«Independentzia ez da zerbait abstraktua edo hutsa», zioen aurreko astean Independentistak sareak Aberri Egunerako deia egitean. Baina independentismoaren estrategia abstraktua al da? Txutxi Ariznabarreta sarekideak duela aste batzuk aipatu zuen sorrerako euren diskurtsoak «orain arte balio» izan duela, «baina nahiko era abstraktuan egon gara». Independentistak sareari «plangintzarik eta zehaztasunik» ez izatea egotzi izan diote, edo independentismoak estrategiarik ez duela esan izan da.
Ander Iturriotz EHUko Soziologia irakaslea izan zen martxoaren 15ean Independentistak sarearen Nazio Konferentzian parte hartu zutenetako bat, eta uste du «aspaldiko partez» jauzi bat eman zela. «Bi gauza bereiziko nituzke: egitura eta estrategia. Eta egituratik estrategiara pasatzen ari gara. Ez bakarrik Independentistak sarearen kasuan; Gure Esku Dago ere hor da. Abertzaletasun identitarioaren esparru klasikoa zabaldu nahi da, mezu batekin edo bestearekin».
Sarearen konferentzian izan zen, halaber, Unai Apaolaza Eibarko (Gipuzkoa) ikastetxe bateko Filosofia irakaslea. Trantsizio garaiaz mintzo da hura. «Euskal independentismoa trantsizio garaian dago. Orain arte eraginkortasun falta izan du. Estatu bat lortzeko derrigorrezkoa da jendartearen gehiengoa helburu horren alde egotea, baina abertzaletasunak horretarako ematen dituen erremintak ez dira nahikoak izan. Bi multzo egiten ditu, eta euskal naziokoa sentitzen ez den haiengana ez da zabaltzen independentismoa. Beste tresna batzuk behar dira. Gogoeta hori egin dugu sarean».
Baina, zer tresna erabili? Independentistak sareak, «zabaldu» behar horretan, demokrazia, askatasuna, eskubideak, justizia soziala, berdintasuna, lana eta aberastasunaren banaketa aipatzen ditu. Ondorioz, diskurtsoa aldatu beharraren garrantziaz hitz egiten du Apaolazak: «Independentismoa euskal nazioaren bereizgarriak babesteko tresna gisa justifikatu izan da, baina hemendik aurrera norbanakoen interesak defenditzera ere pasatu behar da, sozialki eta».
Iturriotzen arabera, erakutsi nahi da euskal herritarra independentziarekin hobeto biziko dela ekonomikoki, sozialki… «Sozialki eta ekonomikoki euskal independentismoak beste joera ideologikoek ez duten sentsibilitate bat erakutsi behar du. Euskal Herri independente batean elkartasun sareak askoz sakonagoak izango dira. Herri honek frogatuta dauka elkartasunaren bidez gauza asko eraiki daitezkeela. Aberastasunaren banaketa beste era batera egiteko aukerak daude, gaitasuna badugulako, eta nik uste faktore hori dela gakoa». Beraz, iritzi dio badagoela eremu bat lan egiteko. «Gainera, hori ez du ia inork betetzen; politika profesionalak bizkarra eman dio».
Kontzientzia hartu
Apaolazaren aburuz, lehendabizi «kontzientzia hartzea eta diskurtsoa eratzen hastea» da garrantzitsuena. Horrez gain, independentista sentitzen ez diren sektoreekin zubiak eraikitzea funtsezkoa dela deritzo. Filosofia irakasleak 2011n idatzitako Abertzaletasunetik independentismora artikuluan zioen, eraginkorra izan nahi bada, «nazioa deitzen den subjektu politikoak helburu politikoari begira definitu» behar duela bere burua; hau da, «independentziarekin eta ez faktore objektiboekin (kultura, hizkuntza, historia). Hori egiteak independentismoaren potentzialtasuna askatzea ahalbidetuko luke. Independentista izateko aurretiazko baldintza bakarra horixe bera litzatekeelako; hots, independentzia nahi izatea, ez besterik».
Ipar Euskal Herriko lan molde irekia eredutzat hartua du Hegoaldeko abertzaletasunak. Ixabel Etxeberria Independentistak sareko kide eta Urruñako (Lapurdi) ikastolako irakasleak gogoratudu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abertzaletasunak urteak daramatzala beste sektore batzuekin hartu-emanean, eta hori ari dela fruituak ematen. «Ipar Euskal Herrian transbertsaltasun handia dago indar politikoen artean aldarrikapen batzuen inguruan —lurralde elkargoa, euskararen ofizialtasuna... —, eta lan komun horrek beldurren ezabatze handi bat ekarri du». Mugak ere aipatu ditu, baina. «Indar gehienen helburua ez da Euskal Herriaren askatasuna. Argi ukan behar dugu herri gisa ez gaituztela ezagutzen. Ondorioz, gure helburua Euskal Herriaren independentzia dela aldarrikatzen aritzea dagokigu independentistoi. Ezin da iparra galdu».
Giro politiko lasaiagoak egoteak beste esparru batzuetara iristea errazten duela pentsatzen dute BERRIAk kontsultatutako hiru lagunek. «Blokeak koadro politikoetan daude, ez gizartean. Herritar arruntak blokeak gainditzeko gaitasun handia du, eta hor egin behar da lan. Gizarte konplexua da gurea, baina ez daude Espainiakoan dauden lubakiak; han izugarrizko konfrontazioak daude, gurean ez», dio Iturriotzek.
Bide berriak urratzeak «orain arteko estrategian eskema asko haustea dakar», Apaolazaren iritzian, «eta independentismoak plurinazionala izan beharko du segur aski. Horrek tabu asko apurtuko ditu». Ondorioz, uste du Euskal Herriaren independentziaren aldeko lanean «derrigorrean jauzi bat» egin behar dela.
Gune trinkoa elikatzen segitu
Sektore berrietara zabaltzea da, beraz, estrategiaren ardatzetako bat. Baina arrisku bat badela ondorioztatu dute Iturriotzek eta Etxeberriak: nortasunari behar bezala ez eustea. «Independentistak sarearen eta Gure Esku Dagoren ardatza, oinarri-oinarrian, esparru abertzalea da. Hortaz, badago gune trinko identitario bat. Orain beste eremuetara zabaldu nahi da independentismoa. Ondo, baina garbi daukat: gune trinkoa elikatu eta zaindu gabe, besteak ez du zentzurik», dio EHUko Soziologia doktoreak. «Independentismoan egon ez direnengana eta eremu berrietara heltzeko, abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna ere azkartu behar dira. Euskal Herriaren ardatzen inguruan konbentzitu behar ditugu haiek», iritzi dio Urruñako ikastolako irakasleak.
Independentzia ez ezik, dependentzia da zirkulazioan jarri asmo den beste kontzeptu bat. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak atera izan du plazara azkenaldian. «Gaur egun arazoa ez da independentea ez izatea, dependentzia izatea da arazoa. Herri batentzat gauzarik okerrena dependentzia izatea da», zioen, adibidez, iaz. Aurtengo apirilaren hasieran Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak grafikoki adierazi zuen dependentziaren ondorioa: «Folioa Madrildik idatzita heltzen da, eta gure sistemak, gehienez jota, espazio zuri batzuk betetzeko aukerak ematen dizkigu». Edo Pako Aristi idazleak duela urte eta erdiko hitzaldi batean: «Hasi behar dugu dependentziaren alde daudenei zergatik dauden galdetzen. Froga dezatela dependentzian bizitzea hobea dela». ETAk gaurko adierazpenean badakar gaia: «Estatuen dependentzian, etorkizuna ilun».
Apaolazak iritzi dio «dependentziaren kontzeptua erabilgarria» izan daitekeela independentismoak lekua irabazteko. «Espainiako Estatua nola dagoen ikusita, euskal independentista ez direnengana heltzeko izugarrizko baldintzak daude, eta, gainera, guk uste baino arazo gutxiago leudeke haiek erakartzeko. Ikusten ari gara Espainiak dagoeneko ez duela hainbesteko atxikimendurik sortzen». Iturriotzek hegemonia kontuak aipatu ditu. «Nazionalismo espainola oso ahul dago, eta ezin garai egokiagoan gaude borroka hegemonikoa abiararazteko. Europan ere haizeak hortik jotzen du. Euskal Herrian hainbat eremu jorratuz eta bestelako lan moldeetan arituz gero, emaitzak jasotzeko abagunea da hau».
Lurraldetasunaz debaterik ez
Eta lurraldetasuna? Etxeberriak dio independentismoak bere estrategian Euskal Herria osorik hartu behar duela. Apaozalak aipatu du «subjektua Euskal Herria» dela, «hor ez da dudarik, baina lurralde erritmo kontuak ere hor dira», baina azaldu du sarea ez dela eztabaidatzen hasi halako gairik. «Helburua orain independentismoa zabaltzea da».
Hedatu, pedagogia ere eginez, Apaolazak azpimarratu duenez. «Ez bakarrik gure argudioekin beste jende batengana heltzeko —argitaratu genuen Bagoaz, hamaika arrazoi ditugulako liburuxka—. Ez bakarrik estaturik gabeko beste herrietako burujabetza prozesuak azaltzeko —atera genuen Eskozia. Independentziara bidaia XXI. mendeko Europan liburua—. Ideia batzuk argitzeko pedagogia lana egitea komeni da». Kanpora ez ezik, barrura begira ere bai: «Ideia asko plazaratu da azkenaldian, baina asko nahastu egiten dira, eta askotan kontraesanean daude».
Aberri Eguna
Kontua da nola zabaldu
Gaur ere Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuko dute herritar eta eragile askok. Independentismoa beste eremu batzuetara heltzeko estrategiaz mintzo dira Ander Iturriotz, Unai Apaolaza eta Ixabel Etxeberria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu