EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia. Euskalgintzaren iritzia

Kontseiluak uste du hizkuntz eskakizunen epaia «politikoa» dela

«Larritzat» jo du EAEko Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi izana Irungo Udalaren euskara eskakizuna, eta «batasunaren bidetik» erantzutera deitu du. Larunbatean elkarretaratze bat egingo dute, Bilbon

Paul Bilbao idazkari nagusia, Kontseilua osatzen duten eragileen ordezkariekin batera, atzo, Bilbon. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren Kontseiluak uste du Irungo Udalaren euskara eskakizunak baliogabetzeko erabakiak ez duela oinarri juridikorik,eta EAEko Auzitegi Nagusiak plazaratutakoa ez dela epai juridiko hutsa, «erabaki politikoa» baizik. Hala azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, euskalgintzaren eragile nagusien ordezkariekin batera Bilbon egindako agerraldi batean. Gainera, zenbait ekinbide iragarri dituzte epaiari «batasunaren bidetik» eta «elkarrekin» erantzuteko: besteak beste, datorren larunbatean Bilbon egitekoa den elkarretaratze bat.

Irungo Udalak euskara eskakizun batzuk ezarri zituen Udaltzaingo zerbitzuan bete behar dituen hamabi lanpostuetarako, baina helegitea jarri zioten, eta, joan den astean, EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen aipatutako helegitea, eta, hortaz, eskakizunak bertan behera utzi zituen, «diskriminatzaileak» zirelakoan.

Epaiak haserrea piztu zuen euskalgintzan, eta joan den astean bertan Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak horren inguruko iritzia eman zuten. Erakunde publikoek ere harrituta hartu zuten epaia: Irungo Udalak iragarri zuen helegitea jarriko duela erabaki horren kontra; Eusko Jaurlaritzak, Irungo Udalaren helegitea babesteaz gain, hizkuntz eskakizunak legea betetzen duela berretsi zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak «desadostasun irmoa» azaldu zuen.

Auzia «larria» dela iritzita, beste urrats bat egitea erabaki du Kontseiluak, eta hedabideen aurrean agertu da, Kontseilua osatzen duten eragile ugarien zenbait ordezkarirekin agertu ere. Han izan dira AEK, BERRIA, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, Emun, Euskal Herrian Euskaraz, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEU, Uema, Eusko Ikaskuntza, OEE eta beste zenbait elkarteren ordezkariak ere.

Jurisprudentzia «baztertu»

Paul Bilbaok esan duenez, ebazpenaren oinarria ez da juridikoa, «politikoa» baizik: «Magistratuek epaia idatzi zuten, eta, ondoren, epai hori justifikatzen saiatu dira. Horretarako, estrategia batzuk baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, eta hizkuntza eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin». Horrela jokatuta, berez udalen eskumenekoa den esparru bat bere gain hartu nahi izan du EAEko Auzitegi Nagusiak, Bilbaok azaldu duenez.

Kontseiluaren iritziz, Irungo Udalak «arazo bat» dauka orain: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia beteko balu, legea urratuko luke. «Ongi legoke Udalak magistratuei betearazpen intzidentea eskatzea, epaia legea urratu gabe nola aplikatu behar duen jakiteko», erantsi du Bilbaok.

Edonola ere, Kontseilua osatzen duten elkarteek ez dute uste EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia salbuespena denik, azken urteetan epaitegietan nagusitzen ari den joera baten «beste katebegi bat» baizik: «Ikusten ari gara epaitegi eta auzitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak», esan du Bilbaok, eta, batez ere, Nafarroako Justizia Auzitegia eta Espainiako Auzitegi Gorena aipatu ditu.

Horrela jokatuta, legeriak euskararen berreskuratzerako uzten dituen zirrikitu eta aukerak «epaien bidez» ixten ari direla pentsatzen du Kontseiluak. «Auzitegiak eragile aktibo bihurtu dira hizkuntza politiketan», azaldu du Bilbaok; «legeak egiten ez duena jurisprudentziaren bidez eraikitzen ari dira».

Euskalgintzako eragileek uste dute «batasunaren bidetik» erantzun behar zaiola epaiari: «Ez da bidezkoa, ezta zilegizkoa ere, komunitatea euskaraz bizitzeko egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea. Unea iritsi da guztiok batera erantzuteko».

Kontseiluaren aburuz, horrelako epaiak «traba» eta «galga» besterik ez dira euskara berreskuratzeko prozesuan, eta «esku hartze» horiek bertan behera uzteko modurik eraginkorrena «batasunez eta bateratasunez» erantzutea delakoan dago.

Babesa Irungo Udalari

Kontseiluak zenbait ekinbide iragarri ditu, den-denak «batasunaren bide horretatik» aurrera egiteko pentsatuak. Esaterako, Irungo Udalarekin harremanetan jarri dira, eta, helegitea aurkezteko erabakian «babesa» eskaintzeaz gain, «laguntzailekide gisa jarduteko prestasuna» ere agertu diete, legeak horretarako ematen duen aukera baliatuta.

Bestalde, eragile politiko eta sindikalei dei egin diete ostegun arratsaldean egingo den bilkura baterako, epaiari erantzun bateratua emateko aukerak aztertzeko helburuz.

Azkenik, herritarrei ere desadostasuna agertzeko aukera eman nahi die Kontseiluak, eta, horregatik, datorren larunbatean, elkarretaratze bat egingo dute eguerdian, EAEko Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzaren aurrean.

Bilbaok nabarmendu du Kontseilua osatzen duten elkarteek egiten dutela elkarretaratzerako deia, baina espero dutela eragile gehiagok bat egitea, ostegunean egitekoa den bileraren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.