Fernando Fantova. Gizarte aholkularia eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen sailburuorde ohia

«Kontserbadorea izan da legearen aurreikuspen ekonomikoa»

Fantovak azaldu du bitan ordaintzearen ondorioz zerbitzu batzuk merkeagoak direla merkatu pribatuan publikoan baino.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Gizarte Zerbitzuen 2008ko legearen garapena barrutik aztertu du Fernando Fantovak (Bilbo, 1961). Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen sailburuordea izan zen PSE-EEren agintaldian. Ardura publikoak utzi ondoren ere gizarte aholkulari gisa aztertu du gaia, gertutik.

Azken hilabeteetan, Gizarte Zerbitzuen Legearen garapenarekin lotutako hainbat dekretu eta plan onartu dira. Zein da hurrengo pausoa?

Oraindik ere, bi dekretu garrantzitsu falta dira: koordainketarena eta zerbitzu pribatuen itunari dagokiona. Horrez gain, zerbitzu garrantzitsuenek dekretu zehatzak izango dituzte. Gaur egun, instituzio guztiek ikusi behar dute zein den haien zerbitzu eskaintzaren egoera, eta zer falta zaien urte honen amaierarako helburuak lortzeko.

Pausoen artean finantzaketarekin lotutako gaiak aipatu duzu. Alor hori ondo lotuta al dago? Nahikoa berme ba al du?

Zerbitzuen zorroa onartu denean instituzioak saiatu dira kalkuluak ondo egiten. Ordea, gizarte zerbitzuen alorrean ez dago oraindik erabat zehaztuta benetako eskaria. Hau da, gizarteak beharrak izango ditu, baina behar horiek eskari egituratu gisa islatzen diren arte denbora pasatuko da.

Zergatik?

Ez da argi ikusten gizarte zerbitzuen beharra. Hainbat arrazoi daude horren atzean: gure gizarte ereduan familia arduratu ohi da zaintzaz, ekonomia informalak garrantzi handia du... Baina, gizartearen aldaketa ikusi ahala, gizarte zerbitzuen sistema sendotu beharko dugu. Legearen aurreikuspen ekonomikoa oraingo eskarian oinarritu dute. Oro har, ikuspegi kontserbadore batetik egin dute; etorkizunean ikusiko da ea posible den gauza orokorrago bat egitea, sendoagoa.

Aipatu duzu eskubide gisa aitortuta dagoen hori modu informalean eman ohi dela gure gizartean. Legez eskubide izateaz gain, herritarrek sinetsi behar al dute eskubidea dutela?

Azter ditzagun gaur egun oso barneratuak ditugun eskubideak: hezkuntza eta osasuna. Auzo berri batera mugitzean osasun zentroa non dagoen galdetuko duzu, gaixorik zaudenean hara joateko. Gizarte zerbitzuen kasuan ez da hori gertatzen. Ez dugu horien beharrik ikusten. Ez dugu eskubidea direnik ere ikusten.

Adibiderik?

Norbaiten amak istripu bat du. 70 urteko alarguna da, eta, ordura arte, guztiz autonomoa zen. Ordea, ezbeharraren ondorioz, zailtasunak ditu bakarrik bizitzeko. Halako kasuetan, ez zaigu natural egiten gizarte zerbitzuetara jotzea. Pertsona baten bila hasten gara. Gizarte zerbitzuak beste batzuentzat direla uste dugu: behar egoeran daudenentzat, bazterkeria pairatzen dutenentzat... Hori aldatuko da denborarekin.

Legeak aitortzen dituen zerbitzuak zaharkituta gera ez daitezen, bi urtean behin berrikusi beharko dira, legearen beraren arabera. Ordea, luze jo du oinarria onartzeak. Zerbitzuen zorroa fosilizatuta geratzeko arriskurik ba al dago?

Hor arazo bat dago. Ez gara gai izan dekretua arin onartzeko. Legearen arabera, zorroaren dekretuak duela urte batzuk onartua behar zuen. Baikorra naiz, ordea. Oraingo zorroa hutsetik egitea kostatu zaigu, baina, litekeena da aurrera begirako aldaketak azkarrago egitea. Zuzenketak, egokitzapenak, txikiagoak izango dira. Hori espero dut, behintzat.

Zer toki beteko dute hirugarren sektoreko eragileek testuinguru berrian? Itunaren ideia aipatu duzu aurretik...

Hezkuntza sisteman eskola pribatuak ez dira lehiaketa batera aurkezten, haien eskolak kudeatzen jarraitzeko. Itun bat dute, eta hori ez dago kontratuen legearen barruan. Gizarte Zerbitzuen Legean antzeko zerbait aurreikusita dago. Proposatu da aurretik zeuden zerbitzu horiek onartzea, hitzarmen berezi batekin. Zaila izaten ari da giltza aurkitzea, Europako Batasunak asko zaintzen baititu kontratuei buruzko gaiak.

Zerbitzuak bitan ordaintzeko dekretua ere garatzeko dagoela aipatu duzu. Finantzaketa mota horren arriskuez ohartarazi izan duzu. Eskubideak baliatzeko muga izan daiteke?

Osasun zerbitzuen koordainketa txikia da gizarte zerbitzuen aldean. Hori hala izanda ere, dirurik ez izateagatik ordaindutako botika erosteari utzi egin dioten gaixoen kasuak daude. Ondo pentsatu behar da hori guztia. Uler daiteke koordainketa maila bat, baina zenbat baldintza dezake eskubidea kopago horrek? Zenbaterainoko ordainketa partekatua nahi dugu?

Gaur egungo egoera ikusita, asko baldintzatzen al du?

Batzuetan, koordainketa oso txikia da; telelaguntzan, kasurako. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du; hilean lau euro dira, gutxi gorabehera. Baina ez da beti hala. Etxez etxeko zerbitzua, udalerriaren arabera, merkeagoa da kontratatzea merkatu pribatuan zerbitzu publikoa jasotzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.