euskararen normalizazioa

Kontseiluaren iduriko, euskararen normalizazioa bermatzeko "ausartagoa" izan beharko luke Ibarretxeren Planak

Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren (Ibarretxeren Planaren) behin betiko testua onetsi zuen herenegun Eusko Legebiltzarrak, eta zuzenketak eztabaidatzerakoan onerako aldaketak egin badira ere, testu horrek ez duela euskararen normalizazioa bermatzen iritzi dio Kontseiluak. Proposamen "ausartago eta eraginkorragoa" behar dela nabarmendu du.

2004ko abenduaren 22a
16:13
Entzun
Kontseiluaren ustez "testu ausartago eta eraginkorragoa behar da euskararen normalizazio osoa lortzeko eta hizkuntz eskubideak babesteko".

Hala ere, zuzenketen eztabaida prozesuan onerako aldaketak egin direla aitortu du Joan Mari Larrarte Kontseiluko lehendakariak, baina ez direla nahikoa. "Onartutako testuak hizkuntz eskubideen errespetuarren kontzeptua jasotzen du; bide onean egindako aldaketak diren arren, ez dira nahikoa" azaldu du. "Hizkuntz eskubideen errespetuaz hitz egiten du testuak, eta aurrerapauso handia den arren, ez da aipatzen horiek bermatzeko ze neurri zehatz hartuko diren", erantsi du.

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez, hizkuntz eskubideen kontzeptua jasotzearekin batera beharrezkoak dira beste neurri batzuk ere euskararen normalizazio osoa lortzeko: euskal herritar guztiek izan behar dute euskara ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea. Horrela, Administrazioak belaunaldi berriak euskaldunak izango direla ziurtatuko duen hezkuntza sistema antolatuko du eta bitartekoak jarriko ditu euskara ez dakiten herritarrek lehenbailen ikas dezaten. Epe eta helburu zehatzak izango dituen hizkuntz politika eta corpus juridikoa behar dira; egungo egoera diglosikoak sortzen duen desoreka soziala gainditzeko balioko du.

Kontseiluak eskatu die Estatutu Berriaren Proposamena eztabaidatu eta bozkatuko duten parlamentari guztiei aintzat har ditzatela Kontseiluak behin eta berriz egindako proposamenak.

PSE-EEren proposamenean hizkuntz politikako ekimenik ez

Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren behin betiko testua ez ezik,PSE-EEren Gernikako Estatutua aldatzeko proposamena ere aztertu du Kontseiluak. Ekimen horrek ez duela hizkuntz eskubideen, euskara ezagutzeko betebeharraren edota hizkuntz politika baten premiarik aipatzen nabarmendu du Kontseiluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.