Familia medikua da Mikel Baza (Bilbo, 1983), Osakidetzan. Espezialitateko kide Lorea Larrañaga lagun hartuta, «kontsulta sakratuei» buruzko ikerlan bat egin zuen iaz. Ezin uka, adjektibo hori erantsia duten kontsultak zer-nolakoak diren esplikatu behar izaten dute usu aurrena gaiaz aritzean: «Emozioen aldetik zerbait berezia gertatzen den kontsultak izaten dira: gertatzen den horrek errespetu gorena merezi duenekoa». Aitortu du ez dagoela adostasun erabatekorik Sakratu adjektiboaren inguruan, baina kontsulta horien existentzian, horien aparteko garrantzian, bat datoz, oro har, osasun profesional gehienak. Martxoan, izurriak eten egin zizkien ikerlana aurkezteko saioak, baina mintzagaia lehen mailara ekarri dute berriz, eta, orain, birusa osasun zentroetan ez sartzeko ahaleginetan arta telematikoa nabarmen handitzera egin den hilabeteotan, gaia lantzeko «inoiz baino arrazoi gehiago» daudela sentitu dute. Kontsulta klase horietan «aurrez aurreko arta» ezinbestekoa dela defendatu du: «Izan ere, halakoetan, nolabait ere, denbora eteten saiatu behar dugu, gainerako guztiak garrantzirik ez balu bezala jokatzen; berdin da, adibidez, itxaron gela jendez beteta egotea, edo atzeratuta ibiltzea. Aurrean dagoen pazienteak, zeina normalean hunkituta egoten baiten, sentitu egin behar du hori».
Lehen mailako arretako osagilea zara. Tankera horretako zenbat kontsulta izan ohi dituzu zure laneko martxan?
Oso galdera polita da, eta oso zaila erantzuten. Nik esango nukekontsulta guztiak direla sakratuak, hein batean, baina batzuk bereziki. Ez dakit ba; agerian jartzen direnean tratu txarrak, edo barruko benetako minak: banaketaren batek eragindakoak, heriotzarekin lotutako kontsultaren baten ondoriozkoak... Askotan pazienteek negar egiten dute; beste askotan, ez. Nik beti izaten ditut mukizapi kaxak kontsultan, eta gastatu egiten zaizkit. Baina ezingo nuke jakin zenbaki bat esaten; aldakorra da. Egunero ez, baina astero-edo izaten ditugu. Jendeak negar egiten du kontsultan; halere, negarrak ez du zertan azaldu...
Negarrik gabeko kontsultei ere erants dakieke adjektibo hori. Nola deskribatzen dituzte, oro har, osasun arloko langileek?
Guk egin genuen ikerlana kualitatiboa izan zen; hainbat eztabaida talde egin genituen familia medikuekin. Terminoa bera zalantzan jarri zutenak baziren tartean; zenbaitek sakratu hori zerbait erlijiosorekin lotzen dute, eta ez zaie gehiegi gustatzen. Oro har, kutsu emozional handiko kontsultak lirateke.
Martxoan, izurria osasun zentroetan ez sartze aldera, ia egun batetik bestera, osasun zentroetako sarbidea asko mugatu zen, eta arta telematikoaren aldeko hautua egin zen. Halako kontsultetarako traba izan zen...
Kontsulta birtualek muga handiak dituzte. Martxo-apirilean tresna oso erabilgarria izan ziren: azken finean, etxeko itxialdi batean geunden guztiok; baina badituzte mugak. Argienetako bat da falta dela elkarrekin topo egiteak dakarren komunikazioa... Aurrez aurreko artan duzu, adibidez, pazienteak kontatzen dizunaz harago, hori kontatzeko duen era. Isiluneak ere hor daude. Eta telefonoak ez du aukera hori ematen. Horiez gain, kontsulta mota horietan ez dago esplorazio fisikorik egiterik. Praktikan, nabarmendu behar da ez geundela prest arta birtual bat emateko eta oso biologizista dela orain: sintometan oinarritzen da. «Non daukazu mina?». Beti oinarritu ohi gara sintoma oso fisikoetan, eta badakigu osasun arazo guztiak ez direla bakarrik fisikoak. Arreta biopsikosoziala telefono bidez ematea oso zaila da. Aldez aurretik pazientea ezagutzen badugu, tira, molda gaitezke, baina ezagutzen ez dugun pertsona bat telefonoz artatzea oso zaila da.
Birusari aurre egin behar horretan penduluak nabarmenegi egin du alde batera, alegia, arta birtuala sustatzera? Sentitu al duzue desoreka hori?
Nik neuk, bai; argi daukat. Orain gero eta aurrez aurreko kontsulta gehiago egiten ditugu, baina ez gara itzuli pandemia aurreko egoerara.
Aurrez aurreko artaren garrantziaz ari zara. Defendatzen duzun lan egiteko era horrek denbora eskatzen du, eta familia medikuak usu faltan duzuela esaten duzue...
Bai, testuinguru asistentzialak zailtasun handiak zituen lehen ere. Batetik, osasun sistemaren ezaugarriengatik: denbora gutxi daukagu pazienteak artatzeko, eta lan karga bat ere badaukagu burokrazia lanetara bideratuta. Egiturazko beste aldagai batzuk ere egon daitezke hor. Gainera, badira ikasle arotik dakartzagun zailtasunak; normalean gure trebakuntza oso bideratuta egoten da, bai unibertsitatean, bai egoiliar izandako garaian, ikuspegi biomediko bat izatera: zentratua dago sintometan, gailuetan, eta ez horrenbeste testuinguruan. Horibeste zailtasun gehigarri bat da.
Arta birtualaren mugez ari zara. Baina hilabeteotan ikasi duzue arta mota hori hobeto ematen?
Ikasi dugu guk, eta baita pazienteek ere. Haiek ere, adibidez, telefono bidezko kontsultak egiten dituztenean lehenesten dituzte irizpide biomedikoak, fisikoak, eta hor galtzen da gaitzarekin bat datozen beste aldagai batzuei erreparatzea. Guk ikasi dugu lehentasunak jartzen; zer artatu daitekeen telefono bidez, eta zer ez. Nik, adibidez, oraindik kontsulta asko telefono bitartez egiten ditut, eta lehen minutuetan saiatzen naiz argitzen ea hortik aurrerakoa telefonoz bidera daitekeen, edo merezi duen paziente horri esatea: «Etor zaitez ahal duzunean, aurrez aurre begiratuko dugu». Ez da hasierako egoera: etxeko itxialdian, ezinbestean telefonoa sustatu behar zela zirudien. Orain, kalean-eta bagabiltza normaltasun berri honetan, eta horrek erraztu egin du jendea kontsultara etortzea. Nik hori bederen ikasi dut: zer izan daitekeen telefono bidezko kontsulta batean artatzekoa eta zer ez.
Hein batean, telefono bidezko arta areagotzeak ekarriko du zenbait gauza birtualki egiten ez zirenak orain ja birtualki egitea, ezta? Orokortu egingo dira akaso orain hasitako hainbat bide...
Hor ikuskera ezberdinak daude profesionalen artean. Bada sektore bat honi abantaila asko ikusten dizkiona. Aldez aurretik ja telefonoa erabiltzen genuen gauza jakin batzuk egiteko: adibidez, lanetik irten ezin den pertsona bati osasun azterketaren baten emaitzak emateko. Eta aurretik erabiltzen genuena zabaldu egingo da orain. Baina hobeto antolatu behar dugu orain hori. Ez bakarrik medikuok; akordio batera heldu behar dugu. Hitzartu behar dugu egoera berri honetan zer kontsulta egingo ditugun telefonoz, posta elektronikoz edo beste bide birtual batzuetatik eta, adibidez, konfidentzialtasuna nola bermatu halakoetan. Eta argi utzi behar da: kontsulta batzuk beti egin behar dira aurrez aurre.
Koronabirusa. Mikel Baza. Lehen arretako medikua
«Kontsulta birtualek muga handiak dituzte»
Badira emozioak loratzen dituzten kontsultak, eta 'sakratua' adjektiboaz deskribatzen dituzte hainbatek. Bazak ikertua du gaia, eta argi du: izurriak eta ondoriozko arta telematikoak zaildu egin dituzte halakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu