Elikadura

Kontsumo ohituren azterketa

Elikadura burujabetza eta jasangarritasuna bultzatzeko, Elikaldia egingo dute gaurtik larunbatera, Bilbon. Kontzeptuak finkatu eta horien kontzientzia hartu nahi dute ekinaldiarekin.

Bilboko Erriberako merkatua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko urriaren 13a
13:39
Entzun

Elikadura ardatz dela, Bilbon probaldi bat egingo dute datorren astean: Elikaldia izeneko egitasmoa. Gaur eta datorren larunbata bitarte izango da. Urtzi Ugalde egitasmoaren antolatzaileetako baten hitzetan, kontsumoaren eraginak aztertu nahi dituzte: «Jaten eta edaten ditugun produktuek, eta, hain zuzen ere, haien ekoizteko eta banatzeko moduak gure ingurumenean, gizartean eta ekonomian duten eragin positiboei eta negatiboei buruz hausnarketa eragin nahi dugu. Bide batez, praktika onak ere sustatu nahi ditugu».

Ugalderen iritziz, ezinbestekoa da ohiturak aldatzea: «Data jakinetan hainbat ekintza egin beharrean, hobe da egunean-egunean bizimoduko kontu txikiak aldatzea; ohartzea zer den egiten ari garena eta zergatik. Kontzientzia hartzea da garrantzitsuena».

Urriaren 16a Elikaduraren Nazioarteko Eguna da, baita Elikadura Burujabetzaren Aldeko Ekintzen Eguna ere. Hori dela eta, abagune «ezin hobea» iruditzen zaie Elikaldiko antolatzaileei proba martxan jartzeko. Izan ere, ekintza jakinak oinarritzat izanda, norbanakoen egunerokoa aldatu nahi lukete, Ugalderen arabera: «Ariketa pilotua izango da; beraz, hastapenak ondo finkatu nahi ditugu. Baita saretzeko erabili ere, eta ea lortzen dugun berrehun pertsonako langa gainditzea izen ematean».

‘Zer egin, hura izan’

Elikadura «gizartearen eta herrien oinarrizko ondarea da», antolatzaileentzat: «Euskal Herriak duen berezko baldintza antropologiko, klimatiko eta orografikoak transmititu egin dira urtez urte, belaunaldiz belaunaldi eta auzoz auzo. Izugarrizko altxorra da jakintza hori; adibiderako, euskal kulturan gastronomiak duen garrantzia eta indarra».

Hortaz, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute Elikaldia ez dela inorena, eta, aldi berean, «denena» dela: «Biztanleon, gizarte mugimenduon, erakunde publiko eta pribatu guztion ardura da. Jabego kolektiboa da, eta horrela zaintzen jarraitu behar dugu. Hizkuntzak bezala, elikadura ezinbestekoa da herrien transmisiorako eta biziraupenerako, eta horien osasunari buruz asko esaten digu. Guk argi daukagu esaera zaharrak dioena: Zer egin, hura izan».

Edonola ere, bi elkartek hauspotu dute Elikaldia. Dinamizazio lanetan, batez ere, Kidekoop eta Bizilur aritu dira. «Kidekoop kontsumo kooperatiba bat da, Bilbo Zaharrekoa. Denda baten antzeko funtzionamendua dauka, baina bazkideen bitartez», dio Ugaldek. «Bizilurrek, berriz, Euskal Herri osoan egiten du lan, eta burujabetza du ardatz. Jardunaldiak antolatzen ditu, eta nazioartean egiten du lan. Bi elkarteak kudeaketa taldean egon dira buru-belarri, baina auzoko hamar bat eragilek ere laguntzen dihardute».

Elikadura, burujabetza, jasangarritasuna eta lur eremua ardatz hartuta, bost eguneko egitaraua antolatu dute. «Denek daukate gauza komun bat, eta hori zera da, gure inguruan, naturan, ekonomian, maila sozialean eragiten dutela, eta guk erabakitzen dugu nora doan gure dirua: kanpora edo gertukora, ekoizpen modu jasangarrietara edo esplotatzaileetara. Garrantzitsua izaten da horien lanketa egitea kontziente izateko gure ekintzez, ez aritzeko automatismoz».

Euskal Herrian egina

Datu deigarriek gizartean eragin handia izaten dute sarri. «Esate baterako, munduko biztanleen %60 nekazari txikiak dira. Horietatik %70, emakumeak. Horrek esan nahi du, gainera, zuzenean munduko biztanleen %70 elikatzen dituztela». Ugaldek dio munduko biztanleen %6k daukatela lurraren %65aren jabetza. «Kontsumitzen dugunaren %10 baino gutxiago ekoizten da Euskal Herrian».

Elikalagun izena ipini diete Bilboko ekinaldian parte hartuko dutenei. «Auzoan bizi edo lan egiten duten bizilagunak izango dira protagonistak; norbere kontsumo ohiturak aztertu eta eraldatzeko prest egotea da baldintzarik behinena». Lagunei, lankideei eta familiakoeei egitasmoaren berri eman, eta informazioa errazteko eskaera ere egin du Ugaldek, baita lotsak kendu eta ekintzetan parte hartzekoa ere. Elikaldia.eus atarian eman behar da izena, aurretiaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.