EUSKARA

Kontseiluarentzat «ulertezina» da PSNk hizkuntzen ofizialtasuna ezartzeko mozioaren aurka bozkatzea

Espainiako Kongresuak, tartean PSOE ere bai, martxoan onartutako puntuak biltzen zituen mozioaren kontra egin zuen, atzo, Nafarroako Parlamentuan.

Bultzatzaileak Espainiako Kongresuaren aurrean, joan den martxoan. BERRIA
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 28a
11:59
Entzun

Hizkuntza gutxituen aldeko eragileek bultzatuta, hizkuntza gutxituak babesteko legez besteko proposamen bat eztabaidatu eta bozkatu zuten, joan den martxoan, Espainiako Kongresuan. Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Linguistica, Accio Cultural del Pais Valenciá, Ciemen, Omnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseiluak adostutako testua ez zuten osotasunean bozkatu, puntuka baizik, eta zazpi neurritatik hiru onartu zituen ganberak, tartean hizkuntzen ofizialtasunaren aldekoa. PSOEk puntu hori babestu zuen. Madrilen onartutakoak biltzen dituen mozioa eztabaidagai izan zuten, atzo, Nafarroako Parlamentuan, eta PSNk kontra bozkatu zuen. Kontseiluko idazkari nagusi Pau Bilbaok ohar batean nabarmendu du «ulertezina» dela PSNren erabakia. «Oraindik ez dugu ulertzen zer gertatu den testuarekin Madrildik Iruñerako bidean. Atzo Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako testua Madrilen onartutakoaren berdin-berdina izan zen».

EH Bilduk, Geroa Baik, Nafarroako Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak sustatu zuten mozioa. «Abstenitzea ere bazuen, baina ezezko biribila ematea erabaki zuen», kritikatu du Kontseiluako idazkari nagusiak. Gogoratu du, bide batez, ez zutela «zalantzarik» pentsatzerakoan testu horiek erkidegoetako parlamentuetara helduz gero «babes bera» jasoko zutela.

Kontseiluarentzat, Madrilen onartutako puntuetako bat «zuzen-zuzenean» lotzen zaio Nafarroako errealitateari. Hau da puntu hori: «Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu- erreformak bultza eta babes ditzala, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan». «Oso argi geratu zen lurraldearen zati batez ari garenean, besteak beste, Nafarroaz ari garela, eta horrexegatik erabaki genuen testua horrela idaztea. Hartara, Madrilen bozkatu zutenean ere, bazekiten zein ondorio zekarren puntu horrek», adierazi du Bilbaok.

Hizkuntza gutxituen aldeko gizarte eragileek ordua eskatua dute Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministroarekin Kongresuak onartutako legez besteko proposamenean jasotakoa nola exekutatuko duen galdetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.