen arteko erlazioa ere susmopean jartzen du».
Erran zuenez, hainbat trikimailu erabiltzen dira kontratazioan lehiaketa publikora deitzeko beharrizana saihesteko. Horietako bat da adjudikatu beharreko lana zatikatzea, betiere modua bilatuz kontratu bakoitzaren kostuak legeak ezarritako gehienekoa gaindi ez dezan. Adibidez, Tolosaldeko erakunde sanitario integratuak (Gipuzkoa) igogailu bana instalatu behar zuen Andoaingo eta Ibarrako zentroetan: kontratu bakarra egin beharrean, kontratu bat egin zuen igogailu bakoitzeko: kontratu biak egun berean sinatu zituzten, enpresa berari adjudikatu zizkioten, eta bakoitzaren kostua 39.998 eurokoa zen, legeak ezartzen duen 40.000 euroko muga baino apurtxo bat gutxiago.
Bertze batzuetan, obra bakartzat jo daitekeena, adibidez gela baten erreforma, lan txikiagotan banatzen da, eta kontratu bat egiten da elektrizitatea instalatzeko, beste bat hormak jartzeko eta abar, nahiz eta lan guztiak enpresa berberak egin. Hori da, erraterako, Portugaleten (Bizkaia) Buenavista osasun zentroko lokalak erreformatzeko lanarekin egindakoa: lanak lau kontratutan banatu dituzte, denak enpresa berberari eman dizkiote, eta hiru kontratutan balioa 39.900 euro ingurukoa da.
Bertze zenbaitetan, zatikatutako kontratu txikiago horiek enpresa desberdinei adjudikatu dizkiete, baina, horien jabetza ikertuta, LABek jakin du jabe edo arduradun berberak daudela enpresa horien atzean. Sindikatuak nabarmendu zuenez, orotara «dozena erdi bat» dira jarduteko modu horretatik onurarik handiena ateratzen duten enpresak.