Sakabanaketaren amaiera. Aurrera begira

Kontsentsuak traben kontra

Espainian kartzelatuta zeuden euskal presoen Euskal Herriratze prozesua amaituta, haiengan eragina duten gainerako salbuespen politikak eteteko lanean jarraitu nahi du Sare Herritarrak.

Gradu erregresioen aurkako mobilizazio bat, urtarrilean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Kapitulu beltz bat itxi da», adierazi du Sare Herritarreko eledun Inaxio Oiartzabalek, Espainiako espetxeetan zeuden euskal presoen Euskal Herriratze prozesuaren amaiera iritsita. Sarek, baina, aspaldi du begia jarria hurrengo pausoetan, eta hala irudikatu zuen urtarrilaren 3an, Etxera lelo berria aurkeztean. Salbuespen politiken amaiera eta legedi arruntaren aplikazioa ditu helburu, eta beharrezkotzat jo du orain arte bat egin duten eragileen arteko elkarlanari eustea.

Ikusi gehiago:DISTANTZIAK ZAILDUTAKO BIZITZAK

Sakabanaketaren amaiera «izugarrizko lorpena» da Oiartzabalentzat. Haren hitzetan, Euskal Herriko «aldarrikapen nagusietako bat» izan da «34 urte iraun duen sufrimendu baten amaiera». Gogoratu du sakabanaketak kostu ekonomiko, fisiko eta psikologiko handiak eragin dizkiela presoen senide eta lagunei; hamasei hildako, tartean.

Halere, ez da normalizazio prozesuaren amaiera; jokaleku berrian, Sarek lehentasunezko helburutzat jo du salbuespen legediak eta hirugarren graduak jasotzeko trabak amaitzea; «gainontzekoei bezala, legedi arrunta aplikatzea». Oiartzabalek gogoratu du presoek legediak ezarritako bideari ekin ziotela, eta, horrek lehen graduak atzean uztea eragin duen arren, aurrera egiteko «oztopoak» direla nagusi.

Euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legediaren oinarri nagusietako bat da 7/2003 Lege Organikoa, eta Sarek esan du lehentasuna dela hura indargabetzea. «Zigorren betetze oso eta eraginkorrerako» lege erreformak zenbait aldaketa egin zituen Espainiako Zigor Kodean, Botere Judizialaren Lege Organikoan eta Espetxeen Lege Organikoan. Eragin zuen «terrorismo delituengatik» zigortutakoen gehienezko espetxealdia 30 urtetik 40ra luzatzea; baita gradu aldaketak eta espetxe baimenak jasotzeko epeak luzatzea ere. Haren arabera, euskal presoek zigorraren erdia bete behar dute hirugarren gradua lortzeko, eta hiru laurdenak baldintzapean aske geratzeko.

Gainera, zigor luzeenak dituzten presoei dagokienez, zenbaketarako zigor urte guztiak hartzen dira kontuan, eta ez gehienezko 40 urteak. «Zentzugabekeria bat», Oiartzabalentzat. Horiek hirugarren gradua lortzeko modu bakarra da epaileek baimena ematea gehienezko zigorraren lau bosten egitean, eta baldintzapeko askatasuna onartzea zazpi zortziren egitean.

Baldintzapeko askatasunak zein hirugarren graduak eskuratzeko baldintzak ere egokitu zituen legeak, eta ezinbestekotzat jo erantzukizun zibila ordaintzea, eta indarkeria baztertu eta biktimei «barkamena» eskatu izana jasotzen duen adierazpen bat edo txosten bat aurkeztea. Izatez, halako adierazpen baten falta da Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hirugarren graduen kontra egiteko erabiltzen duen argudio nagusia, nahiz eta presoen abokatuek behin eta berriz adierazi duten adierazpenak egiteaz gain espetxeetako tratamendu batzordeen aldeko txostenak ere badituztela.

«Zerotik»

7/2014 lege organikoa ere aipatu du Oiartzabalek. «Europako Batasuneko aurrekari penalen informazioen eta ebazpen judizial penalen gogoeten trukaketaren inguruko» legeak dio Espainiak ez dituela kontuan hartuko beste estatu batzuetan betetako zigor urteak «beste estatu kideetako auzitegiek zigor epaia eman aurretik egindako delituengatik» irekita zeuden prozesuen kasuan, nahiz eta delituek oinarri bera izan. Hau da, presoei ez zaizkie kontuan hartzen Frantzian betetako urteak. «Zerotik hasten da».

Biak ala biak «apurtu» beharrekoak direla adierazi du Oiartzabalek, eta gauza bera egin beharko litzatekeela 5/2003 lege organikoarekin ere, nahiz eta hori zailagoa izan: «Epailetza mundua eraikita dagoen moduan, Auzitegi Nazionala ekuaziotik kentzea oso zaila iruditzen zait». Izan ere, 5/2003 legea indarrean sartu zenetik, euskal presoen espetxe egoeraren inguruko erabaki oro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren esku dago, EAEko eta Nafarroako espetxe zaintzako epaitegien eskumenekoa izan beharrean.

Ikusi gehiago:Pozak blaitutako aldarria

Oztopo horiei legediak ezarritako ibilbidea betetzeko zailtasunak batzen zaizkie. Oiartzabalek «oso positibotzat» jo du eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku egotea, baina gogoratu du bigarren graduan daudenen baimen asko «blokeatuta» daudela. Sareko kidearen esanetan, 113 presok egon beharko lukete hirugarren graduan, baina oraingoz 30 progresio inguru onartu dira. Horiek, gainera, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren helegiteak jaso dituzte «sistematikoki», eta hamahiruk espetxera itzuli behar izan dute.

Are gehiago, Auzitegi Gorenaren epai baten ondorioz, orain nahikoa da fiskaltzaren eskaera progresioa behin-behinean eteteko. «Gerta daiteke preso bat ateratzea, eta bi egunera espetxera itzultzea», esan du Oiartzabalek. Horrek guztiak presoen gizarteratzeari kalte egiten diola azaldu du: «Normaltasunera bueltatzea edo lan aukeretara murgiltzea pentsaezina da. Psikologikoki oso gogorra da; ezin duzu zure bizitza proiektua planteatu».

Hori guztia «erabaki politikoek baldintzatzen dute», arduradun politiko zein judizialen jarrerak «lagungarri» edo «oztopo» izan baitaitezke prozesuan. «Oztopo direnei» erreparatuta, Oiartzabalek Madrilgo eskuineko politikari, hedabide, judikaturako kide eta eragileek osatutako «lobby handi bat» aipatu du: «Iraganari eusten ari dira, eta jarrera horretatik zangotrabatu ditzakete normaltasunerako erabakiak».

Haiei, baina, beste batzuk batu zaizkie azken asteetan, Euskal Herrian bertan, Oiartzabalen esanetan. Salatu du horiek Sareren lelo aldaketa baliatu dutela plataformaren kontra egiteko: «Nabaria zen ez dituztela gure dokumentuak irakurri, edo, irakurri bai, baina kontrako jarrera bat sortu nahi izan dutela».

Horiek guztiak ikusita, lanean jarraitzeko deia egin du Sareko kideak, orain arteko kontsentsua mantendu dadin. Are gehiago hauteskunde urtea izanda. «Kontsentsu horretan gaudenok batera lan egiten ez badugu, errazago izango dute atzera egitea».

Fronte gehiago

Badira oraindik Euskal Herriratu gabeko beste hamahiru preso, Frantziako espetxeetan. «Ikusteko dago Espainiaratuko ote dituzten, eta Espainiaratzen badituzte zer gertatuko den», adierazi du Oiartzabalek. Eman daitezkeen aurrerapausoak, baina, ez daude oso argi. «Kasu bakoitza aztertu behar da. Uste dugu urratsak egiteko aukera egongo dela».

Konponbide bat behar duen beste afera iheslariena da. Oiartzabalen esanetan, haiei ezarri zaizkie zigor luzeenak, espetxean ez badaude ere, etxera itzultzeko aukera galarazi zaielako urte luzez. Auzitegi Nazionalak jarrera aldatzea beharrezkoa dela uste du, iheslari bakoitzaren egoera zein den zehaztea posible izan dadin. Izan ere, «zail» ikusten du erabaki komunak eta pauso orokortuak ematea. «Bakoitzak bere egoera propioa du».

Ikusi gehiago:Jaurlaritza: «Sakabanaketaren amaiera kapitulu baten itxiera da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.