Estitxu Villamor Lomas eta Ortzi Akizu-Gardoki. Ikertzaileak

«Kontsumo ohiturak aldatuz egingo da trantsizioa»

EHUko bi ikertzaileek lehen aldiz kalkulatu dute auzo baten aztarna energetikoa. Gasteizko Errekaleor auzo komunitario eta autogestionatua izan dute aztergai.

edurne begiristain
Gasteiz
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ortzi Akizu-Gardoki eta Estitxu Villamor Lomas ikerlariak, Errekaleorren. ENDIKA PORTILLO / FOKU


Norberaren kontsumo materialaren atzean daude aztarna energetikoa baldintzatzen duten faktore nagusiak. Ideia horretan jarri dute fokua Estitxu Villamor Lomas (Gasteiz, 1987) eta Ortzi Akizu-Gardoki (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1983) EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa taldeko ikertzaileek.

Ikusi gehiago:Bestelako eredu baterako akuilu

Zer helburu du ikerketak?

ESTITXU VILLAMOR LOMAS: Batetik, aztarna energetikoa eskala txiki batean kalkulatu dugu; hori berria da metodologia aldetik. Bestetik, literatura zientifikoan esaten da horrelako komunitate alternatibo edo autogestionatuek potentziala izan dezaketela trantsizio energetiko bat garatzeko. Orain arte, horrelako komunitate txiki batean ez da ikerketarik egin bizitza estiloaren aztarna energetiko osoa kalkulatzeko. Geure buruari zera galdetzen genion: benetan horrelako komunitate bateko aztarna txikiagoa izango da? Txikiagoa baldin bada, zergatik? Errekaleor auzoa, argia moztu zietenetik eta instalazio fotovoltaikoa martxan jarri zutenetik, Euskal Herrian trantsizio energetikoaren eredu bilakatu da. Baina benetan da eredu? Benetan sistema fotovoltaikoak dauka horren eragina? Horri erantzun nahian egin dugu ikerketa.

ORTZI AKIZU-GARDOKI: Pertsona edo komunitate batek sortzen duen energia aztarna ez da soilik etxean edo garraioan kontsumitzen den energiaren araberakoa. Aitzitik, uste baino faktore garrantzitsuagoa da kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energia: hau da, zeharka zer kontsumitzen dugun. Aztarna energetikoa da zuzeneko kontsumoaren eta zeharkako kontsumoaren arteko batuketa, eta, hori kalkulatzeko, Input-Output metodologia erabiltzen da. Ikerketa honetan, lehen aldiz erabili dugu metodologia hori eskualde eta auzo bateko energia aztarna kalkulatzeko.

Zer da aztarna energetikoa?

VILLAMOR LOMAS: Aztarna energetikoa kalkulatzeko, hainbat multzo bereiz ditzakegu: etxebizitzetan zuzenean kontsumitzen dugun energia, garraioan zuzenean kontsumitzen duguna eta zeharkako kontsumoa, hau da, kontsumitzen ditugun produktuak ekoizteko erabili den energia, gure herrialdean erabili dena, edo inportatzen ditugun produktu horien atzean dagoena.

Errekaleorren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko aztarna energetikoa alderatu duzue. Zer ondoriotara iritsi zarete?

VILLAMOR LOMAS: Erositako ondasun eta zerbitzuetan txertatutako zeharkako energiaz jabetu behar dugula. Espainian, kontsumo osoaren %81 da, EAEn %75 ingurukoa da eta Errekaleorren %66. Trantsizio energetikorako politika publikoek askotan etxebizitzetako kontsumoan jartzen dute arreta, baina zeharkako kontsumoa askoz garrantzitsuagoa da. Alde horretatik, Errekaleorren zuzeneko kontsumoa handiagoa da; hau da, etxebizitzetan eta garraioan gehiago kontsumitzen da beste eskualdeetan baino, baina, zeharkako kontsumoa askoz txikiagoa denez, kultura anti-kontsumista eta antikapitalista bat praktikatzen dutelako, horrek eragiten du aztarna energetiko osoa askoz txikiagoa izatea. EAEkoa baino %24 txikiagoa eta Espainiakoa baino %14 txikiagoa.

Sistema fotovoltaikotik datorren argindarra auzoko aztarna energetikoaren %0,6 baino ez da.

VILLAMOR LOMAS: Sistema horretatik nahiko energia gutxi eskuratzen dutenez, pentsatzekoa zen etxeko energia kontsumoa txikia izango zela, baina ez da hala. Auzoko etxebizitzak zaharrak dira, ez dira efizienteak, eta egur kantitate itzela kontsumitzen dute; etxeetako kontsumoaren %80 baino gehiago.

Etxebizitza batean bizi den pertsona kopurua ere faktore garrantzitsua da.

VILLAMOR LOMAS: Errekaleorren badira familian edo komunitatean bizi direnak eta bakarrik bizi direnak. Ikusi dugunez, bakarrik bizi den jendearen aztarna energetikoa askoz handiagoa da, eta familian eta komunitatean bizi direnek murrizten dute Errekaleorreko aztarna. Are, bakarrik bizi diren pertsona horien aztarna EAEko biztanleena baino handiagoa da, batez beste. Berez horrela behar du? Gure iritziz, ez. Etxebizitza bat berotzeko behar duzun energia berbera da bertan pertsona bat edo bost bizi badira. Baina bestelako faktore batzuetan handiagoa da aztarna hori: adibidez, zerbitzuetan eta garraio pribatuan. Hori egozten diogu pertsonen erabaki eta bizi estilo pertsonalari, baina egiturazko faktoreak ezin ditugu ahaztu.

Produkzio sistema guztian eragin behar da, hortaz.

VILLAMOR LOMAS: Planeta jasangarri baten mugak errespetatzeko, Errekaleorreko aztarna ere heren bat jaitsi beharko litzateke. Errekaleor sistema sozioekonomiko baten barruan dago, eta egiturazko faktoreak hor daude. Oso zaila da maila indibidualean aztarna horrenbeste jaistea, baina, era berean, norberaren erabakiak garrantzitsuak dira aztarna hori apalagoa izateko.

Errekaleor trantsizio energetikoaren ikur gisa jo daiteke?

AKIZU-GARDOKI: Egitura produktiboari erreparatzea ezinbestekoa da trantsizio energetiko bat egin nahi badugu, eta, alde horretatik, Errekaleor sistema ekonomikoan txertatuta dagoen neurrian, sistema dena aldatu beharko litzateke auzoan eragina izateko. Hala ere, Errekaleorrek erakutsi digu trantsiziorako bidea kontsumo ohiturak aldatuta egin behar dela. Tokian tokiko kontsumo eta produkzioak asko lagunduko luke trantsizio baterako bide justuago bat egiten, batez ere gure ingurumen ereduaren inpaktuen ardura eta gure kontsumo mailaren dimentsioaren ardura hartzen has gaitezen.

Posible ikusten duzue trantsizio energetikorako bidea egitea?

AKIZU-GARDOKI: Arreta non jarri, hori da gakoa. Erabiltzaile gisa, panorama globalaz jabetu behar dugu, eta kontsumoak berak duen inpaktu energetikoa onartu. Aldaketa bat izaten ari da, poliki-poliki, baina kontsumo aldetik oraindik aje asko dauzkagu. Paradoxa batean bizi gara: produktu jasangarri gehiago kontsumituz energiaren kontsumoa murrizten saiatzen ari gara, baina gure ohitura ekonomikoak dira aldatu eta murriztu behar ditugunak. Ezin dugu, inola ere, bakarrik maila indibidualean jarri arreta, kontsumo ohituren aldaketak agente politiko eta ekonomikoen eraldaketa sakon batek lagunduta egon behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.