Kontu ikuskatze herritar bat nahi dute Euskal Elkargorako

Batera-k Euskal Elkargoaren gobernantza aztertu nahi du herritarrekin, arduradunei proposamenak helarazteko

Euskal Elkargoa aldarrikatzeko mobilizazioa Baionan, 2015ean. G. RUBIO / FOKU.
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
BAIONA. Euskal Elkargoa sortu eta urte eta erdira, haren gobernantzaz gogoeta bultzatzeko beharra ikusi du Batera plataformak. Oharturik azken hilabeteetan kritika eta desadostasun andana izan direla, herritarrak aktibatu nahi dituzte, ongi eta gaizki egiten direnak zerrendatu eta Euskal Elkargoko arduradunei proposamen zehatzak helarazteko. Hiru fase izanen ditu gogoeta prozesuak: ondoko asteetan, bilkura irekiak antolatuko dituzte herrietan, eta galdeketa bat zabalduko dute sareetan; azaro hastapenerako, galdera eta informazio saioak antolatuko dituzte elkargoko hautetsi eta adituekin; abendu erditsuan, berriz, jardunaldiak antolatuko dituzte.

Batera-koek argi utzi dute helburua ez dela elkargoaren erabaki politikoez eztabaidatzea, gobernantza arloan sortu diren arazoei aurre egitea baizik: hiriaren eta barnealdearen arteko haustura, paktu fiskala... «Kritikak badira, eta entzun behar dira», adierazi du Mixel Berhokoirigoin Batera-ko kideak. Proposamenak egitea da beren helburua.

Herritarrek Ipar Euskal Herriko instituzioaz iritzi txarra izatea ekidin nahi dute. « Arazoa ez da Ipar Euskal Herri mailako instituzioa izatea. Funtzionamendua ez dute pertsonek soilik egiten, elkargoak baditu egiturazko arazoak», gaineratu du Jakes Bortairuk. Arazo horiek identifikatuta, instituzio mailan urrunago joateko borondatea berpiztu eta baldintza politikoak sortu nahiko lituzke Batera plataformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.